Ziurgabetasunaren itsasoan nabigatzea "konplexua, intentsoa, eta tentsoa" izaten ari dela aitortu du Elay Groupeko zuzendari nagusi Krisina Elkorok. Ez da bizitzea egokitu zaion lehen krisia, baina zerbait "desberdina" ikusten du egun gertatzen ari denari erreparatzen dionean. Segur aski, automobilgintza delako enpresaren jardueraren parte nagusia, bezero gehienak europarrak izanik. Azken urteetan, eskaintzen dituzten produktuen zorroa eguneratu behar izan dute merkatuak dituen beharrei erantzuteko. Baina abiadura oso bizia da, eta ez zaie erraza egiten ari horri eustea.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zein puntutan dago Elay?
Elay da metalezko piezen ekoizlea, doitasunekoak eta konplexuak. Printzipioz, edozein sektoretan lan egiteko aukera edukiko genuke, baina gure errealitatea da %100ean automobilgintzan murgilduta gaudela. Errealitate horretatik, egoera oso ezberdinak bizitzen ari gara munduan ditugun plantetan.
Alde batetik, Europan nahiko egoera konplexua dugula esango nuke. Merkatuaren gainbehera badago, eztabaidan dagoelako zein izango den etorkizuneko mugikortasun sistema, baita ekialdeko, konkretuki txinatarren, sarreragatik. Beraz, krisi egoera bizitzen ari gara, bai salmenta aldetik, baina baita produktuen zein lan egiteko moduen aldaketa ikuspegitik.
Beste alde batetik, gure Mexikoko planta dugu, non errealitatea guztiz ezberdina den. Merkatua orain zerbait moteldu da geopolitika arrazoiengatik, eta batez ere, Trumpek sortu duen ziurgabetasunagatik, baina bizirik dagoen merkatu bat da eta bizitasun hori sumatzen da. Enpresa asko —Ipar Amerikakoak, asiatikoak...— oraindik ere inbertitzen ari dira, eta proiektu berriak daude. Orduan, bizitasuna nabari da Mexikoko edo Amerikako merkatuan.
Eta hirugarrenik, ekialdeko gure planta, konkretuki, Txinako planta ere badugu, eta han ere errealitatea zeharo desberdina da. Europako ekoizleak, gure bezeroak direnak, gainbeheran daude, ezin dutelako lehiatu ekoizle txinatarrekin. Beste aukera batzuk zabaltzen ari dira, baina txinatarren merkatuan sartzeko zailtasunekin. Hori esanda ere, bada merkatu bat eta herrialde bat, non estrategikoki mugimendu asko dauden eta oso posizionamendu indartsua hartzen ari den munduan. Eta nolabait han egote soila guretzako ikasketarako eta garapenerako lagungarria izaten ari da.
Laburbilduz, herrialdearen arabera, oso egoera ezberdin bat bizitzen ari da Elay, baina bai esan daiteke, modu orokorrean, momentu konplexuan edo erronka handikoan dagoela.
Eta nola izaten ari da hori guztia kudeatzea?
Konplexua, intentsoa, eta tentsoa aldi berean; estresantea izaten ari da. Ez gaude ohituta horrelako aldakortasun eta ziurgabetasun batekin bizitzera, eta hori kudeatzera. Egoerak tentsio asko sortzen ditu, eta eskatzen du erabaki azkarrak hartu eta malgutasun handia izatea. Orduan zaila izaten ari da.
Ez da 2026ko egoera soilik. Esango nuke azkeneko urteetan eta, batez ere, pandemiatik aurrera gertatu den zerbait izan dela. Kontua da epe motzeko edo erdiko ikuspegirik ez izateak ere beldurrak sortzen dituela inbertitzeko orduan, eta apustuak egiteko kontentzio bat sortzen da.

Momentu batean, hasieran, aipatu duzu, automobilgintzak garrantzi berezia duela zuentzat, baina aldi berean dibertsifikazioaren aldeko apustua egiten ari zarete. Hau luzetik dator edo pandemiaz geroztik ikusi den konplexutasun horrek bultzatutako apustua da?
Lehen esan bezala, guk printzipioz, berez, ez dugu zertan automobilgintzakoak izan. Zer gertatzen da automobilgintzan? Serie luzeak daude, eta errentagarritasun aldetik, benetan hor daukagula kokapen ona. Hori esanda, gu pandemia aurretik, 2019an, hasi ginen sumatzen, behintzat Europan, automobilgintza merkatuaren gainbehera. 2020an abiatu genuen gogoeta estrategiko berria, eta, egoera ikusita, zenbait erabaki hartu genituen, ez bakarrik produktuaren dibertsifikazio ikuspegitik, baizik eta oro har ikertzen eta zabaltzen hastea zein bide izan genitzakeen dibertsifikatzeko.
Zein beste bideri buruz ari zarete?
Garbi ikusi genuen lehiakide berriak etorriko zirela, seguruenik beste abantaila batzuekin, beste kostu batzuekin, non zailtasunak genituen lehiatzeko. Eta hor erabaki genuen produktu konplexuetan kokatzen hastea, non lehiakide berrien sarrera zailagoa izan daitekeen. Nitxoa edo merkatua mantentzeko apustua izan zen.
Beraz, alde batetik, dibertsifikazioa, beste aldetik konplexutasuna, eta baita zenbait produkturen migrazioa ere landu genituen. Gure hainbat produkturen kokapena konbustio autoetan zegoen, "ohikoetan", eta zenbait produktu horretarako ziren bakarrik baliagarriak. Beraz, produktu horien migrazioa bultzatu genuen hainbat elementutara, zeinetan konbustio edo mugikortasun sistemek ez zuten horrenbeste eragiten, adibidez eserlekuetara, sarrailetara edo karrozerietara eta bestelako produktuetara. Esango nuke horiek izan zirela 2020an hartu genituen apustu edo erabaki estrategikoak. Eta beste bat azpimarratuko nuke: efizientzia bilatzea digitalizazioaren bidez, lehiakorrak izateko beste herrialdeetako lehiakideen aurrean.
Automozioaz harago, zein sektoretara ari zarete dibertsifikatzen?
Nahiago dut ez esan. Uste dut denok ari garela horretan lanean.
Gaur egungo testuinguru konplexua ikusita, eginiko apustu horiek gako izan al dira? Eta nahikoak?
Arazo bat eduki dugu: abiadura ez dela izan aldaketak eskatzen zuena. Produktuen migrazioa izan da azkarren gauzatu duguna, eta aukera gehien ekarri dizkiguna. Beste puntuetan aldaketak joan dira espero genuena baino azkarrago merkatuan eta gizartean, eta aldi berean, guk abiatutakoa pentsatu eta nahi baino denbora gehiago eramaten ari da. Hori esanda, hartutako lan-lerroak edo erabakitako estrategiak benetan ausartak izan direla uste dut. Orain hausnarketa estrategiko berria abiatuko dugu.

Aipatu duzu lehiakide berriak ere agertuko zirela bazenekitela. Errealitate hori ikusten ari zarete?
Ikusten ari gara, bai. Denok gara kontziente zelako denbora gutxian hasi garen gure errepideetan auto txinatarrak ikusten, eta nola hasi den handitzen kopurua. Kontua da aurreikusi genuela hau guztia etorriko zela, baina agian beste erritmo bat espero genuen.
Txinan planta izanda, ekoizle txinatarrentzat gauzak egin izan dituzue lehenagotik edo orain saiatzen ari zarete horretan kokatzen?
Gu Txinara joan ginen europarren eskutik.
Zein urtetan izan zen?
2013an. Enpresa ertain bat gara, lan egiten duena Tier 1entzat, alegia, auto ekoizleak hornitzen dituzten enpresentzat. Tier 1 horiek multinazional handiak dira normalean, eta arraste efektu bat egiten dute. Txinara Tier 1 diren bezero europarren eskutik joan ginen beraz. Eta orain arte ez dugu eduki kuriositate hori bezero txinatarrentzako lan egiteko, merkatu europarrak izandako pisuagatik.
Txinako bezeroak bilatzea aurreikusi duzue?
Nik esango nuke, aurreikusi baino, beharra daukagula. Bezero europarren gainbeherarekin, gelditzen zaigun aukera da Txinako ekoizleei saltzea. Horretan ari gara oso gogor lanean, bide ezberdinetatik aukerak aztertzen eta lantzen, buru-belarri.
"Gure hainbat produkturen kokapena konbustio autoetan zegoen, "ohikoetan", eta zenbait produktu horretarako ziren bakarrik baliagarriak. Beraz, produktu horien migrazioa bultzatu genuen"
Enpresa familiarra da Elay, ibilbide luzea duena. Orain ez ezik, zuen historian zehar egokitu izan zaizue hainbat krisi eta testuinguru konplexuri aurre egitea. Horretan guztian zein puntura arte uste duzu izan dela gakoa enpresa familiarra izatea?
Enpresa familiar batek nolabait gertutasun bat ematen du bi norabideetan. Jabetzak langilearekiko eta inguruarekiko duen harremanak konpromiso handiagoak sortzen ditu, azken finean auzokideak, lagunak edo senitartekoak gara askotan. Baina baita langileengandik enpresarekiko edo proiektuarekiko harremanean ere. Hor indar bat eta abantaila bat sortzen da.
Nire bizipenean behintzat, esango nuke bertako pertsona askok erakutsi duten konpromisoa gakoa izan dela enpresa hau heldu den lekura heltzeko. Elay bost langilerekin sortu zen txoko txiki batean, Bergaran, eta gaur egun 600 pertsona gara, 100 milioi euro fakturatzen ditugu, milioika pieza sortzen ditugu, hiru herrialdetan gaude eta kontinente ia guztiei hornitzen diegu. Horra heldu gara, gure txikitasun horretatik, pertsonen konpromisoagatik, proiektuarekiko konpromisoagatik eta jabetzak pertsonekiko izan duenagatik ere. Hori bai dela enpresa familiar batek ematen duen abantaila handi bat.
Kontua da oraingo momentua berezia izaten ari dela. Eta ez naiz gai erantzuteko une honetan enpresa familiarra izateak zein abantaila edo desabantaila izango dituen.
Zergatik esaten duzu hori?
Daukadan sentsazioa delako gizartean balioak aldatzen ari direla eta, ondorioz, ez dakidalako orain arte baloratu diren faktore edo aldagai batzuk gero ere baloratuko diren. Aldaketa horiek izaten ari dira, ez bakarrik enpresetan, baizik eta gizartean ere. Beraz, ez dakit nola eragingo duen horrek eta zer ondoriotara eramango gaituen, ez positiboki, ez negatiboki ulertuta. Ez dakit.

Hitz egin dugu aldaketa azkarrei buruz eta testuinguruaren konplexutasunari buruz, baina ez dugu talentua aipatu. Nola ari zarete aurre egiten erronka horri?
Hori ere izaten ari da espero baino azkarragoa. Guk beti eduki ditugu lan-baldintza oso onak, soldata, egutegi, malgutasun eta abarren aldetik. Horregatik ez dugu sumatu jendea kontratatzeko arazorik orain urtebete ingurura arte. Entzuten genuen inguruko zenbait enpresatan arazoak zeudela, baina gure kasuan beranduago iritsi da. Kontua da zuzenean indarrez sumatzen eta ondorio batzuk bizitzen hasi garela. Ez horrenbeste plantako lanpostuetan, baizik eta gehiago maila ertain-altukoetan, ardura eta erantzukizuna eskatzen dutenetan.
Hemengo plantan, edo orokorrean mundu mailakoetan?
Mexikon ez daukagu inolako arazorik, ezta Txinan ere. Arazo hori Europan dago, eta konkretuki, gure kasuan, Euskal Herrian.
Arazoa da jendeak ardura postu horiek ez dituela hartu nahi?
Orain egun batzuk aritu nintzen gai honetaz hizketan Bergarako eskola profesionaleko zuzendariarekin. Ez dakit ez dagoen horrenbeste jende prestatua maila horretarako, edo horri gehitzen zaion gaur egun jendeak egiten dituen hautuetan ez dagoela ardura eta erantzukizuna hartzeko gogorik. Enpresako langile batzuen sustapenetan ere bizitzen ari gara, eta hori lehen ez zen gertatzen. Nire 34 urteko ibilbidean behin gertatu zitzaidan pertsona batekin, baina orain behin eta berriz gertatzen ari zaigu. Langile batzuei gaitasunak eta potentziala ikusten dizkiegu, eta ardura duten maila altuko lanpostuak eskaintzen dizkiegu, batez ere lantalde baten kudeaketa eskatzen dutenak. Eta ez dute hautu hori egiten ez dituztelako erantzukizun, kezka eta bizimodu horiek nahi.
Seguruenik bi arrazoiren ondorio da: alde batetik, jende gutxiago dagoelako eta oso ingurune industrialean gaudenez, lanpostu asko sortzen direlako; baina bestetik jendearen hautuak daude, kasu askotan ez baitituzte ardurak nahi.
"Lan-baldintzen aldetik konparatiboki gainetik gaude kokatuta, nabarmen gainetik. Orduan, zer gehiago eskain dezakegu erakargarriak izateko?"
Estrategiarren bat planteatu duzue horri buelta eman ahal izateko?
Harreman handia daukagu Miguel Altuna institutuarekin eta baita Mondragon unibertsitatearekin ere, baina hortik haratago ez daukagu estrategia zehatz bat. Gainera ikusten dugu enpresa guztiak gaudela horrela. Eta egia esango dizut: ez dakigu nondik jo. Lan-baldintzen aldetik konparatiboki gainetik gaude kokatuta, nabarmen gainetik. Orduan, zer gehiago eskain dezakegu erakargarriak izateko?
Eta gero badago beste gako bat: guri gertatzen ari zaigu enpresa handiagoek indar gehiago daukakatela, eta agian segurtasun gehiago ematen dutela nahiz eta baldintza eskasagoak izan. Horiekin lehiatzen ari gara talentua erakartzeko, eta baita administrazioarekin ere.
Zein zentzutan administrazioarekin?
Bada, jendea joaten zaigu lan-baldintzengatik: nahiz eta gure baldintzak oso onak izan, egutegia, ordutegia, oporrak eta abar direla-eta, administrazioa lehiakide bat da momentu honetan.
Hausnarketa estrategiko berria abiatuko duzue; puntu honi ere helduko diozuela pentsatzen dut.
Bai, noski. Hausnartzeko, eztabaidatzeko eta zein bide hartuko dugun erabakitzeko gai bat izango da. Arazoa espero genuena baino azkarrago etorri da, mahai gainean daukagu eta une ez oso urrun batean larria izango da.

Larria izango da belaunaldi erreleboa ere tartean dagoelako?
Bada nik belaunaldi erreleboan ez daukat horrenbesteko kezkarik. Duela denbora askotik daramagu horrekin lanean, baina zatirik handiena azken zazpi edo zortzi urteetan izan da. Kalkulatu dudanaren arabera, azken zazpi urteetan 40 pertsona erretiratu dira gurean.
Asko da.
Eta aurten ere beste batzuk erretiratuko dira. Urte batzuk arinagoak izango dira eta beste batzuetan gogorrago joko du. Kinta batzuetako 12-15 pertsona ditugu agian.
Orain gutxi HRE enpresa elgoibartarreko Esther Velasco gerentearekin izan da EnpresaBIDEA, eta kontatzen zuen nola trantsizio bat planteatu behar izan duten ezagutza talde txiki batean zegoelako, erraz galdu zitekeena. Ez zen soilik parte teknikoaz ari, baizik eta zerbait gertatzen bazen nori deitu behar zitzaion. Zuenean ere egoera hori eman zen?
Egoera horrekin guztiz identifikatuta sentitzen naiz. Jendea erretiratzen hasi zenean, konturatu ginen pertsona horiek gauza asko eramaten zituztela beraiekin: ezagutza eta jakintza teknikoa bai, baina baita beste funtzio ugari ere. Egunerokoan inor gogoratzen ez zen zereginez arduratzen ziren, adibidez astelehenetan berogailua edo makina jakin bat pizteaz. Txikikeriak dirudite, baina beharrezkoak dira enpresak ondo funtzionatzeko. Betidanik betetzen zituzten lan horiek, batzuetan euren eginkizunen barruan zeudelako eta besteetan ardura hori euren gain hartu zutelako. Pertsona horiek erretiratu eta denbora batera arazoak sortzen hasten ziren, eta konturatzen hasi ginen ezagutzatik haratago zer eramaten zuten.
Hor hasi ginen gaian sakontzen eta proiektu oso interesgarriak garatu genituen kanpoko laguntzarekin. Gure hausnarketaren ondorioa izan zen ez genuela nahi ezagutzak horren kontzentratuak egotea, lehen pertsona espezialista gutxi batzuetan baitzegoen dena. Beraz, pertsona aditu baten inguruan talde bat sortu genuen hainbat arlotako jendearekin, eta monitorizatutako ezagutzaren transferentzia proiektua gauzatu genuen, jakintza hori banatzeko, zabaltzeko eta egoera bera ez errepikatzeko. Gaur egun ere aurreikusten badugu norbait erretiratuko dela, aurretik norbait kontratatu, eta prestakuntza zein transferentzia plan zehatz eta sendo bat definitzen dugu. Galera hori txikitzen ari gara. Beti doa zerbait, baina errealitatea ere aldatzen denez, egiteko moduak ere egokitu behar dira. Momentu honetan lasai nago zentzu horretan, uste dut ondo egiten ari garela.
Heldu diezaiogun euskararen gaiari. Sekulako ibilbidea egin duzue euskararen arloan, apustu sendo bat; 2013an euskalduntze planari itxiera eman eta fase berria zabaldu zenuten, kontuak euskara hutsean aurkeztu zenituzten... Zein puntutan dago Elay euskarari dagokionez?
Guk euskaraz lan egiten jarraitzen dugu osoki. Gure software, dokumentazio, baliabide eta makina guztiak euskaraz edo euskarara itzulita ditugu.
Eta entzuten dituzunean diskurtso horiek, euskara aukera baino oztopo gisa jartzen dutenak, zer pentsatzen duzue?
Guretzako diskurtso horiek ez dira berriak. Gure ibilbidean latzak pasa eta entzun ditugu, oso gordinak. Jarrera horiek ez gaituzte harritzen, badakigulako hor egon direla beti. Diskurtso horiek ondorioak dauzkate, noski: ez dute batere laguntzen euskarak biziraun dezan. Oso kontziente gara momentu askotan euskalduntze proiektua kolokan jartzeko nola eragin duten, eta ulertzen dugu beste kasu askotan ere eragin dutela. Penaz eta tristuraz bizi dugu: ez dakar onurarik, arriskua areagotzen du eta egoera okertzen laguntzen du.

%100ean euskaraz duzue jarduera, baina trantsizio honetan talentu berria erakarri beharrean zaudete. Hizkuntzaren parteari nola eragin dakiokeen kezka al da zuentzat?
Kezka handia daukagu, eta dagoeneko bizitzen ari gara errealitate berri hau. Orain arte bakarrik kasu batean bizi izan dugu euskaraz ez dakien pertsona baten integrazioa. Baina guk ezin dugu hori erraz onartu, pertsona bakar batek gure proiektu osoa kolokan jar baitezake. Pertsona bakarrarekin neurriak hartu genituen eta bideratu genuen. Gertatzen ari zaiguna da, eskolan euskaraz ikasi arren, jende asko ez dela gai euskaraz lan egiteko; hori da gehien aurkitzen ari garena gure inguruan. Eta etxekolanak egiten ari gara: momentu honetan hiru pertsona dauzkagu barnetegian edo euskara klaseak hartzen guk ordainduta, lanorduen barruan.
Orain arte inpaktua kontrolatua izan da gure konpromisoagatik, baina momentu batean errealitatea aldatuko da eta beharko ditugun pertsonak agian erdaldun hutsak izango dira. Kezka horretatik abiatuta, Bergarako eskola profesionalarekin eta Antzuolako zein Bergarako udalekin bilerak izan ditut dagoeneko, eta zirriborro bat egin dugu egoera kezkagarri honi aurre egiteko ildo batzuekin.
Euskaraz lan egitea arriskuan dago; zerbait aldatzen ez bada, ez da posible izango eta Elayko altxor hau desagertuko da. Guk lortu dugu euskaraz lan egitea eta ia bakarrenetakoak gara; horrek erakusten du posible dela, baina arriskuan dago. Eta okerrena da ez dela aurrerapausorik emango lan-mundua euskalduntzen gauzak aldatzen ez badira.
Enpresan eragiten duen bezala eskolan ere eragiten ari da, erdal hiztunen adarrak sortzen ari baitira, eta herrietan hizkuntza aldatzen ari da, zerbitzuetan nabaritzen den moduan. Egoera kezkagarria da eta aurre egiteko neurriak lehenbailehen hartu behar dira; enpresatik haratago doan errealitatea da.
"Euskaraz lan egitea arriskuan dago; zerbait aldatzen ez bada, ez da posible izango eta Elayko altxor hau desagertuko da"
Hizkuntzak kudeatzen jakiteak abantaila lehiakorrik ematen dio enpresari?
Galdera bitxia da. 2013an euskalduntze plana burutu genuenean konturatu ginen gure egunerokoa euskaraz zela eta gure arazoa zela gauzak erdarara itzuli behar genituela edo makinak erdaraz zetozela. Handik urtebetera, baina, hizkuntzak kudeatzeko talde bat sortu genuen. Izan ere, konturatu ginen Txinako eta Mexikoko plantekin hiru edo lau hizkuntzatan aritzen ginela, eta egoera berrira egokitzeko baliabideak jarri behar genituela. Bi urtez aritu zen talde hori lanean.
Gaur egun naturaltasunez barneratuta daukagu hiru herrialdeak batera ari bagara ingelesez aritu behar dugula, eta bestela bakoitzak bere hizkuntza lehenesten duela. Eragin positiboa izan duen? Nik ulertzen dut baietz. Hizkuntza bat kultura bat ezagutzeko atea da. Behin lagun erdaldun batek esaten zidan euskalduntzea mundu berri bat eta kultura berri bat ezagutzea izan zela berarentzat. Hemen berdina gertatzen da: beste hizkuntzek beste kulturak hobeto ulertzeko, ezagutzeko eta gerturatzeko aukera ematen dute, eta horrek planten arteko harremana eta elkarlana indartzen ditu. Ez dugu inoiz neurtu euskarak edo hizkuntzen kudeaketak abantailarik eman digun, baina ziur nago abantaila bat badagoela eta eragin positiboa izan duela.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta