Erosketa eskaintza bakarra jaso du Papresak

CL Grupok orain aste batzuk eginiko eskaintza da mahai gainean dagoena, zeinak lantaldearen %72ri eutsiko liokeen. Atzo arratsaldean amaitu zen eskaintzak aurkezteko epea

Papresako langileen protesta bat | Argazkia: LAB sindikatua
Papresako langileen protesta bat | Argazkia: LAB sindikatua
2026ko maiatzaren 19a - 14:29
Eg. 2026ko maiatzaren 19a - 17:02

Hartzekodunen konkurtsoan da Errenteriako Papresa eta atzora arte paper fabrika erosteko eskaintzak egin zitezkeen. Epe hori amaituta, Mikel Jauregi Jaurlaritzako industria sailburuak gaur jakinarazi du eskaintza bakarra izan dela, CL Grupo talde espainiarrak egindakoa, hain zuzen.

 

Jauregik azaldu du prozesuan interesdun gehiago izan direla, tartean Euskal Herriko enpresa batzuk, baina azkenean ez dutela eskaintzarik egin. Valentziako Hinojosa Packaging enpresak ere aztertu zuen papertegia erostea, baina hark ere ez du eskaintzarik taularatu.

CL Grupo Industrialek orain aste batzuk iragarri zituen bere eskaintzaren xehetasunak: 148 langile mantenduko lituzke, egungo lantaldearen %72, eta prentsa papera eta ontziratze jarduerari eutsiko lieke.

 

Gauzak horrela, Jaurlaritza prest azaldu da erosketa prozesuan laguntzeko, betiere CL Groupek aurkezten duen proiektua "sendoa" bada eta "kalitatezko enplegua" bermatzen badu.

Donostiako merkataritza arloko epaitegiaren esku dago hartzekodunen konkurtsoa, eta apirilaren amaieratik PKF Attest abokatu bulegoa da paper fabrikaren administratzailea. Papresak 70 milioi euro inguruko zorra izateak nabarmen baldintzatu du erosketa prozesuaren negoziazioa. Kontuan hartu behar da CL Grupok lehenago ere, hartzekodunen konkurtsoan sartu aurretik, aurkeztu zuela papertegia erosteko proposamen bat, eta, orduan, lantaldearen erdia kaleratzea eskatu zuen, ehun langile baino gehiago.

Langileek mobilizazioak eta lanuzteak egin dituzte azken asteetan, eta mesfidantzaz begiratzen diote CLk abiatutako erosketa prozesuari. Orain, konkurtso administratzaileak konpainiaren bideragarritasunari lotutako azterketa tekniko eta ekonomikoa egin beharko du, eta, ondoren, langile batzordeak bere analisia plazaratuko du. Horren ostean lantaldeak bozkatzeko txanda izango da.