Hiru getxoztar gazte dira Sherpa logistika-plataforma kolaboratiboaren sortzaileak: Pedro eta Jaime Bernar anaiak eta haien txikitako lagun Martin Gonzalez. Egunero, gidari askok bidaian abiatu eta autoan espazio libre mordoa dutela ikusita, berehala bururatu zitzaien hutsune hura beste pertsona batzuek bidali nahi lituzketen paketeekin bete zitekeela.
Hala, 2025ean Sherpa appa jarri zuten martxan, bidaiariek eta bidaltzaileek elkar komunikatu eta bidalketa bakoitzaren inguruko xehetasunak zuzenean adostu ditzaten. Tamaina guztietako paketeak onartzen dituzte, baita animaliak ere. Pedro Bernar CEOarekin hitz egin dugu start-up honen lehen pausoei buruz eta egitasmoaren arrakastaz.
Noren ideia izan zen crowdshipping app bat abiatzea? Noiz eta nola erabaki zenuten Sherpa sortzea?
Nire anaia Jaime, nire betiko lagun Martin Gonzalez eta hirurok hutsune argi bat hauteman genuen: milioika pertsonak autoan espazio librea dutela bidaiatzen dute, eta beste askok zerbait bidali nahi dute nonbaitera. Orduan konturatu ginen erabili gabeko espazio hori sare logistiko eraginkorragoa, humanoagoa eta jasangarriagoa bihur zitekeela.
Nola lortu zenuten finantzazioa? Baliabide propioak erabili dituzue ala kanpo-inbertsiora jo duzue?
Gure baliabide propioekin lehen bertsioa sortu genuen, eredua balioztatzeko. Aurrerago, teknologiaren sektorean esperientzia duen inbertitzaile baten 150.000 euroko finantzazio pribatua jaso genuen. Eta gaur egun lanean ari gara ENISAren bitartez finantzazio publikoa ere lortzeko.
Zer da Sherpa? Nola deskribatuko zenuke?
Sherpa plataforma logistiko kolaboratibo bat da, zerbait bidali nahi duten pertsonak ibilbide hori egiten duten bidaiariekin harremanetan jartzen dituena. Aurretik egindako bidaiak baliatzen ditugu bidalketa bizkorragoak, jasangarriagoak eta errazagoak egiteko. Erabiltzaileek bizikletak edo maskotak ere bidal ditzakete.
"Milioika pertsonak autoan espazio librea dutela bidaiatzen dute, eta beste askok zerbait bidali nahi dute nonbaitera. Hor hutsune argia hauteman genuen"
Bidalketa metodo tradizionalekin konparatuta, zer berrikuntza dakar?
Berrikuntza nagusia da ez dugula bidaia berririk egiten; horren ordez, berdin-berdin egingo zirenak optimizatzen ditugu. Horrek kostuak, denbora eta emisioak murrizten ditu. Gainera, ukitu humanoagoa eta malguagoa ematen dio, batez ere bidalketa delikatuetan edo premiazkoetan.
Sherpa appa 2025etik dago erabilgarri. Nolakoa izaten ari da erabiltzaileen harrera?
Harrera oso positiboa izaten ari da. Ehunka erabiltzaile ditugu erregistratuta, dozenaka bidalketa burututa eta fakturazioa gora doa hilero. Eskaera bereziki handia da premiazko bidalketetan edo tamaina handikoenetan, horietan hutsune handia zegoelako merkatuan.
Aurten, Lanzadera enpresa azeleratzaileak zuen 'start-up'a aukeratu du 1300 proiekturen artean.
Oso gertaera garrantzitsua izan da. Lanzaderak gure prozesuak profesionalizatzen, hipotesiak baliozkotzen eta erabaki estrategikoak bizkorrago hartzen lagundu digu. Horrez gain, aholkulariekin eta kontaktu-sare zabal batekin harremanetan jarri gaitu. Eta gure hazkundearen gaineko askoz ikuspegi egituratuagoa eman digu.
Appa diseinatzeko orduan, zer alderdiri eman zenieten garrantzi handien?
Batez ere konfiantzari, sinpletasunari eta erabiltzailearen esperientziari eman genien lehentasuna. Bidaia edo bidalketa bat argitaratzea ekintza intuitiboa, bizkorra eta argia izatea nahi genuen. Gurea bezalako eredu batean, funtsezkoa da oztopoak murriztea.
"Aurretik egindako bidaiak baliatzen ditugu bidalketa bizkorragoak eta jasangarriagoak egiteko, kostuak, denbora eta emisioak murriztuz"
Zuen negozioan ezinbestekoak dira konfiantza eta segurtasuna. Nola bermatu ditzakezue?
Erabiltzaile guztiek beren nortasuna, telefonoa eta helbide elektronikoa egiaztatu behar dituzte. Horrez gain, bidalketa bakoitzean ezinbestekoak dira idatzizko adierazpen bat eta edukiaren argazkiak. Plataforman trazatuta geratzen da dena, ordainketatik hartzaileak paketea jasotzen duen arte, eta horrek nabarmen areagotzen ditu gardentasuna eta kontrola.
Maskotak ere onartzen dituzue. Zer neurri ezarri dituzue animalien ongizatea bermatzeko?
Protokolo espezifikoak ditugu, eta bidaltzailearen eta bidaiariaren arteko komunikazioa bultzatzen dugu. Gainera, maskoten bidaietarako jarraibide batzuk ere baditugu: auto barruko tenperatura egokia, bi orduan behin gelditzea, aldian behin animaliari ura ematea... Gurekin maskotek kamioi batean edo beste garraio-metodo tradizionaletan baino askoz baldintza hobeagoetan bidaiatzen dute.
Eta aurrerantzean, zer? Baduzue hazten jarraitzeko planik? Eta nazioarteko bidalketak egitekoa?
Une honetan, gure eredua Espainian finkatu nahi dugu. Erabiltzaile kopurua haztea eta bidalketa tipologia batzuk indartzea. Horretan jarrita dugu gogoa. Epe ertainera nazioartera hedatu nahiko genuke, baina lehenik oinarri sendoa eta eskalagarria ezarri nahi genuke hemen.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta