Ekialde Hurbileko egoerak ekonomian izan ditzakeen kalteekin kezkatuta azaldu zen atzo Imanol Pradales lehendakaria BIEMHen aurkezpenean. Bitartean, baina, oasi modukoa bizi zen BECen barruan, han-hemen askotariko makineria martxan ikusten zen bitartean. "Guretzat puntu inportantea da bezero guztien topagune izaten delako, bai dagoeneko ditugun bezeroenak, baina baita bezero bezala izan nahiko genituzkeen horiekin. Denok toki berean izateak denbora aurrezten laguntzen dizu", dio Guillermo Gariz Iruña Automationeko Administrazio Kontseiluko eta departamentu Komertzialeko kideak.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Ingeniaritza enpresa da Iruña Automation, erabiltzeko prest dauden instalazioak egiten dituena, ekoizpen propioak zein besteenak —IGM austriarraren robotika— integratuta. Garapen propioak Nafarroan duten egoitzan egiten dituzte, baina Gipuzkoako bulegoa eta Mexikoko filiala gehituta, 125 langileko lantaldea du guztira. "Garapen propioetan, galdaketa sektorerako soluzioak egiten ditugu, aluminioa edota burdina urtzen aritzen diren enpresentzat". Biurtekora eramandako makina propioa, adibidez, Portugaleko bezero batentzat sortu dute, bina robot eta prentsa dituena. "Aluminio-galdaketaren ekoizpenean, injekzio-ponpek pieza ateratzen dute, eta ondoren post-tratamendu bat egin behar zaio. Guk egiten duguna da bateratu ekoizpen prozesuan piezak makina askotarikoen artean egiten duen mugimendua". IGMren banatzaile gisa, berriz, soldadura egitea errazten duen erabiltzeko prest dagoen soluzioa eraman dute Biurtekora. Trengintza, garabigintza, obra publikoetarako makineria... garatzen dute horren bitartez.
Data aldaketaz galdetuta, positiboa izan daitekeela iritzi dio Garizek. "Ekainean azokan egiten zenuen edozein kontakturekin harremana jarraitzea konplexuagoa zen, udatik gertuegi zegoelako. Martxora aurreratzeari esker, marjina handiagoa dugu eta jendea harkorragoa izan daitekeela uste dugu".
Mercadocken apustua
Leire Peña Mercadockeko arduradunak ez du ikuspegi hain baikorra. "Biurtekoko hainbat stand egiten dituen enpresa bati partekatu diot gure sentsazioa dela aurten ez dugula ezer aterako. Eta horixe bera esan diote beste enpresa batzuek ere bai. Beherantz doan sentsazioa dutela". 2016tik etorri izan da Mercadock Biurtekora, baina enpresa 2000 urtean sortu zuten Peñaren gurasoek, beste enpresa baten oinorde gisa. Trapagan (Bizkaia) kokatua, 32 langile ditu egun, eta industriarako segurtasun ateetan, ate azkarretan eta zamalanetako kaietan espezializaturiko enpresa da. "Gure lana da horiek instalatzea, eta mantenu eta konpontze lanak egitea. Ez gara ekoizleak, instalatzaileak baizik, baina hornitzaileei kalitate gutxieneko batekin erosten diegu", adierazi du Peñak.

Zer da, zehazki, ate azkarra? "Adibide bat jar dezagun. Supermerkatu batera zoazenean, arraindegi edo harategiaren ondoan izaten da ate moduko bat, salmenta espazioa biltegitik banatzen duena. Hori da ate azkar bat". Laranja kolorekoa da Biurtekora eraman dutena. Horren alboan, sute kasuetan isolatzeko balio duen beste ate eredu bat dute. "Hala ere, duela urtebete beste merkatu-nitxo aukera bat ikusi genuen: haizagailu eta ateragailu industrialak. Izan ere, nabe batzuk tenperatura jakin batean mantentzea ezinbestekoa izaten da bezero batzuentzat, beroa edo hotza egin. Horiek ahalbidetzen dute tenperatura bera mantentzea", adierazi du Peñak. Euren soluzioak hainbat sektoreri ematen die erantzuna. "Espainia iparraldeko enpresa bakarra gara honetan".
Biraren erdian, Herrekor
Soluzioak hainbat sektorerentzat garatzen dituen beste enpresa da Astigarragako (Gipuzkoa) Herrekor SL. Euren kasuan ere elikadura, energia, ontzigintzarako edota beste askotarako soluzioak egiten dituzte. Eta, noski, makina-erremintarako. "Sektorean posizionatzeko erreferentziazko azoka da guretzat. Makina-erremintaren corea dago hemen"; dio María Herrero bertako gerenteak. Tornuak, fresatzeko makinak, artezteko makinak... horietan guztietan erabiltzen dira euren soluzioak, eta normalean produktu propioa ekoizten duten sektoreko enpresak dituzte bezeroen artean
1978an sortua, 27 langile ditu egun. Biurtekora soluzio zorro zabala ekarri du. Neurrira eginiko irristailu linealak dira horietako bat. "Zehaztasun handia lortzen dugu, eta horrek ahalbidetzen digu 6 metro bitarteko gidariak egitea. Tamaina desberdinak lotzeko behar badugu, artezteko makinak ahalbidetzen digu hori". Kasu horretan, garraiagailuak dituzten edozein enpresarentzat izan daitezke baliagarri, packaginga edo ontzigintza sektorea kasu.
Soluzioak hainbat sektorerentzat garatzen dituen beste enpresa da Astigarragako Herrekor SL. Euren kasuan ere elikadura, energia, ontzigintzarako edota beste askotarako soluzioak egiten dituzte. Eta, noski, makina-erremintarako
Era berean, Herrekorren bulego teknikoaren bitartez, hornitzaileen produktuen banatzaile lanak ere egiten dituzte, baita produktu horien mantenu eta erreparazioaz arduratu ere. "Biratzen duen edozein elementu badago, hor gaude", gehitu du gerenteak, euren leloari erreferentzia eginez. Azokara ere ekarri dituzte garapen horiek, esateko sentsoredun akoplamendu adimenduna. "Webgune edo aplikazio batetik kontrolatzen joan gaitezke zertan den makina". Berritasuna da edozein akoplamendu motara elkartu daitekeela. "Estandarra dela", amaitu du.