Epaileak arrazoia eman die langileei: Petronorrek enplegatuen aurreko lan baldintzak mantendu beharko ditu. Hala, justifikatu gabe geratu da enpresak irailaren 15ean aplikatutako Lan Baldintzen Funtsezko Aldaketa, zeinak aldagelako denbora lanalditik kanpo uzten zuen.
Izan ere, epaimahaiak ondorioztatu du lehengo errelebo-sistema “onuragarriagoa” zela. Gainera, sententziak dio konpainiak egindako aldaketak egunero jardunaldia luzatzea zekarrela, “eragin nabarmena” izanik langile guztiengan. Bi arrazoi horiek direla medio, Petronorrek aurrez zituzten lan baldintzak bermatu beharko dizkie enplegatuei.
ELA sindikatuak “oso positibotzat” jo du sententzia, “langileak antolatuta mantentzeko beharra indartzen baitu”. Sindikatuak adierazi du ez duela lan-baldintzetan aldaketarik onartuko, eta gogorarazi du hitzarmena sinatzeko prozesuan greba gehiago egiteko aukera ere izan daitekeela, “enpresak bere jarrerari eusten badio”. Pasa den astean amaitu zuten Muskizeko lantegian 83 eguneko greba, hitzarmen kolektiboa berritzeko negoziazioei berriro ere ekiteko.
Petronorrek, bestalde, sententzia errekurrituko duela adierazi du. Aldagela berrien helburua zein den gogorarazi du konpainiak: "pertsonen segurtasuna hobetzea".