• ENPRESAK GAUR
  • Talgok aurreikusten du 2026an 200 enplegu berri sortzea Ribabellosako lantegian

Talgok aurreikusten du 2026an 200 enplegu berri sortzea Ribabellosako lantegian

Foro Capitalen izan da Jainaga, zeina gaur egun EAEko industriak dituen zailtasunez mintzatu den

Jainaga gaurko hitzaldian | Argazkia: Europa Press
Jainaga gaurko hitzaldian | Argazkia: Europa Press
2026eko otsailaren 23a - 11:24

Gasteizen egin den Foro Capital ekitaldiaren bigarren edizioan, Jose Antonio Jainaga Mirai Investments, Talgo eta Sidenorreko presidentea izan da protagonista, zeinak hitzaldia eskaini duen euskal industriaren egoera eta etorkizunaren gainean. Berak bakarrik ,zein Manu Alvarez kazetariarekin eta Josune Vélez aurkezlearekin solasean, iragarki zehatzak egin ditu eta lehiakortasunari, energiari eta enpresa tamainari buruzko diagnostiko kritikoa uztartu ditu.

 

Batetik, Jainagak iragarri du Talgok 200 pertsona inguru kontratatuko dituela 2026an Rivabellosako lantegian, eta euskal partzuergoa Talgon sartu izana defendatu du, konpainia Araban errotzeko operazio estrategiko gisa. Enpresak egoera “finantzario delikatua” eta pertzepzio publikoari dagokionez egoera konplexua dituela onartu du, besteak beste, Renfek trenak berandu entregatzearen ondorioz ezarritako multengatik eta Israelgo enpresa bati altzairua saltzeagatik izandako ikerketagatik. Azken horri dagokionez, esan du “oraindik ez duela ulertzen nolatan dauden istilu horretan sartuta”. Hala ere, bere helburua konpainia birbideratzea eta Europako abiadura handiko “merkatu erraldoia” aprobetxatzea dela ziurtatu du: “Delikatutzat jo dezakegun egoera finantzario bat birbideratuko dugu, eta irudi publiko delikatua berreraikiko dugu”.

Talgotik harago, Sidenorreko presidenteak honako mezua bota du: “Industriak egonkortasuna, epe luzeko enpleguak eta soldata altuagoak ematen dizkigu. Defendatu eta bultzatu egin behar dugu”. Bere ustez, EAEk bi arazo estrukturali aurre egin behar die: akziodunen belaunaldi aldaketari eta enpresen tamainari. “Handia izateak ez dakar bere horretan arrakasta izatea, baina asko laguntzen du”, adierazi du, dimentsioa irabazteko eta nazioarteko merkatuetan hobeto lehiatzeko fusio sektorialak defendatuz.

 

Bestetik, energiaren kostuaren gaiari ere heldu dio Jainagak, eta defendatu du orduko megawatt bakoitzeko 40 euroan kokatzea enpresek ordaindu beharreko prezioa, industria lehiakorra izateko ezinbestekoa deritzolako. Gaur egun, “zortea duten enpresek” 80 euro inguru ordaintzen dituzte megawatt orduko. “Horrek desabantaila handia ematen digu”, ohartarazi du, eta neurriak eskatu ditu industria-sarearen etorkizunerako giltzarritzat jotzen duen faktura murrizteko.

Azken hilabeteetan pil-pilean den absentismoaz ere ohartarazi du, “bidegabea eta insolidarioa” eta lehiakortasunerako kaltegarria dela esanez, eta kualifikatutako eskulan faltan ere jarri du azpimarra. Talentua trebatzeko eta erakartzeko lankidetza publiko-pribatua defendatu du, eta immigrazioaren aurkako politikak baztertu: “Haiek gabe ez dago etorkizunik”, azpimarratu du, Rivabellosan soldatzaileak aurkitzeko zailtasuna adibidetzat jarriz. Absentismoari dagokionez, arazoa "kulturala, politikoa eta hezkuntzari loturikoa" dela esan du, eta konpontzeko "denbora" beharko dela baieztatu, gomendatuz belaunaldi gazteei lana beste era batera begiratzen irakastea.

Automobilgintzaren arloko Europako estrategia ere kritikatu du Jainagak. Sidenorren ekoizpenaren bi heren sektore horretara bideratzen da, eta ildo horretatik, “suizidio industrialtzat” jo du auto elektrikoaren alde Europak azken urteetan egin duen apustua, Txinak horren harira lortu duen abantaila azpimarratuz: batetik, Europak errekuntza-motorrak ekoizten sekulako abantaila zuelako Txinarekiko, eta, bestetik, Txinatarrek auto elektrikoak ekoizten zekitelako Europan baino askoz lehenago. Hortaz, bere ondorioa argia izan da: “Txinak autoak hemen saldu nahi baditu, hemen ekoitzi behar ditu, hemengo baldintzak beteta”.