• ENPRESAK GAUR
  • Langileen arteko txanda-aldaketa egiteko prozedura aldatuko du Petronorrek

Langileen arteko txanda-aldaketa egiteko prozedura aldatuko du Petronorrek

Sindikatuak ez dira ados zuzendaritzaren proposamen berriarekin. Abendura arte greba izan dira beharginak, arropak aldatzeko aldageletako denbora lanorduetatik kanpo sartzeko erabakia hartu zuelako zuzendaritzak

Argazkia: Petronor
Argazkia: Petronor
2026eko urtarrilaren 13a - 13:57

Petronorreko zuzendaritza eta langileen batzordeak atzo bilera egin zuten. Bertan zuzendaritzak beharginei jakinarazi zien Muskizko lantegiko aldagela zaharrak mantenduko dituztela. Pasa den irailean, aldagela zaharrak itxi eta eraikinaren sarreran zeuden berrietara mugiarazi zituzten langileak. Halaber, enpresak erabaki zuen langileen ohiko jardunaldiari ordu erdi gehitzea, arropak aldatzeko aldageletako denbora “konpentsatzeko”.

 

Erabakiaren aurka egiteko greba mugagabea hasi zuten beharginek, baita auzitara jo ere. Abenduan, Bilboko gizarte arloko epaitegiak arrazoia eman zien langileei. Epailearen aburuz, lanaldiaren barruan sartu behar da langileek babesak jantzi, erantzi eta dutxatzeko behar duten denbora tartea. Petronorrek erabakiari helegitea asmoa azaldu zuen orduan, baina hura ebatzi bitartean epaia bete beharra du.

Abendua amaieran amaitu zuten greba langileek, eta gaurko bileran zuzendaritzak langileen arteko txanda-aldaketa egiteko prozedura aldatuko duela jakinarazi die. Lanera sartzen diren langileek lan ordutegiaren barruan egingo dute jantzi aldaketa, baina lana bukatu eta gero kanpora doazenek ez. Hau da, babesak erantzi, dutxatu eta kaleko arropa janzteko behar duten denbora lanalditik kanpo egongo da.

 

Honela, zuzendaritzak uste du epaia betetzen ari dela, baina sindikatuen arabera, Bilboko epaitegiak agindutakoak eragina izan beharko luke langileak lanean sartu eta ateratzerakoan. Hein horretan, CCOOk iragarri du argibideak eskatu dizkiola epaileari, eta langileei eskatu die txanda-aldaketarako sistema berria ez hasteko.

CCOOren arabera, epaiak iradokitzen du txanda aldaketak ohiko jardunaldiari ordu erdi gehitu baino lehen egiten ziren bezala egin beharko liratetekeela, hau da, lanaldiaren barruan. Aitzitik, ezpaiak ez du hitzez hitz halakorik zehazten, eta hori baliatu du Petronorrek erreleboa lanalditik ateratzeko.