Eremu sozioekonomikoan euskarak aurrera egingo badu, enpresak elkarlanean aritzea ezinbestekoa da. Mezu horrekin laburbildu daiteke Lanera Enpresa Sarea sortzeko zergatia. "Orain arte bidea bakarrik eta azkar egin duzuenengatik ez balitz, ez ginateke hemen izango. Baina elkarrekin urrutiago joango gara", aldarrikatu zuen atzo Aitor Aldasoro Hizkuntza Politikako sailburuordeak, sarearen lehen topaketan.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Hitzordua Miñaoko Parke Teknologikoan izan zen, eta 80 enpresa inguru bildu ziren bertan, sare hori ehuntzen hasteko asmoz. Aipatzekoa da bertan izan ziren enpresa gehienak aurrerapausoak emanak direla euskararekin, askoren kasuan egituran txertatuta dagoelarik. Baina horixe bilatzen zuten: sentsibilitate gehien dutenekin hasi, apurka-apurka zabaltzen joateko.
Lehen topaketaren xedea izan zen harremanak sortzen hastea, beharrak identifikatzea eta etorkizuneko lankidetza-ildoak martxan jartzea. Moderatzaile eta aurkezle lanak egin zituen Sonia Rodriguez Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak.
Aldasorok adierazi zuenez, Jaurlaritzak, Hizkuntza Politika sailaren bitartez, "iparra jarri" eta "baldintzak eskaini" behar baititu, baina "industriaren erabakia ez bada, enpresak apustu egiten ez badu, ez gara urrutira joango". Horregatik ere izan zen bertan Jaurlaritzako Industria saileko Jose Luis Azkue Industria Garatzeko eta Administratzeko zuzendaria. "Etxean", Asteasun (Gipuzkoa) enpresa pribatuan luze ibilitakoa da Azkue, eta, hala ere, aitortu zuen gaztelera izan duela hizkuntza nagusi lanean. "Bai uste dut epe luzeko lana dela, eta ohitura bilakatu behar dela. Inposatuta ez, pixkanaka joan behar gara", nabarmendu du. "Kudeaketan benetan sartuta, enpresa beste posizio baten uzten du", gehitu du.
Normala beharko lukeena nola bihurtu normal
Hitzorduan, ikusgarritasuna eman zitzaien Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta EAE mailan dauden euskara eremu sozioekonomikoan bultzatzeko egitasmoei. Bideo bitartez egin zen hori, baina bertatik bertara hiru enpresen esperientziak ezagutzeko parada izan zuten bertaratuek, lurralde bakoitzetik bana.
Patxi Koop edarien banaketan ari den enpresa bizkaitarrarentzat, euskarak zerbitzuan bereizi egiten ditu, "garrantzitsua" izateaz gain. "Euskal hiztun gutxiago dauden esparru baten ari gara, ostalaritzan. Baina ez dugu arrunt izan nahi, eta euskarak gertutasuna ematen digu", adierazi zuen Galder Uriarte zuzendariak. 40 urte dituen kooperatiba izanik, 2012tik dute euskara plana eta Bai Euskarari ziurtagiria ere lortu dute. Egunerokotasunean, baina, zenbaitetan konplexua egiten zaie euskara txertatzea. 2024tik euren eskualdean egiten ari den Habian egitasmoaren parte dira, eta horrek pauso txikiak ematea ahalbidetu die, besteak beste enpresaren barruan non kokatu ikusteko. Euskara "jolas moduan" erabilita lortu dute euskal hiztunak ez ziren langileengana hizkuntza gerturatzea.
Galder Uriarte (Patxi Koop): "Euskal hiztun gutxiago dauden esparru baten ari gara, ostalaritzan. Baina ez dugu arrunt izan nahi, eta euskarak gertutasuna ematen digu"
Oreka IT teknologia esparruko enpresa arabarraren kasuan, euskara egunerokotasunean txertatzeko hautua jaiotzatik bertatik dator. "Normal izan behar duena normal bihurtu dugu, kudeaketaren parte, eta lankideei aukera eskaini euskaraz aritzeko", kontatu zuen Iraitz Perez de Goldarazena zuzendari nagusiak. Euren kasuan, ordea, erronka areagotu egin da azken urteetan, Katalunian egoitza bat ireki baitute, eta euskara ez dakiten lankide asko kontratatzeaz gain, katalana kudeatzen ikasi behar izan dutelako. "Iraultza izan da, eta egokitzen ari gara. Erabaki behar izan dugu ea enpresa katalana ere bagaren, ala Euskal Herriko enpresa, Katalunian egoitza duena, eta horren arabera bi hizkuntzak maila berean jarri edo ez". Dena den, Perez de Goldarazenarentzat arazo nagusia ezagutzatik erabilerara eman beharreko saltoan dago: "Badugu non eragin", plazaratu du.
Ampo gipuzkoarrean, fundatzaile "euskaltzaleak" eta Idiazabal (Gipuzkoa) arnasgune izatea gako dira Ane Bergaretxe kooperatibako Komunikazio eta Marketing arduradunaren ikuspegitik. "Egoerak errazago egiten du euskara lan mundura ekartzea. Horrek ez du esan nahi arduratsuak izan behar ez garenik". Adibide bezala jarri du Euskara Motibazio Taldea dutela, "bermatzen duena dena babesten dela". Horrekin batera, azken urteetan saltoa ere eman dute: kudeaketan eta estrategian txertatu dute, "ez baita militanteena soilik". Hala, Kontseilu Errektorearen batzarrak euskaraz egiten dituzte, beharrezkoa den kasuetan aldi bereko itzulpengintza sartuta.
Lanera saretik zer espero
Euren esperientziei buruz galdetzeaz gain, Lanera Sareak egin behar duen ekarpenaz ere hausnartu zuten Perez de Goldarazenak eta Bergaretxek. "Praktika onak partekatzea ahalbidetzen du; funtzionatu duena ezagutu eta gurera ekarri ahal izatea, eta, alderantziz, gure ekarpena egitea. Horrekin batera, markarentzat erakusleihoa da, eskaintzen dugun balioa ezagutzera emateko aukera", adierazi du Oreka ITkoak. "Halako foroak behar ditu euskarak. Guretzat Ingudea Goierriko enpresetan euskara sustatzeko dagoen proiektua gako izan da. Enpresa txikietatik asko ikasi dugu", plazaratu du Ampokoak. Jaurlaritzak egin beharreko ekarpenean ere jarri zuten fokua. "Gaurkoak bezalakoak antolatzea eskatuko nioke. Horrekin batera, hurbiltasuna ere izatea. Eta nola ez, baliabideak", nabarmendu zuen Patxi Koopekoak.
Galdera horiek, hizlariei ez ezik, parte hartzaile guztiei ere egin zitzaizkien. Izan ere, topaketaren bigarren partean talde txikietan lanketa egin zuten bertaratuei, erronkei, zailtasunei, euskararen kontrako argudioei edota Jaurlaritzak egin beharrekoei buruz hausnartzeko. Bildutako informazioa abiapuntu izango da Lanera Enpresa Sarearen hurrengo urratsak definitzeko, eta proiektuan aurrera nola egin zehazteko.
Ane Bergaretxe (Ampo): "Halako foroak behar ditu euskarak"
Momentuz, atzoko saioan Hizkuntza Politika sailak aurreratu zuenez, plataforma batean ari dira lanean, Euskaliten eskutik, "eraginkorra" eta "arina" izan nahi duena. "Webgunea da, baina ez bakarrik hori. Datuak sartu, autodiagnostikoa egin eta epe labur-ertainean ekintzak ezartzeko aukera emango du. Aldi berean, euskara kudeatzeko konpromisoa duzuela erakusteko modua izango da", argitu zuen Galder Lasuen Euskaliteko proiektuen arduradunak. Izan ere, komunitatea indartu, euskara kudeatzen ez dutenak erakarri eta euskarari ekarpena egin nahi baitio. Ondo-bidean, plataforma hori irailetik aurrera izango da eskuragarri.