Hamabost egun besterik ez dira geratzen ITP Aeroren erosketa itxi ahal izateko, eta Eusko Jaurlaritza Bain Capital nazioarteko funtsarekin negoziatzen dabil dirua jartzeko kondizioak. Arantxa Tapia Ekonomia Sustapeneko, Jasangarritasunerako eta Ingurumenerako sailburuak adierazi duenez, eurek eskatutakoak "logikoak" dira, alegia, konpainia bertan mantendu eta garatzea, tokiko hornitzaileekin lan egitea, eta berrikuntza bertan mantentzea. Prezioa dagoeneko itxita dagoenez, "hori ezin da negoziatu", azpimarratu du Tapiak Hegan Aeronautikako klusterraren Batzar Nagusiaren testuinguruan egindako adierzazpenetan. Hala ere, "Zentzuzkoak" izanik ere, negoziazioa ez da oraindik itxi. "Ez da erraza", nabarmendu du sailburuak, baina oraindik "garaiz" daudela esan du, nahiz eta honi buruzko beste "aurreratu ezin duela" azaldu.
Irailean iragarri zen Rolls Royce egungo ITP Aeroko jabeak 1.700 euroren truke salduko zuela enpresa. Horrekin batera iragarri ziren bazkide berriak: Bain Capital —nagusia, kapitalaren % 70 jarriko zuena—, SAPA eta JB Capital —azken bien artean % 15 jarriko dute—. Oraindik ere ikusteko dago nork jarriko duen falta den %15. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritza izan daiteke horietako bat, negoziazioak aurrera egiten badu. Indra izan daiteke bestea, duela zenbait aste zabaldu bezala. Horretarako gakoa izango da datorren asteko Akziodunen Batzarra, non erabakiko den SAPAko Jokin Aperribay kontseilari egiten duten, eta Espainiako Industria Partaidetzarako Estatuko Sozietateak hirugarren kontseilari bat izango duen. Hori gertatzea gakoa izango da ikusteko ea Indrak azkenean erosketa gauzatzeko dirua jartzen duen edo ez.
Erosketarekin Eusko Jaurlaritzak ITP Aeroko administrazio kontseiluan tokia eduki, eta erabakietan boterea izatea lortu nahi du, besteak beste EAEn errotuko dela bermatzeko.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta