• EKONOMIA
  • Martxan da Makina Erremintaren Biurtekoa

Martxan da Makina Erremintaren Biurtekoa

1.503 enpresa eta 3.335 produktu izango dira azokan gaurtik ostiralera bitartean

Ekitaldiaren inaugurazio ofiziala gaur eguerdiko 12etan egin da | Argazkia: AFM
Ekitaldiaren inaugurazio ofiziala gaur eguerdiko 12etan egin da | Argazkia: AFM
2026eko martxoaren 2a - 15:07

“Aurrean dugu industriaren ekitaldi nagusia. Industriaren festa”. Hala definitu du inaugurazio ofizialean erakustazoka José Pérez Berdud AFMko presidenteak. BIEMH Makina-Erremintaren Biurtekoari egindako erreferentzia da, hain zuzen ere, gaur martxan jarri dena.

 

Gaurkoa lehen eguna besterik ez da, ostiralera bitartean izango baitira egitasmoak BECeko sei pabiloietan. Bertan izan da, beste askoren artean, Mikel Jauregi Industria sailburua, zeinak dei egin duen bost egunak “ahalik eta etekin handiena ateratzeko aprobetxatzera”.

Sektorearentzat hitzordu aski garrantzitsua izaten da BIEMH. Izenak argi islatzen duen moduan, bi urtean behin soilik antolatzen da azoka, eta milaka parte-hartzaile, bisitari eta enpresa elkartzen dira. Antolatzaileek aurkezpen ekitaldian aurreratu zutenez, gaur hasi berri den edizioan 1.503 enpresek hartuko dute parte, 34 herrialde ezberdinetakoak.

 

Azokaren helburu nagusia da lurraldeko konpainiek garatutako soluzioak erakustea, eta, era berean, ekoizleen eta bezeroen arteko topagunea izatea; 33. edizioan kalkulatu da 3.335 produktu baino gehiago izango direla ikusgai, eta horietako askok nola funtzionatzen duten bertatik bertara ikusi ahalko da. “Soluzio zorro zabala ikusiko dugu EAEko industriaren jatorria den makina-erremintari loturik”, zehaztu du AFMko presidenteak.

Lehen egunean izan diren eragile eta ordezkari askok elkarlanean jarri dute fokua. AIMHE makina-erremintako inportatzaileen elkarteko presidenteak, esaterako, azaldu du biurtekoa ekoizleen eta inportatzaileen elkargunea dela, eta elkarlanak “emaitza indartsuagoa eta askotarikoagoa” ematen duela. Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko saileko diputatuak ere elkarlana “gakoa” dela baieztatu du, bai elkarlan publiko-pribatua, bai elkarlan publiko-publikoa ere, eta horretan “askotariko apustuak” egiten ari direla baieztatu du.

Imanol Pradales Lehendakaria ere izan da bertan, eta sektorearen indarguneak aipatu dituen arren, testuinguru konplexua ere izan du mintzagai. Batetik, gogorarazi du EAEko makina-erremintaren sektorea indartsua dela. “EAE munduko biztanleen 0,028 da, baina 9. ekoizlea da munduan, Estatu handien parez pare jarrita”, azaldu du. Bestetik, aipatu du Europa indarra galtzen ari dela, ekoitzitako produktuek %37ko pisua izatetik %31 izatera pasa baitira. Gainera, asteburuaz geroztik Ekialde Hurbilean izaten ari den eskalatze belikoa ere aipatu du lehendakariak, azpimarratuz eragina izango duela “energiaren prezioetan, harreman komertzialetan...". Ildo beretik, Pradalesek iragarri du enpresak laguntzeko Remove Smart Industry programa aurkeztuko dutela asteazkenean.