Jose Mari del Moral higiezinen sektorea iraultzen ari da VibePeak start-uparen bidez. Orain arte, higiezin-agenteek eta etxebizitzen salmentarako plataformek argazkiak erakusten zizkieten erosle potentzialei. Bideoen bidezko marketina luxuzko etxebizitzen salmentara mugatuta zegoen, zerbitzu konplexua eta garestia baitzen.
2025eko ekainetik, ordea, VibePeaki esker eta adimen artifizialaren laguntzaz, edonoren esku dago bideo landuak minutu gutxian sortzea, inolako ezagutza teknikorik izan gabe. Gainera, aplikazioak pertsonalizazio-aukera mordoa du: musika, trantsizioak, off-eko ahotsa, informazioa irudietan txertatzea, virtual staging... Eta hori dena 100 hizkuntzatan eta formatu guztietara egokitua.
Horregatik ari da VibePeak hain arrakasta handia izaten eta nazioarteko merkatu askotara aldi berean eta azkar-azkar hedatzen. Eta erronka handi horri aurre egiteko, 500.000 dolarreko finantzazio pribatua jaso berri du.
Zer gabezia hauteman zenuen higiezinen marketinean, VibePeak sortzera bultzatu zintuena?
Sekulako deskonexioa hauteman nuen: erosleek bideoak kontsumitzen dituzte Instagramen, TikToken eta gero eta atari bisualagoetan, baina higiezinen iragarki gehienak argazki estatikoak eta testua dira. Kalitateko bideoak ekoiztea garestia eta motela zen, eta higiezin-agente batek ez dituen eta zertan izan ez duen ezagutza tekniko jakin batzuk eskatzen zituen. VibePeak arrakala hori ixteko sortu da: edozein agentek etxebizitza baten bideoa minutu gutxian sortu ahal izan dezan, kamerarik eta editorerik gabe, eta bere lan-fluxutik irten gabe.
Zer abantaila eskaintzen dizkie zure tresnak higiezinen agentziei?
Hiru, funtsean. Lastertasuna: iragarkiaren argazkietatik abiatuta, bideoa zenbait egunetan ez, minutu gutxian dago argitaratzeko prest. Kostua: dagoeneko ez dago aldi bakoitzean bideografo eta editore bana kontratatzeko beharrik. Eta desberdintzea: etxebizitza atzematea hura saltzea bezain lehiakorra den egungo merkatuan, jabeari bideoa, virtual staging eta edukia hainbat hizkuntzatan agertzeko aukerak eskaintzea hura atzemateko oso argudio indartsua da.
Zein da virtual stagingaren eragina etxebizitzen salmentan?
Higiezinen arloan, aurkezpen bisuala hobetzearen eragina neurgarria eta agerikoa da. Idealistaren datuen arabera, bideoa duten iragarkiek % 403 hobetzen dute CTR (Click Through Rate) delakoa bideorik gabeko iragarkiekin alderatuta. Etxebizitza berak lau aldiz klik gehiago lortzen ditu prezio berean, soilik haren aurkezpena aldatuta. Virtual stagingaren abantailak bide beretik doaz: espazio huts batek zalantzak eragiten ditu; birtualki altzariz hornitutako espazio batek, aldiz, erosleari bere burua bertan bizitzen proiektatzea ahalbidetzen dio.
"2026ko urtarrilean gure historiako erabakirik garrantzitsuena hartu genuen: modu esklusiboan higiezinen sektorera biratzea. Horrek dena aldatu zuen"
Plataforma abiatu zenuenetik, zein izan dira mugarri nagusiak haren eboluzioan?
2025eko ekainean orotariko bideoak sortzeko aplikazioa abiatu genuen, eta 2026ko urtarrilean gure historiako erabakirik garrantzitsuena hartu genuen: modu esklusiboan higiezinen sektorera biratzea. Horrek dena aldatu zuen. Bideoak erraz sortzeko proiektu batekin hasi ginen, eta gaur egun hainbat produktutako katalogoa dugu: argazkietatik abiatutako bideoak, erreformen bisualizazioa, markaren edukia... Eta nobedade gehiago bidean dira.
Zer tresna nabarmenduko zenituzke? Zer balio eransten diete zuen bezeroen zerbitzuei?
Markaren pertsonalizazioa nabarmenduko nuke, guk urrats bat haratago eraman duguna. Orain erabiltzaileek beren eduki “familia” propioak diseinatzen dituzte. Higiezin-agentziek beren marka identifikagarria dute, hau da, familia bisual propioa sortzen dute, norbaitek beren bideoetako bat ikusten duenean berehala jakin dezan zein agentziarena den. Azpititulu automatikoak ere kritikoak dira, sareetako eduki gehiena soinurik gabe kontsumitzen delako. Eta funtzio solteetatik haratago, balioa fluxu osoan dago: agenteak argazkiak igotzen ditu eta edukia behin betiko bertsioan jasotzen du, formatu bakoitzera egokituta, editorerik ukitu behar gabe.
Zure ustez, nola aldatuko du adimen artifizialak higiezinen marketina hurrengo urteetan?
Laster, higiezinei buruzko edukia berez sortuko da. Norbaitek argazkiak igo orduko, bideoa, virtual staginga, erreformaren renderak, deskribapenak eta ezin konta ahala bertsio izango ditu nahi beste hizkuntza eta formatutan. Agenteak edukiaren ekoizle izateari utziko dio eta gainbegirale eta estratega bihurtuko da. Aldaketa nagusia izango da erosleak etxebizitza “esperimentatu” ahalko duela hura bisitatu aurretik: erreformatuta ikusi ahalko du, bere gustuko altzariekin, edo lurzoru huts batean eraikia.
"Aldi berean nazioarteko bost merkatutan ari gara eskalatzen, eta aukerak iraun bitartean gure hedapena bizkortu nahi dugu"
Berriki 500.000 dolarreko finantzazio pribatua jaso duzue. Zertan inbertituko duzue?
Hiru alorretan: produktua, marketina eta salmentak. Produktuan, adimen artifiziala abiadura bizian ari delako garatzen eta horrek etengabe tresna berriak merkaturatzea ahalbidetzen digulako; abantaila horri eutsi nahi diogu. Eta marketinean eta salmentetan, aldi berean bost merkatutan ―Espainia, Italia, Frantzia, Alemania eta merkatu anglo-saxoietan― ari garelako eskalatzen eta aukerak iraun bitartean gure hedapena bizkortu nahi dugulako.
Zein izango da VibePeaken hurrengo jauzia?
Herrialde bakoitzeko higiezinen atari liderretan eta sektoreko CRM (Customer Relationship Management) nagusietan integratzea. Agente bakoitzak bere bideoa egunero erabiltzen duen tresnan klik bakar batez sortzea nahi dugu, plataforma aldatu beharrik gabe. Hori da azkar hazteko modua: agenteak banan-banan erakarri beharrean, dagoeneko agente horiek guztiak dauden plataformen bidez iritsi nahi dugu haiengana.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta