Uvesco erosteko 700 milioi eurotik gorako eskaintza egin du euskal inbertitzaileen talde batek, EFE agentziak jakinarazitakoaren arabera. Duela aste pare bat jakin zen Uvescoko zuzendaritzak eta beste zenbait inbertitzailek (Kutxabank, Inveready eta Geroa, besteak beste) interesa zutela taldea erosteko, Euskal Herrian errotuta jarrai zezan. EFEk ere partekatu du, antza, eskaintza itxi dutela dagoeneko, baina Noel D'Anjou Finantza eta Ogasun sailburuak esan du "hastapen fasean" dagoela, eta "zuhurtziarako" deia egin du "operazioa ondo atera dadin". Gobernu Kontseilu osteko agerraldian egin ditu adierazpenak D'Anjouk, kazetarien galderei erantzunda.
Orain arte, PAI Partners funts frantziarrak kontrolatu du BM eta Super Amara supermerkatuen kateen jabe den taldearen %70, baina izan dira beren zatia erosteko proposamenak egin dituztenak. Carrefourrek, esaterako, 2024ko ekainean egin zuen saiakera, eta aurrez Auchan (Alcamporen jabea) enpresa frantsesa ere gerturatu zen Uvescorengana. Portugalgo Sonaek ere erakutsi zuen interesa.
Maiatzean jada Uvesco berak iragarri zuen aliantza publiko-pribatu baten beharra zegoela, PAI Partners funtsak Uvesco saldu nahi izango balu prest egoteko eta taldearen “errotze-proiektua” martxan jartzeko. Jaurlaritza adi jarraitzen ari da prozesua, eta inbertitzaileekin harremanetan direla argitu du gaur D'Anjouk. "Edozein modutan" eragiketa "errazteko eta laguntzeko" prest daudela ere nabarmendu du.