• ENPRESAK GAUR
  • Javier Loroño (Lointek):  “Nazioartean hedatu arren, sustraiak hemen izatea funtsezkoa izan da"

Javier Loroño (Lointek):  “Nazioartean hedatu arren, sustraiak hemen izatea funtsezkoa izan da"

Loroño anaiek sortutako enpresak nazioartean egiten ditu salmenten %90, baina ez dira Urdulizetik atera

Javier Loroño | Argazkia: utzitakoa
Javier Loroño | Argazkia: utzitakoa
2026ko ekainaren 15a - 05:30

Lointek ingeniaritza enpresak 30 urte bete berri ditu. Serafín (sortzailea eta zuzendari exekutiboa), Javier (zuzendari exekutiboa) eta José Antonio Loroño anaiek gidatutako enpresa Urdulizen kokatu zen aspaldi, eta ez dio hazteari utzi orduz geroztik. Berriki, haren laguntzarekin sortu dute Erresuma Batuko iraupen luzeko energia-biltegiratze planta handiena, aire likidozkoa. Munduko liderra den Highview enpresarentzat garatutako sistema termikoak datozen asteetan entregatuko ditu Lointekek. Energia berriztagarria epe luzeetan biltegiratzea ahalbidetuko du plantak, airea tenperatura oso baxuetan hoztuz eta likido bihurtuz. 2027an hasiko da lanean azpiegitura, eta 50 urtetik gorako bizitza erabilgarriarekin diseinatu da. LAES (Liquid Air Energy Storage) teknologiari esker, energia berriztagarria denbora luzez biltegiratu ahalko da. 

 
Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

1996an jaio zineten. Pixka bat atzera begiratuta, zeintzuk izan dira enpresarentzat une erabakigarrienak?

Momentu erabakigarriak… bada, momentu erabakigarri batzuk izan dira, ezta? Baina, bueno, nik bi nabarmenduko nituzke. Bata, enpresaren bilakaera osoa markatu zuena, Mecánica de la Peña enpresa konkurtsoan sartzea, guretzat bezero garrantzitsua izan zelako. Eta bigarrena, Urdulizeko instalazioekin hasi genuen proiektua eta enpresa berrabiaraztea ekarri zuena. Nik uste bi puntu horiek izan direla gure bidea markatu duten faktore nagusiak.


Eta 30 urte hauetan, zein izan dira enpresaren barruan mantendu dituzuen balioak?

Beti bilatu dugu jende konprometitua. Konprometitua, eta, gainera, ahaleginaren kultura edo espiritu jakin bat duena, talentua izateaz gain, noski. Bestetik, beti mantendu dugu sustraitze sendo bat Bizkaiarekin. Garai batean, nazioarteratzea modan zegoenean, enpresa kanpora eramateko proposamenak ere izan genituen, baina sustraitze hori beti mantendu dugu. Nazioartean hedatu garen arren, sustraiak hemen ondo lotuta izatea funtsezkoa izan da, eta hemendik abiatu gara gainerako erronkei aurre egiteko. Ahaleginaren kulturatik dator hori.

Eta zer izan da zailena: haztea, nazioartekotzea ala sektorean lehiakor mantentzea?

Gure sektorea ziurrenik globalizazioa lehenengo bizi izan zutenetako bat izan da. Gure hazkundea eta nazioartekotzea batera joan dira; bata bestea gabe ezinezkoa da. Beti saiatu gara hazten eta merkatuak dibertsifikatzen, bai produktuen aldetik, bai geografikoki, eta hori guztia merkatuarekin lotuta joan da.

 

"Garai batean, nazioarteratzea modan zegoenean, enpresa kanpora eramateko proposamenak ere izan genituen, baina sustraitze hori beti mantendu dugu"

Beraz, enpresarentzat funtsezkoa da nazioartekotzea, ezta?

Bai, bai. Kontuan hartu behar da urtearen arabera, normalean, gure fakturazioaren %90etik gora kanpoko merkatuetatik datorrela. Eta modu grafiko batean esateko, batzuetan bilerak egiteko aretoek Nazio Batuen Erakundea dirudite: hizkuntza asko entzuten dira eta jende oso ezberdina ikusten da. Nazioartekotzea hasieratik izan da ezinbestekoa. 

Hala ere, beti mantendu duzue diseinu, ingeniaritza eta fabrikazio zentroa Urdulizen. Zergatik izan da garrantzitsua zuentzat Bizkaian geratzea?

Enpresa familiarra gara, hiru anaia gara, hemengoak, hemen bizi gara eta hemen jarraitu nahi dugu. Norberak bere balioak, sustraiak eta lurraldearekiko maitasuna ditu. Bizitza hemen egin nahi dugu, bai gurea, bai etorkizunean etorriko direnena. Beraz, ez da zalantzan jartzen: hemengoak gara eta hemen bizi nahi dugu.

Lointek | Argazkia: utzitakoa
Lointek | Argazkia: utzitakoa


Eta hemen egonda, posible da edo zaila da beste herrialde batzuekin lehiatzea, lan-kostu txikiagoak dituztenekin?

Bai, noski. Asiako herrialdeetan, adibidez, lan-kostuak eta oro har kostuak askoz txikiagoak dira. Horri aurre egiteko modua ez da prezioetan lehiatzea, baizik eta ezagutzan sakontzea. Produktua garatzea, maila teknikoan gora egitea, produktu espezializatuagoak eta konplexuagoak sortzea, eta horrek ezagutza handiagoa eskatzen du.

Hori da lehiatzeko modu bakarra: ezagutzan gora egitea. Soldata edo kostuetan ezin dugu lehiatu. Horrela jokatu ez bagenu, aspaldi desagertuta egongo ginen. Gure produktuen garapen teknikoa, bai diseinuan, bai fabrikazioan, izugarria izan da. Gaur egun munduko gauzarik aurreratuenetan gaude, eta helburua ez da soilik mantentzea, baizik eta lider izatea merkatu-kuota mantentzeko.

Erresuma Batuko epe luzeko aire likido bidezko energia biltegiratze planta handienean parte hartuko duzue. Proiektu horri buruz hitz egin al dezakezu?

Bai. Aurreko hamarkadan, energia berriztagarrien arloan protagonismo handia izan genuen, batez ere eguzki termikoaren zentraletan. Zentral horien %70ean baino gehiagotan parte hartu genuen, bai lurruna sortzeko sistemak diseinatzen eta fabrikatzen, bai zenbaitetan biltegiratze sistemetan ere. Horrek ezagutza oso garrantzitsua eman digu. Energia berriztagarrien erronka nagusietako bat erabilgarritasuna da: haizea dagoenean edo eguzkia dagoenean bakarrik sortzen da energia. Hori dela eta, azken urteetan biltegiratze energetikoa lantzen ari gara. Proiektu honek, aire likido bidezko biltegiratze sistema horrek, soberako energia (kasu honetan eolikoa) aprobetxatzen du eta gero berriro erabilgarri bihurtzen du, hornidura ezegonkor horri aurre egiteko.

"Jende berri asko kontratatu behar dugu eta ez da erraza izaten ari"

Zein inbertsio xede dituzue, epe ertainari begira?

Gaur egun, Europatik nolabaiteko autonomia energetikoa bermatu ditzaketen politikak ezarri nahi dituzte, petrolioaren eta gasaren menpekotasuna gutxitzeko. Energia-soberakinen biltegiratzea asko sustatzen ari dira. Datozen urteotarako espektatiba garrantzitsuak ditugu, produktu berriak garatzen jarraitzen dugu eta proiektu berriekin bat egiten. Jada zenbait inbertsio egin ditugu xede horrekin: Mecanerren antzinako industria-pabiloien erosketa, Bilboko Portuko emakidaren epea luzatu dugu, eta, jakina, giza-baliabideak hedatu behar ditugu. Jende berri asko kontratatu behar dugu eta ez da erraza izaten ari. Gero zenbait industria-automatizazio proiektu garatzen ari gara eta adimen artifiziala ezartzen ari gara.

Zer dela eta zailtasun hori langileak kontratatu ahal izateko?

Ez dakit zein izan daitekeen arrazoi zehatza. Baina egia da guk ingeniari beharrizan handia dugula, eta halaber, eskuzko langileak ere (galdaragileak, soldatzaileak...). Hala ere, denek izan behar dute kualifikazio handia. Agian gaur egun pixka bat albo batera utzi dugu industriaren sektorea eta belaunaldi berriak beste sektore batzuetara zuzendu ditugu. Dena den, gauzak okertzen direnean jende guztiak dio industriak eskaintzen dituela soldata onenak. Egoera horri buelta ematen saiatu beharko gara.