Gasteizko lorezainek sei hilabete egin dituzte greban

Arratsaldeko 18:30ean manifestazioa egingo dute

Argazkia: ELA sindikatua
Argazkia: ELA sindikatua
2025eko irailaren 26a - 09:42

Sei hilabete bete ditu gaur Gasteizko lorezainen greba mugagabeak, eta egoerak ez aurrera ez atzera jarraitzen du. Enviser enpresako enplegatuek hitzarmen propioa eskatzen dute, lan baldintzak hobetu nahian, besteak beste, soldata igoerak eta arriskuengatik plusak. Enpresak proposamen batzuk egin dituen arren (%3 inguruko soldata igoera datozen bi urteetara begira), sindikatuek argi dute ez dela nahikoa.

 

Aldi berean, gaur bi aste dira lorezainek haien aldeko 5.098 sinadura aurkeztu zituztela udalean. “Udalaren inplikazio erreala” eskatu zuten langileek sinadura bilketarekin, eta gaineratu zuten biztanleek erakutsitako babesak “indarra ematen” ziela borrokan jarraitzeko.

Gaur arratsaldeko 18:30ean manifestazioa egingo dutela iragarri dute lorezainek, eta dei egin diete biztanleei “borroka justuaren” alde babesa erakustera.