Erronka demografikoa eta kultura berrien beharra izan dira Adegiko Batzarraren protagonistak

Batzarrean gogoan izan dute José María Ruiz Urchegui Adegiko idazkari orokorra izandakoa, apirilean zendutakoa

Ternua Groupek jaso du Garapen Jasangarriko Enpresaren saria| Argazkia: TernuaGroup Ternua Groupek jaso du Garapen Jasangarriko Enpresaren saria| Argazkia: TernuaGroup

Gipuzkoako enpresaburu nagusiak bildu ditu gaur goizean Adegiko Batzar Nagusiak, Fabrika enpresen kultura aldaketarako zentroan. Iazko emaitzak aurkezteko paradaz harago, "zalantzak, lorturikoak eta desirak" partekatzeko espazioa izan dela nabarmendu du Eduardo Junkera Adegiko presidenteak. Enpresek gizartean egiten duten ekarpena plazaratzeaz harago, erronkei aurre egiteko "dimentsioa izatea" ezinbestekotzat jo du Junkerak bere diskurtsoan, eta "erretiro handia" erronka nagusitzat jo du.

Iñigo Urkullu Lehendakariak erronken aurrean "kultura berria" beharko dela adierazi du, eta enpresa "proiektu partekatu" gisa ulertzea ezinbestekoa dela. Jardunaldia probestu du, era berean, iragartzeko asteartean onartuko duela Jaurlaritzak Finantzen Euskal Institutuko lege berria.

Jardunaldian parte hartu du, halaber, Xabier Marcet Berrikuntza Estrategikoko Aholkulariak, haren esku izan baita hitzaldi nagusia. Marcetek nabarmendu du berrikuntzaren esparruan beharrezkoa dela norbere bezeroen "pauso erdi aurretik" joatea, ez gehiago, ez gutxiago, enpresak aurrera jarrai dezan. Gainera, adimen artifizialaren garaian pentsamenduak jokatuko duen rol garrantzitsuaz ere aritu da. Umore puntua, baina, Oscar Terol umoristak jarri du, monologo baten bitartez erronka demografikoan fokua jarrita.

Ternua Group, Irisbond eta Spanset sarituak

Enpresaren Egunaren testuinguruan, urteroko Adegiren sariak banatu ditu Gipuzkoako enpresa elkarteak. Ternua Group izan da Garapen Jasangarriko Enpresaren Adegi Saria jaso duena, iraunkortasunaren aldeko apustu argi, zehatz eta ukigarria egin izanagatik, bai maila estrategikoan, eta baita operatiboan ere. Saria "bultzada" dela nabarmendu du Jokin Umerez gerenteak, eta zer egiten den bezain garrantzitsu "nola egiten den" bezain garrantzitsua dela berresteko.

Gipuzkoako Enpresa Berriaren Adegi Saria Irisbondek jaso du, begiradaren jarraipenaren bitartez komunikaziorako arazoak izan ditzaketen pertsonei laguntzeko teknologia garatzen duen enpresa donostiarrak. Aitorpen honek hamar urte baino gutxiagoko enpresa berria saritzen du, azken urtean gehien nabarmendu dena izateagatik. Eduardo Jauregi zuzendariak gogorarazi duenez, mundu mailako biztanleriaren herenak behar du gutxi gora behera nolabaiteko teknologia asistentziala, eta zifra hori areagotuz joango da. "Giza eskubideak bermatzeaz ari gara, beraz", aldarrikatu du. Euren teknologiarekin begiradaren bitartez gaixotasun neurodegeneratiboak diagnostikatzeko helburua izan nahi du enpresak etorkizunean.

Azkenik, Spanset segurtasun produktuez arduratzen den Villabonako enpresa izan da Kultura-trantsizioaren Adegi Saria eskuratu duena, pertsonen kudeaketaren esparruan bultzatutako eraldaketagatik. Adegiren arabera, sari honek berebiziko garrantzia du aurtengo edizioan, Fabrika eraikina sortu zenetik egiten den lehen sari banaketa delako. Spanseteko zuzendari nagusi Maite Zubillagak emozioz jaso du saria, enpresaren ardura hartu zuenean egoera zailean zegoela gogoratuta. "Pertsonak erdigunean jartzen dituen kudeaketaren garrantzia" nabarmendu du Zubillagak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK