Gaztetatik datorkio Jon Cortazarri ordenagailu zaharrentzako bideojokoak diseinatzeko zaletasuna. 2009an, Relevo Videogames sortu zuen Aitor Zumelzurekin batera, eta ordutik zuzendari exekutibo eta produktu arduradun dihardu. 2013an, Relevo izan zen bideojoko-garatzaile ziurtagiria lortu zuen lehen euskal enpresa.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Harrezkero, Bilboko estudioan tematika klasikoko eta 2D estetika retroko bideojoko propioak sortzeaz gain, mundu mailako konpainia prestigiotsuenentzat ere garatzen ditu jokoak. Bere azken ekoizpena Terrifier The ARTcade game da, Nintendo Switch, PSP 5, Xbox eta munduko plataforma nagusietan eskuragai dagoena.
Relevon 2009tik daramazue bideojokoak sortzen. Nola lortu duzue hain sektore lehiakorrean irautea?
Hasieratik gaur egun arte modu jasangarrian lan egiten saiatu gara, zerbait okertuz gero enpresa ixtera behartuko gintuzketen inbertsio handiegiko apustuetan murgildu gabe. Aitor kideak eta biok hasieratik argi izan genuen Relevo ibilbide luzeko enpresa izango zela, eta gogor egin dugu beti lan proiektu iraunkorra izan zedin.
Zuen bideojoko propioak garatzeaz gain, beste konpainia batzuentzat ere lan egiten duzue. Zein neurritan laguntzen dio horrek Relevoren iraunkortasunari eta hazkundeari?
Hori da, hain zuzen, gure iraunkortasunaren gakoa. Beste batzuen produktuei lehentasuna ematea da aurrera egiten, hazten eta gure proiektu propioak finantzatzen laguntzen diguna. Gainera, besteentzako proiektu horiei esker, etekin ekonomikoaz gain, bideojokoen garatzaile gisa ikusgarritasuna lortzen dugu, eta asko ikasten dugu etorkizuneko ekoizpenei begira.
PC, kontsola, mugikor eta ordenagailu klasikoetarako jokoak sortu dituzue. Zer dakarkio dibertsifikazio horrek Relevoren negozioari?
Plataforma desberdinek eskaintzen dituzten banaketarako aukeren artean, gaur egun funtsezkoa da ahalik eta pertsona gehienengana iristea. Hasieratik argi izan genuen hori, 2013an bideojoko-argitaratzaile eta -garatzaile ziurtagiria lortu zuen lehen euskal enpresa izan ginenetik. Gaur egun, plataforma guztietan eta mundu osoan bideojokoak sortzeko eta banatzeko ziurtagiria dugu.
"Bideojokoen garapena eta banaketa asko demokratizatu da, eta horrek kontsumitzaile kopurua handitu badu ere, produktuen eskaintza masifikatu du"
Bideojokoen merkatua gero eta globalagoa da. Zer garrantzi du gaur egun nazioarteko merkatuak Relevorentzat?
Bideojokoen munduan, nazioarteko merkatuek garrantzi erabatekoa dute. Estatu mailako negozioaren bolumenari dagokion ehunekoa ñimiñoa da mundu osokoenarekin konparatuta. Horregatik, halabeharrez, gure ekoizpen guztiek proiekzioa dute nazioartean. Tokiko merkatua garrantzitsua da bezeroen proiektu txikien eta publizitaterako bideojokoen kasuan, baina publiko zabalarentzako produktuez ari bagara, mundu mailan pentsatu behar dugu beti.

Zuen jokoak 2D estetikagatik eta klasikoetan inspiratuta egoteagatik nabarmentzen dira. Nola lortzen duzue retro esentzia hori eta gaur egungo jokalariak erakartzen dituzten proposamen originalak uztartzea?
Gure ustez, joko-mekanika klasikoak dira zuzenenak eta dibertigarrienak. Jokalaria gehien erakartzen duten jokoak dira sarbide erraza eta ikaskuntza-prozesu oso bizkorra dutenak. Hortik abiatuta, jokoaren esperientzia zabaltzen ahalegintzen gara, proposamena aberastuz eta handituz, jokalaria etengabe harritzeko. Horrez gain, bideojokoaren historiaren eta vintage sistemen ezagutza sakona eta sustrai sendoak ditugu, gaur egungo plataformetarako egiten ditugun proposamenetan beti islatzen saiatzen garenak.
Gaur egungo plataformetarako bideojokoak garatzeaz aparte, ZX Spectrum edo MSX sistemetarako jokoak ere sortzen dituzue. Zer ekarpen egiten dizue hain merkatu-nitxo berezian jarduteak?
Estudioa enpresa bihurtzea ordenagailu zaharrentzako bideojokoak garatzeko nuen zaletasunetik jaio zen, Estatu mailan eta nazioartean oihartzun handia izan zutenak. Zaletasun horretatik abiatuta, hori hartu genuen oinarri gaur egun Relevo den enpresa eraikitzeko. Halako bideojokoak garatzeak, ez soilik retro estetika dutenak, duela 40 urteko ordenagailuetan eta KB gutxiko memoria batean funtzionatzen duten jokoak ere bai, horrek argi uzten ditu gure gaitasuna eta ezagutza. Gure estudioak gaur egungo gainerako garatzaile independenteetatik bereizten gaituen historia du.
Urteak behar dituzue bideojoko bakoitza garatzeko. Zein da erronkarik handiena hain epe luzeko proiektuak kudeatzeko?
Konplikatua da, hasiera batean oso ondo aurreikusi behar direlako ahalegina eta kostua, proiektuak ez-errentagarri bihur ez daitezen. Ezinbestekoa da aurreprodukzio ondo zehaztu bat garapen-orduen eta kanpo-gastuen desbideratzeak ahalik eta gehien saihesteko.
"Gure azken ekoizpena ‘Terrifier The ARTcade game’ da, mundu osoan ospetsua den beldurrezko zinemako frankiziaren joko ofiziala"
Bideojokoen industriak garai gozoa bizi du. Zure ustez, zein dira haren indargune eta gabezia nagusiak?
Gaur egun, bideojokoa produktu globala da. Jende guztiak jokatzen du ordenagailuan, kontsolan edo mugikorrean. Era berean, garapena eta banaketa asko demokratizatu da, eta gaur egun duela 15 urte baino askoz errazagoa da bideojoko bat sortzea eta merkaturatzea. Hori aho biko labana da, kontsumitzaile kopurua handitzen eta garapen prozesuak hedatzen lagundu badu ere, produktuen eskaintzaren masifikazioa eragin duelako. Gero eta utopikoagoa da produktu bat nabarmentzea lortzea.
Bullfighter NEON bideojokoa garapen-fase aurreratuan dago. Zertan datza?
Produktu ezberdin baten alde egin dugun apustua da, eta bideojokoen munduko komunikabide garrantzitsuenen jakin-mina piztu du. Gai nagusia zezenketak dira, eta 1990eko hamarkadaren hasierako kirol futuristei gorazarre egin nahi die. Kontzeptuak berak, garai hartako Neo Geo jokoei egiten dien omenaldi zintzoak eta premisaren originaltasunak ikusgarritasun handia eman dio jokoari. Ahalik eta jokalari gehienengana iristea espero dugu, eta, hala, Relevok arcade frenetiko eta originalen garatzaile erreferentea izaten jarraitzea.
17 urteko ibilbidea eta gero, zein izango da Relevoren hurrengo erronka?
Gure erronka produktu berritzaileak eta balio ludiko handikoak garatzen dituen enpresa sendo honi eustea da. Dagoeneko gure hastapenetan pentsaezinak ziren erronkak burutu ditugu; adibidez, gure azken ekoizpena, Terrifier The ARTcade game, mundu osoan ospetsua den beldurrezko zinemako frankiziaren joko ofiziala, Bilbon garatua izan dena. Gakoa urratsez urrats lanean jarraitzea da, eta bideak noraino eramaten gaituen ikustea!
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta