Sevillako (Espainia) Ayesa enpresak bere dibisio teknologikoaren salmentan beste pauso bat eman du. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak, BBK Fundazioak eta Kutxabankek (Indar funtsaren bitartez) osaturiko partzuergoarekin esklusibitate akordioa sinatu zuen atzo, nazioarteko hainbat inbertsio funtsek eginiko eskaintza baztertuta. Momentuz lehen pausoa da negoziazio lanak hasi eta salerosketa kontratua sinatzeko bidean.
Dibisio horren baitan dago Ibermática, duela hiru urte erakunde andaluziarrak erosi zuen enpresa euskalduna. Gaur astebete EnpresaBIDEAk antolaturiko Ekin eta Egin topaketaren testuinguruan iragarri zuen Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuak eskaintza aurkeztu zutela, Finkatuz funtsaren bitartez, eta BBK Fundazioarekin eta Kutxabankekin batera, azken horien Indar funtsetik. Izan ere, Ibermáticaren errotzea bermatzea gako ikusi dute hiru entitateek, eta lasaitasun mezua helarazi nahi izan zuen Jauregik, besteak beste, Ayesak 2.000 langile inguru dituelako Euskal Herrian.
Jauregik gaur goizean baieztatu du Ayesaren dibisio teknologikoa erosiko duela euskal partzuergoak, Ibermaticak Donostian eta Zamudion dituen egoitzak barne. Adierazi duenez, Ayesan integratutako Ibermaticaren zatia baino "handiagoa" da Jaurlaritza, BBK eta Kutxabank eskuratzen ari direna, Ayesa IT baita erosiko dutena, "arrakasta handiko negozioa, Manzanares Abasoloren gidaritzapean izan dena". José Luis Manzanares Abasolo lehengo Ibermaticaren %30aren jabe da, eta Industria sailburuak argitu duenez, harremanetan izan da Jaurlaritzarekin.
Nolanahi ere, negoziazioan urte amaierara arte "esklusibotasuna" dutela argitu du Jauregik, eta espero du urtea amaitu aurretik akordioa erabat ixtea. Konpainiaren egoitza non izango den ez du jakinarazi.
Talgoren erosketa, San Tomas eguna aurretik
Talgoren erosketari buruz galdetuta, Jauregik adierazi du "euskal kuadrillak" San Tomas eguna baino lehenago itxiko duela eragiketa, erosketa "azken txanpan" baitag. Talgoko akziodunek ezohiko batzarra egingo dute abenduaren 12an eta bertan konpainiaren finantzazio plan berria zehaztu behar dute. Behin hori burututa, erosketa burutzea aurreikusten du sailburuak.
Zehaztu duenez, eragiketak 150 milioi euroko inbertsioa izango du denera, horietatik 75 milioi Jaurlaritzak, Sidenorrek, BBKk eta Vitalek jarriko dituzte eta beste 75 milioi SEPIk.
Pasaiako portuaren transferentzia
Pasaiako (Gipuzkoa) portuaren etorkizunari buruz ere hitz egin du sailburuak, Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE-EE ez baitaude ados interes orokorreko portu gisa desklasifikatzeari dagokionez. Interes orokorreko portua da Espainiako Estatuarentzat Gipuzkoako azpiegitura, baina izendapen hori kendu nahi diote EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Ahal Duguk, eskumenen transferentzia EAEra ekartzeko. Jauregiren iritziz, ez zaio "egur gehiago" bota behar "joko politikoari", horrek ez baitie laguntzen "inbertitu dutenei, ezta bere jardueraren menpe daudenei ere".
Ildo horretan, sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza "Pasaiako industria-plana" lantzen ari dela, eskumenen lekualdatzea gauzatzeko.