• ENPRESAK GAUR
  • Greba mugagabea hasi dute Maderas de Llodioko langileek

Greba mugagabea hasi dute Maderas de Llodioko langileek

Laudioko lantegiko ekoizpenaren %40 beste zentro batzuetara eraman nahi du enpresak

39 lanpostu daude arriskuan | Argazkia: UGT
39 lanpostu daude arriskuan | Argazkia: UGT
2025eko irailaren 22a - 10:40

Greba mugagabeari ekin diote Maderas de Llodio enpresako langileek. Pasa den astean bi egunetan egin zituzten lanuzteak, baina gaurko egunetik aurrerapauso bat gehiago emango dute.

 

Izan ere, zuzendaritzak 151 langileetatik 39 kanporatzea ekarriko zuen enplegu erregulazioko espedientea iragarri zuen hilabete hasieran, eta jakinarazi zuen ekoizpenaren %40 beste lantegi batzuetara lekualdatuko zuela. Enpresa batzordea erabakiaren aurka agertu da, kaleratzeak justifika ezinak direlako eta deslokalizazioa sustatuko delako. “Etekin ekonomikoa izan du kontuan enpresak, eta ez du giza kostuan erreparatu”, azaldu dute langileek.

Aldi berean, erakunde publikoen “gelditasuna” salatu du plantillak, eta Jaurlaritzari zein Arabako Foru Aldundiari lan egitea eskatu diete “deslokalizazio prozesua gelditzeko”.