
Konfekoopeko ordezkariek prentsaurrekoa egin dute gaur, batetik, 2024ko ekitaldiaren balantzea egiteko, eta, bestetik, 2025. urteko aurreikuspenak eta mugarri garrantzitsuak iragartzeko, 2025-2028 Plan Estrategiko berria oinarri izanik.
2024. urteari dagokionez, baikor agertu dira Rosa Lavín Ibarra Konfekoopeko presidentea eta Iñaki Nubla Otaola Konfederazioko zuzendaria. Testuinguru geopolitikoa eta ekonomia globalaren egoera konplexuak izanagatik, Nublak adierazi du “ekitaldi positiboa” izan dela 2024. urtea. 2021-2024 Plan Estrategikoa amaituta, 1.391 enpresa kooperatibo biltzen ditu egun erakundeak, eta negozio horiek 62.330 enplegu sortzen dituztela jakinarazi dute; gainera, enpresek 1,5 milioi bazkide baino gehiago biltzen dituzte.
Nublak eskaini dituen 2021-2024 datuen arabera, kooperatibek sortutako enplegu kopurua %9 handitu da, eta bazkide kopurua beste %6,9. Horrek “ehun kooperatibo sendoa” erakusten duela gaineratu du zuzendariak, “ingurune ekonomiko aldakorrari aurre egiteko gaitasuna” duen sarea.
Bestalde, finantza-arloari dagokionez, Nublak gogorarazi du tresna berriak ere sortu dituela Konfekoopek, Spri-rekin batera martxan jarritako Basque Konfekoop Ventures funtsa, esaterako.
Lavínek gogora ekarri du Konfekoop Lanbideren Administrazioan sartu zela 2024ko irailean, eta “lorpen estrategiko” gisa definitu du, kooperatibek enplegu-politika publikoetan eragiteko gaitasuna indartu delako. Euskal kooperatiba ereduak nazioartean izan duen presentzia ere aipatu du presidenteak, New Delhin egindako Kooperatiba Globalaren Konferentzian, esaterako. Lavinen ustetan “gure ereduak” pisu handia du industrian, berrikuntza-tasa altuak ditu, enpresa-dimentsio “nabarmena” du, eta, gainera, enpresek lurraldean errotuta jarraitzen dute, nazioartekotze maila handia izan arren.
2025-2028 Plan Estrategikoa
Datozen urteetarako planak lau ardatz izango ditu: erakundeen ordezkaritza eta eragina indartzea, kooperatibismoa “funtsezko eragile” izan dadin; lankidetza erabilgarria bultzatzea, kooperatiba txiki zein ertainak indartzeko; kooperatibei “benetako balioa” hurbiltzea, hau da, talentu ekintzailea sektore berrietara erakartzea; eta, laugarrena, Konfekoop barrutik eraldatzea, “modernoagoa, digitalagoa eta pertsonekin konektatuagoa izan dadin”.
Jasangarritasunarekin eta gizarte-kohesioarekin konpromisoa erakusten jarraitu nahi du erakundeak, eta Lavinek azpimarratu du EAEko kooperatibak prest daudela “herri hobea eraikitzeko etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.