Azkenean 285 kaleratze izango dira Tubos Reunidosen

205 langilek “beren borondatez” utziko dute lanpostua, eta gainerako 80ak behin-behineko enplegatuak dira

Tubos Reunidoseko langileak protestan | Argazkia: Europa Press / David de Haro
Tubos Reunidoseko langileak protestan | Argazkia: Europa Press / David de Haro
2026eko martxoaren 24a - 09:34

Azkenean aurreikusitakoa baina kaleratze gutxiago izango dira Tubos Reunidosen: 285 langile geratuko dira kalean; gehiengoak, 222 pertsona, Amurrioko lantegiko kideak dira, eta gainerako 63ak, aldiz, Trapagarangoak. Aurreikusi moduan, Amurrioko lantegiaren itxiera ere berretsi du espedienteak.

 

Hasiera batean, zuzendaritzak iragarri zuen 301 kaleratze egingo zirela, eta langileekin hilabeteak negoziatzen egon ostean, kaleratze guztiak borondatezkoak izango zirela. Sindikatuek, ordea, gezurtatu egin zuten baieztapen hori, esanez “presio, manipulazio eta desinformazio kanpaina larria” egin zuela zuzendaritzak.

Atzo gauean aurkeztu zuten enpresako buruek enplegu erregulazioko espedientea Lan Agintaritzan, eta bertan azaltzen zenez, 285 kaleratze egingo dira, zeintzuetatik soilik 205 diren “borondatezkoak”. Pertsona horien guztien kanporatze prozesua hilaren amaieran hasiko da eta 2027ko ekainaren 30ean amaituko da. Beste 80 langile behin-behineko kontratua dutenak dira, eta horien azken lan eguna martxoaren 31 izango da; trukean, lan egindako urte bakoitzeko 33 eguneko ordainsaria jasoko dutela jakinarazi du zuzendaritzak.