• ENPRESAK GAUR
  • Israelgo arma enpresa bati 42 aldiz bidali dio altzairua Sidenorrek

Israelgo arma enpresa bati 42 aldiz bidali dio altzairua Sidenorrek

Berria egunkariak aurreratu duenez, Gazako genozidioa hasita zegoela egin ziren 33 bidalketa, eta orotara konpainiak 5,8 milioi euro eskuratu ditu

Jose Antonio Jainaga | Argazkia: Europa Press
Jose Antonio Jainaga | Argazkia: Europa Press
2025eko azaroaren 11a - 11:39

Berria egunkariak jakinarazi duenez, Sidenorrek 42 alditan bidali dio altzairua Israelgo IMI armagintza enpresari 2023ko otsailetik 2025eko ekainera bitartean; bidalketen gehiengoak (33) Gazako genozidioa hasi ostean egin zirela ere gaineratu du, hau da, 2023ko azarotik aurrera eta 2025eko ekainera bitartean.

 

Israel Military Industries konpainiak arma astunak eta arinak ekoizten ditu, eta duela pare bat aste jakin zen Francisco de Jorge Auzitegi Nazionaleko epailea Sidenorreko zuzendaritza ikertzen ari zela, Israelgoei altzairua bidaltzeagatik. Epailearen arabera, Jose Antonio Jainaga presidenteak, Marco Pineda zuzendari orokorrak eta Iñigo Molero zuzendari komertzialak bazuten “behin eta berriro” egindako bidalketen berri, baina “ez zioten Gobernuari balizko baimena eskatu ez eta eragiketak balizko erregistroan inskribatu ere”. Espainiako Poliziak argitaratutako txostenaren arabera, bidalketetan orotara 4.587 tona altzairu igorri zituen konpainiak, eta 5,8 milioi euro jaso trukean.

Comunitat Palestina de Catalunya-Terra Santa elkarteak jarritako kereila baten ondorioz hasi zen epaiketa, zeinak “armen bahiketa integrala eta atzeraeraginezkoa aplikatzea” bilatzen duen, “Palestinarekiko genozidioaren konplizitate ekintza bat bera ere zigorrik gabe gera ez dadin”. Elkarteak berak baieztatu zuen Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dituela Israelera 2024ko abuztuaz geroztik, hiru bidalketetan: 393 tona ekainaren 4an, 306 tona maiatzaren 20an eta 290 tona abuztuaren 7an.

 

Bihar bertan deitu ditu Auzitegi Nazionalak Jainaga, Pineda eta Molero, kontrabandoaren eta gizateriaren aurkako delitua egin ote zuten ikertzeko. Konpainiak, bere aldetik, ez du baieztapenik egin gaur argitaratutakoaren inguruan; dena den, epaiketaren albistea zabaltzean jakinarazi zuetn epaileari “euren esku dagoen informazio guztia” eskainiko ziotela.

Hori guztia gutxi balitz, Sidenorrek duela gutxi sinatu zuten akordioa Talgo tren konpainiaren akzioen %29,76 erosteko, Eusko Jaurlaritzaren, BBK eta Vital fundazioen eta Espainiako Gobernuaren eskutik. Halere, eragiketa ez da itxi oraindik, eta Talgok ezohiko batzarra egingo du.