Biurtekoaren hirugarren eguna martxan da, eta enplegu eta talentua izango dira gaurko protagonista nagusiak. Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuaren agendak ematen ditu horri loturiko zenbait pista. Izan ere, Lanbidek antolaturiko enpresa topaketan hitz egingo du goizeko 9:00etan eta 12:00etan Workinn Talent Biurtekoko enplegu azokari hasiera emango dio. Azken horretan 30 enpresaren 350 enplegu industrial baino gehiago eskainiko dira.
Beste hitzordu garrantzitsua arratsaldean izango da, BIEMH Fest delakoa. Azkuna Zentroan egingo da aurten lehen aldiz, eta musika talde baten emanaldia eta pintxo-pote dastaketa izango ditu. Azoka esparru formaletik harago eramateko BECek eginiko apustua da festa hori, baita Bilboko herritarrengana azoka eramateko modu bat ere.