• ENPRESAK GAUR
  • Sidenorrek Israeli egindako altzairu salmenten legezkotasuna defendatu du

Sidenorrek Israeli egindako altzairu salmenten legezkotasuna defendatu du

RESCOP sareak salatu du Sidenorreko mezu batzuek konpainia lotzen dutela Israelgo sektore militarrarekin

Argazkia: Sidenor
Argazkia: Sidenor
2026eko otsailaren 25a - 13:34

Sidenorrek bazekien Israelgo sektore militarreko konpainiei merkaturatutako altzairua obusak egiteko erabiliko zela, Palestinako Okupazioaren Aurkako Sare Solidarioak (RESCOP) salatu duenez. Informazioa Polizia Nazionalak esku hartutako agiri batean agertu da, Basauriko lantegian otsailaren 10ean egindako miaketan, Israelera egindako esportazioekin lotutako ikerketaren baitan.

 

Zehazki, aurkitutako artxiboen artean, enpresako zuzendari baten bulegoan inprimatutako mezu elektroniko bat dago. Armagintza industriari lotutako hartzaileak azaltzen dira mezuan, besteak beste, IMI Systems eta Weapon Industries. Mezuen kate horretan agertzen den azken data 2025eko martxoaren 5ekoa da, eta Sidenorrek 2024an sektore militarrerako egindako esportazioen erregistroari egiten dio erreferentzia. Hogei konpainia baino gehiago eta beste bederatzi herrialde ere agertzen dira zerrendan, defentsaren alorrari loturikoak.

RESCOPeko abokatuak adierazi duenez, baieztatzen bada eragiketa horiek aldez aurreko baimen administratiborik gabe eta Espainiako Gobernuari jakinarazi gabe egin zirela, posible da “kontrabando delituaz” hitz egitea.

 

Bestalde, Sidenorrek esan du dokumentazioak finantza erakunde batek egindako kontsulta bati erantzuten diola, eta erakunde horrek jakin nahi zuela zein bezero ziren defentsaren sektorekoak. Enpresaren arabera, bidalitako zerrendan Espainiako eta atzerriko konpainiak agertzen ziren, fabrikatzen dituzten produktu nagusien erreferentzia batekin batera, baina horrek ez du esan nahi hornitutako altzairua erabilera zehatz horietara bideratu zenik.

Konpainiak dio, halaber, IMI Systems LTDra esportatzeko ez zela baimenik behar, ez eta aldez aurreko jakinarazpenik ere, ez baitziren erabilera bikoitzeko material gisa katalogatuak, ezta une hartan enbargoa zegoen herrialde batera bidalitakoak ere. Horren harira, konpainiak gogorarazi du Espainiako Gobernuak 2025eko irailean debekatu zuela enpresek Israeli armak bidaltzea, eta Sidenorrek hori baino bi hilabete lehenago hartu zuela erabaki hori, urte bereko uztailaren 1ean.