BBVAk %39 gehiago irabazi du lehen hiruhilekoan

Iazko hiruhileko berean baino 1.846 milioi euro gehiago dira

BBVAko mozkinek gora egiten jarraitzen dute | Argazkia: iStock BBVAko mozkinek gora egiten jarraitzen dute | Argazkia: iStock

BBVAren mozkinek goranzko bidean jarraitzen dute. Entitateak 1.846 milioi gehiago irabazi ditu lehen hiruhilekoan 2022ko epe berarekin alderatuta. Espainiako gobernuak bankuen gaineko ondare prestazioa ezarri ondorengo lehen emaitzak dira entitatearentzat. 225 milioi euro bideratu ditu horretara, eta horrek Espainian lortutako emaitzen beherakada eragin du mozkinei dagokienez: 541 milioi eurokoak izan ziren, iaz baino %9,5 gutxiago.

2022an bere historiako mozkin handienak lortu zituen entitateak, kredituaren "hedapenari" esker batez ere: 6.420 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen, kreditua %13,3 euro konstanteetara igota. Oraingoan, marjina garbiak %29 igo ditu, 6.956 milioi eurora, iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta. Interes-tasen igoerak zuzeneko eragina izan zuen horretan, kreditu-zorroetan eragina izaten ari baitira. Interesei loturiko marjinak ere gora egin zuen —%43, 5.642 milioira arte—, baita komisio garbiei loturikoa ere —%15,4ko hazkundea, 1.439 milioi eurora arte—.

Azkeneko bi aldagai horietan Mexikoko eta Espainiako bilakaera bereziki onak eman diote bultzada entitateari. Are gehiago, Mexiko da egun BBVAren merkatu geografiko nagusia: bankuen irabazi guztien %54 suposatzen du, eta irabaziek %44 egin dute gora herrialdean, jarduera komertziala eta kredituari esker.

Horrekin batera, gora egin zuen bezero kopuruak. 2,6 milioi bezero gehiago lortu zituen entitateak 2023ko urtarriletik martxora.

Bere emaitzei esker, %16ko ROTE errentagarritasuna lortu du, Europako banku handi guztietatik emaitza onena, eta entitatearen emaitzarik onena azkeneko 10 urteetan. Indize horrek enpresa baten ondasun ukigarrien errentagarritasuna neurtzeko erabiltzen da.

Informazio gehiago
Merkatuak, bankuen emaitzei begira
Bankuak ardotara doaz
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK