• ENPRESAK GAUR
  • Lanuzteen amaiera iragarri dute Petronorreko langileek

Lanuzteen amaiera iragarri dute Petronorreko langileek

ELAk ez du baztertzen greba gehiago egitea

Irailaren 25ean hasi zuten greba mugagabea | Argazkia: ELA sindikatua
Irailaren 25ean hasi zuten greba mugagabea | Argazkia: ELA sindikatua
2025eko abenduaren 18a - 13:17

Petronorreko Muskizeko lantegia, nolabait ere, normaltasunera bueltatuko da. 83 greba egun egin dituzte langileek, irailaren 25ean egindako batzarrean enplegatuen %91k lanuzteen alde egin ondoren, baina gaur jakinarazi dutenez sindikatuek hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazioei berriro ekingo diete.

 

ELA, CCOO, UGT eta TU sindikatuek osatzen dute batzordeak greba mugagabea hasi baino lehen jada salatu zituzten konpainiako zuzendaritzaren “neurrigabekeriak”. Izan ere, enpresak erabaki zuen langileen ohiko jardunaldiari ordu erdi gehitzea, arropak aldatzeko aldageletako denbora “konpentsatzeko”. Enplegatuek neurriaren aurka egin zuten, petrokimikoekin lan egiten dutenez, jantzi aldaketa eta lan ondorengo dutxa ezinbestekoak direlako, eta erabakia “neurrigabekoa” zela azaldu zuten.

Horrez gain, duela hilabete, hitzarmen kolektiboa berritzeko akordiora iritsi zen zuzendaritza CCOO eta UGT sindikatuekin, baina soilik 84 enplegatuk babestu zuten, 333 pertsonek kontra bozkatu baitzuten. ELA sindikatuaren arabera, “lan baldintzetan atzerapausoa” suposatzen zuen hitzarmen horrek.

 

Gauzak horrela, gaur lanuzteen amaiera iritsi bada ere, ELAk jakinarazi du ez dutela baztertzen greba gehiago egitea, “lan baldintzak hobetu ezean”. Hala ere, aldagelen kontuari dagokionez, bide judizialari uko egitea onartu du zuzendaritzak.