
BBVAk huts egin du Sabadell bankua erosteko saiakeran. Carlos Torres buru duen bankuek akziodunen %25,5eko babesa besterik ez du lortu, eragiketa gauzatzeko %50etik oso urrun geratu delarik. Hala jakinarazi zion bart arratsaldean bankuak CNMV Espainiako Balore Merkatuaren Batzordeari.
Azken bost urteetan bigarren aldia da BBVA Sabadell erosten saiatzen dela, eta bietan porrot egin du. Azken hilabeteetan bi entitateek sekulako komunikazio kanpaina egin dute, euren akziodunak erakarri nahian, eta, azkenean, Sabadellen proposamena atera da garaile. Entitate kataluniarrak bere akziodunak atxikitzeko dibidendu handia banatu du aurten.
Behin emaitza jakinik, BBVAk adierazi du ez duela EEP Erosketa Eskaintza Publikoarekin aurrera jarraituko, akziodunen gutxieneko onarpen mailara iristen ez delako. Bere akziodunak saritzeko asmoa ere iragarri du bankuak, eta 2028ra arte 36.000 milioi euro banatuko ditu.
"Eskerrak eman nahi dizkiet batasun proiektuari babesa agertu dioten Sabadell bankuko akziodunei, BBVAko akziodunei eta gure taldeari prozesu osoan zehar egindako lan handiagatik", esan zuen atzo Torresek ohar bidez. Gaur BBVAk emaitzaren gaineko xehetasun gehiago eskainiko ditu.