• ENPRESAK GAUR
  • Tubos Reunidoseko langileek protesta egin dute BECen aurrean

Tubos Reunidoseko langileek protesta egin dute BECen aurrean

Makine-Erremintaren Biurtekora bertaratu dira langileak, “leku ezin hobea” delako haien egoera ikusgai egiteko

Argazkia: EnpresaBIDEA
Argazkia: EnpresaBIDEA
2026eko martxoaren 2a - 11:24

BIEMH Makina-Erremintaren Biurtekoa hasi da, eta parte-hartzaile diren enpresa eta bisitariak ez ezik, Tubos Reunidoseko langileak ere bertaratu dira BEC sarrerara, enplegu-erregulazioko espedientearen (EEE) ondorioz jasaten ari diren lan-egoera erakutsi asmoz.

 

09:00ak aldera egin dute elkarretaratzea, eta langileen batzordeak adierazi duenez, 300 lagun inguru bildu dira, batik bat, Amurrioko lantegikoak. Bi ordu inguruko protesta aurreikusi dute, “arazoa ikusgai egiteko”. “Industriaren hitzordu hau baino hoberik ez dago, ikus gaitzaten eta jakin dadin borrokan jarraituko dutela”, adierazi diote langileek Europa Press albiste-agentziari.

Bihar ere elkarretaratzea egiteko asmoa dute, 11:30etik 13:30ak bitartean, Laudioko herriko plazan, bihar bertan Ainize Gastaka alkatearekin elkartzeko asmoa baitute. Hurrengo egunean, asteazkenean, zuzendaritzarekin elkartuko dira berriro ere, EEEa negoziatzen jarraitzeko. Ezer aldatu ezean, 301 langilek galduko dute enplegua; horietatik 274 Amurrioko lantegikoak dira, eta 27 Trapagarangoak.