• ENPRESAK GAUR
  • Tubos Reunidoseko zuzendaritzak hirugarren proposamena egin die langileei

Tubos Reunidoseko zuzendaritzak hirugarren proposamena egin die langileei

Aurretiko erretiroak eskaini ditu 59 urte dituztenentzat, besteak beste

Tubos Reunidoseko langileak, Euskalduna aurrean mobilizatzen | Argazkia: David de Haro/Europa Press
Tubos Reunidoseko langileak, Euskalduna aurrean mobilizatzen | Argazkia: David de Haro/Europa Press
2026eko otsailaren 26a - 11:32

Gaur ez da beste egun bat Tubos Reunidoseko langileentzat. Izan ere, zuzendaritzak Euskalduna Jauregian deitu ditu langileen batzordearekin hemendik aurrerako bilerak. Langileen ordezkariak haserre bezain harrituta daude erabakiarekin, batez ere Trapagako plantan batzartzeko proposamenari uko egin ziolako zuzendaritzak, eta orain, aldiz, Bizkaiko hiriburura eraman dituelako hitzorduak.

 

Dena den, protestak ere Bilbora lekualdatzeko erabakia hartu du batzordeak, eta sindikatuek jakinarazi dutenez, goizean goizetik 300 langile inguru batu dira Euskalduna Jauregiaren inguruan. Bilera eguna izanik 24 orduko grebara deituta daude langileak, lanuzteak erabateko jarraipena izan du Amurrioko plantan. Trapagakoaren kasuan jarraipen daturik erraztu ez badute ere, ESK eta LABek egin dute deialdia. 

Erregulazio espedienteari buruzko bilera goizeko 10:00etan hasi da, eta bigarren batzar bat egin dute 13:30an lan baldintzen egokitzapenari buruzkoa. Sindikatuek esan dutenez, berriro ere eskatu dute erregulazio espedientea bertan behera uztea. Langileak, bestalde, 14:30ak arte izango dira kontzentratuta.

 

Hirugarren proposamena

Enpresak jakinarazi duenez, hirugarren proposamena egin die langileei, berriro ere, erregulazio espedientearen "inpaktu soziala are gehiago txikitzeko". Gaur egindako proposamenak honakoak barne hartzen ditu: 59 urtetik gorakoentzako aurretiko erretiroak soldata gordinaren %65eko errenta planarekin eta Gizarte Segurantzarekin erretiro-pentsioaren estaldurarako Hitzarmen Berezia 63 urtera bitarte; behin-behineko langileen kasuan, lan egindako urte bakoitzeko 30 eguneko soldata, gehienez ere 12 hilabeteko mugarekin; eta beren borondatez enpresatik irtetea erabakitzen dutenei, 38 eguneko ordainsaria, gehienez ere 24 hilabeteko mugarekin, gehi 1.500 euro gehiago lan egindako urte bakoitzeko (10 urteko mugaraino.