• ENPRESAK GAUR
  • Jon Urrutia (beLASAI): "Langileak zaintzen dituzten enpresek absentismo txikiagoa dute"

Jon Urrutia (beLASAI): "Langileak zaintzen dituzten enpresek absentismo txikiagoa dute"

Jon Urrutiak beLASAI jarri du abian; langileak erdigunean jarrita, enpresei haien ongizatea bermatzeko laguntza integrala eskaintzen dien tresna digitala

Jon Urrutia, beLASAIren sortzailea | Argazkia: utzitakoa
Jon Urrutia, beLASAIren sortzailea | Argazkia: utzitakoa
Iraitz Urkulo (EnpresaBIDEA) ok(1)
Itzultzailea eta komunikazio-teknikaria
2026ko uztailaren 18a - 05:30

Jon Urrutia Basterretxeak gaztetatik argi zuen ekintzailetzaren bidetik joko zuela. 2025eko azarotik, beLASAI start-uparen sortzailea eta CEOa da. Enpresek beren langileen ongizatea hobetzeko tresna da beLASAI, erabat digitala eta konfidentziala.

 

Hala, erakundeei Langileentzako Laguntza Programa eskaintzen die, eta haren barruan, zerbitzu hauek: arreta psikologikoa, aholkularitza juridikoa, aholku nutrizionala eta kirolekoa. Izan ere, Urrutiaren esanetan, baja kopurua eta absentismoa inoiz baino altuagoak diren garai honetan, langileen osasun mentala eta fisikoa zaintzea "enpresentzat inbertsioa da, ez gastua".

Zer da beLASAI?

 

beLASAI erakundeen eta haien taldeen ongizatea hobetzea helburu duen enpresa da, 2025eko azaroan sortua. Gure zerbitzu nagusia Langileentzako Laguntza Programa da: enpresak bere langileei eskaintzen dien zerbitzu konfidentziala, laneko nahiz bizitza pertsonaleko zailtasunei aurre egiten laguntzeko. LLPn diagnostikoen atala ere badaukagu; langileari kontsultak egiten laguntzen dio eta zuzendaritzari lantaldearen egoeraren berri ematen dio.

beLASAIk oso lantalde gaztea du. Nolakoa izan da zuretzat lehendabiziko aldiz 'start-up' bat abiatzea?

Oso gaztetatik erakarri izan nau ekintzailetzak, eta banekien lehenago edo geroago saiatuko nintzela. Bidea oso polita ari da izaten, eta egunero ikasten ari naizen guztiagatik oso eskertuta sentitzen naiz. Egia da erronkaz betetako bidea dela, dena hutsetik eraiki behar izatea ardura handia delako, baina hori da, hain zuzen ere, aberasgarriena.

Finantzazioa lortzea izan da zailtasunik handiena?

Lehen urte honetan, finantzazioa lortzen baino gehiago, bezeroak lortzen eta gure negozio-eredua balioztatzen aritu gara. Egia da finantzazio publikoa jaso dugula, baina gainerako guztia gure lehen bezeroengandik modu organikoan lortutakoa izan da. Agian zailtasun handiena ez da dirua izan, baizik eta gurearen antzeko LLPak eskaintzen dituzten enpresa multinazionalekin lehiatzea eta haietatik bereiztea, balioa erantsia eskainiz.

"Zailtasun handiena enpresa multinazionalen Langileentzako Laguntza Programekin lehiatzea eta haietatik bereiztea da, balioa erantsia eskainiz"

Azken boladan, baja kopuruak eta absentismoak gora egin dute nabarmen. Eta langileen sufrimenduarekin batera, enpresen galera ekonomikoak eta produkzio mailakoak ere bai.

Bai, datuak kezkagarriak dira. Estatu mailan, osasun mentaleko bajak dagoeneko aldi baterako ezintasunaren bigarren kausa dira. Euskadin absentismoaren kostua 1.590 milioi eurokoa da enpresentzat, eta gure lurraldeak estatuko tasarik altuena du. Baina kontua ez da soilik pertsona hori bajan egoteak dakarren kostu ekonomikoa: hura ordezkatzeak dakarren produktibitate- eta ezagutza-galera ere oso handiak dira.

Beraz, enpresei ere interesatzen zaie langileak zaintzea eta haien ongizatea bermatzea. Eta zuek, hain zuzen, enpresei eskaintzen dizkiezue zuen zerbitzuak.

Hala da. Gure eredua B2B2C-koa da (Business-to-Business-to-Consumer): enpresak kontratatzen du beLASAI, eta langile guztiek doako sarbidea dute zerbitzura, modu konfidentzialean. Enpresarentzat inbertsioa da, ez gastua: langileak zaintzen dituen erakundeak absentismo txikiagoa, konpromiso sendoagoa eta produktibitate handiagoa lortzen ditu. Gaur egun, talentua erakartzeko eta atxikitzeko, ongizatea funtsezko faktore bihurtu da.

Zein da langileek gehien erabiltzen duten zerbitzua?

Laguntza psikologikoa da gure zerbitzu nagusia, eta sortutako kontsulten erdiak baino gehiago mota horretakoak dira. Dagoeneko ehun kontsultatik gora izan dira. Kontsulta bat amaitutzat ematen denean, langileak jasotako zerbitzua baloratzen du. Orain arte, sortutako kontsulta guztien batez besteko gogobetetasuna 9,1ekoa izan da.

"Arazoa ez da soilik langile bat bajan egoteak dakarren kostu ekonomikoa: hura ordezkatzeak dakarren produktibitate- eta ezagutza-galera ere oso handiak dira"

Aholkularitza juridikoa ere eskaintzen diezue langileei. Gerta liteke langile batek enpresaren aurka egiteko prozedura bati buruz aholku eskatzea?

Bai, eta oso argi dugu: horixe da erantzuten ez dugun kontsulta mota bakarra. Langile batek enpresaren beraren aurka egiteko aholkua eskatuko balu, interes-gatazka bat sor liteke. Gure aholkularitza juridikoa langilearen bizitzako beste eremu guztietarako dago (kontratuak, errentamenduak, oinordetzak, kontsumo-gaiak…), baina ez enpresaren aurkako prozeduretarako.

Berriki beste bi zerbitzu abiatu dituzue zuen programan: aholkularitza nutrizionala eta kirolekoa.

Pertsonaren osasun fisikoan zentratutako zerbitzuak gehitu nahi genituen, eta uste dugu bi zerbitzu horiekin ongizate fisikoa erabat babestuta geratzen dela. Orain arte, mota horietako hogei kontsulta baino gehiago izan dira, eta dieta pertsonalizatuak dira gehien eskatu dizkigutenak. Horrek erakusten digu langileek osasun fisikoa ere zaindu nahi dutela, eta zerbitzu horiek osoago bihurtzen dute gure Langileentzako Laguntza Programa.

Gaur-gaurkoz zenbat langileri eskaintzen diezue arreta? Baduzue beLASAI hedatzen jarraitzeko estrategiarik?

Gaur egun, sei enpresak kontratatu dute gure programa, eta mila langile baino gehiagori eskaintzen diegu arreta guztira. Eta bai, hedatzen jarraitzeko estrategia argia dugu. Izan ere, hazkundeari begira, irailean salmenten alorreko pertsona bat eta marketinean espezializatutako beste bat gehitu nahi ditugu taldera, bezeroak erakartzen jarraitzeko.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain