Sidenorrek eta Cofivacasak 86.303 euro ordaindu beharko dizkiote 2023an amiantoa inhalatzearen ondorioz hil zen beharginaren familiari. Zehazki, 62.500 euro inguru eman beharko dizkiote alargunari eta 11.900 seme bakoitzari. Hasiera batean kalte-ordainketa bikoitza izan behar bazuen ere, azkenean erdira murriztu da, langilea erretzailea zelako eta auzitegiak zalantzan jarri duelako tabakoak ere ez ote zuen gaixotasunean eragina izan.
Ekainean hil zen beharginak Acenor Hernanin lan egiten zuen eta adenokartzinoma pairatu zuen lanean amiantoa inhalatzeagatik. Labeetan, ijezketa trenetan eta argiketari gisa lan egin izan zuen eta amiantoa manipulatzen zuen legeak exijitutako segurtasun neurririk gabe. Jakinarazi dutenez, inork ez zion amiantoak zekarren arriskuaren berri eman, ezta azterketa mediko espezifikorik egin ere.
Asviamie EAEko Amiantoaren Biktimen Elkarteak gogorarazi du 1940 urteaz geroztik indarrean zegoela enpresen betebeharrak zehazten zituen legedia, zeina “enpresak ez zuen bete hainbat hamarkadatan”.