• ENPRESAK GAUR
  • 50 milioi euro inbertitu nahi ditu Nafarroako Gobernuak Hithiumekin baterien proiektua gauzatzeko

50 milioi euro inbertitu nahi ditu Nafarroako Gobernuak Hithiumekin baterien proiektua gauzatzeko

Enpresa txinatarrak 100 milioi euroko inbertsioa egingo luke

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2026ko ekainaren 3a - 09:45
Eg. 2026ko ekainaren 3a - 13:23

Apirilaren erdialdean baieztatu zen proiektua: Nafarroako Gobernuak eta Hithium izeneko enpresa txinatarrak akordioa sinatu zuten, Foru Erkidegoan energia metatzeko baterien gigafaktoria bat eraikitzeko. Azpiegitura sortzeko 405 milioi euroko inbertsioa egin beharko zela aurreikusi zuten, baita proiektuaren baitan 1.000 lanpostu sortuko zirela ere. 

 

Akordioa guztiz itxita ez badago ere, badirudi pixkanaka aurrera egiten ari dela. Izan ere, atzo arratsean xehetasun gehiago eskaini zituen Mikel Irujo Nafarroako Industria kontseilariak, zeinaren arabera lurraldeak 50 milioi euroko ekarpena egingo dion bi aldeen artean eratutako sozietateari. Era berean, txinatarrek 100 milioi euro bideratuko dituzte proiektura. Hala, elkarren artean sortutako sozietatean %66ko partaidetza izango du Hithiumek, eta %33koa Nafarroako Gobernuak, Sodenaren bitartez; oraingoz ez da beste bazkiderik izango, baina kontseilariaren esanetan ez dute bestelako eragileen proposamenik baztertuko.

Irujok azaldu zuenez, azpiegitura eraikitzeko behar diren guztizko 405 milioi euroetatik, aurreikusten da 174 milioi euro eskuratzea Hithium negoziatzen ari den banku mailegu baten bitartez, eta faltako liratekeen 81 milioiak, ordea, Espainiako Gobernuak finantzatzea espero dutela, Trantsizio Ekologikorako Ministerioaren dirulaguntzen bitartez. 

 

Haatik, proiektua errealitate bilakatzen hasteko oraindik ere zenbait baimen eskuratu behar dituzte bai txinatarrek, bai Foru Erkidegokoek.