Urteko lehen bederatzi hilabeteetan irabaziak handitu ditu Iberdrolak. Zehazki, 5.816,1 milioi euroko mozkin garbiak izan ditu; horrek esan nahi du iaz baino %9,6 gehiago irabazi duela konpainiak. Enpresak berak adierazi duenez, irabazien gorakada Iberdrolak Mexikon duen negozioa Cox-i saltzearen ondorio da, 953 milioi euroko gainbalio garbiak bultzatuta hain zuzen ere.
Enpresaren etekin gordin doitua %8,8. handitu da iazko epe beraren aldean, 5.140,5 milioi eurokoa izan baita. Era berean, 1.890,6 milioi euroko Ebitdarekin amaitu du iraila konpainiak, urte arteko %7,5eko igoerarekin. Urtarriletik irailera bitartean izandako guztizko diru-sarrera ere iaz baino %8 altuagoa izan da aurten, 34.405 miliioi euro eskuratu baititu konpainia elektrikoak.
Gauzak horrela, Ignacio Sánchez Galán buru duen enpresak 2026rako aurreikusitako zenbatekoak gaindituko ditu, eta irabazi gordin doituan %10eko hazkundea izango duela kalkulatu du. Hala, iaz irabazietan izan zuen errekorra (6.231 milioi euro) gaindituko luke aurten ere, 6.900 milioi euroetara iritsita.
Inbertsioei dagokienez, Iberdrolak 10.087 milioi euroko inbertsioak egin ditu 2026ko lehen bederatzi hilabeteetan, aurreko urteko epe berean baino %13 gehiago. Diru horren %62 sare elektrikoak garatzeko erabili du, 6.277 milioi euro guztira, arlo horretako inbertsioak %28 handitu ondoren. Konpainiak Erresuma Batuan, AEBetan eta Brasilen kontzentratu ditu inbertsioen ia %75. Hazkunde estrategiko horrekin batera, datozen urteetarako helburuak ere ezarri ditu: 2030erako 15.000 megawatteko potentzia berria instalatzea eta urte horretan 10.000 milioi eurotik gorako irabazi garbi doituak lortzea. Bestalde, azken hamabi hilabeteetan 4.500 langile baino gehiago kontratatu dituela jakinarazi du, eta 23.000 milioi euroko likidezia duela adierazi du, finantzaketa-beharrak 20 hilabetez estaltzeko adina.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta