Berlinen, Bundesbanken egoitzan elkartu da gaur Europako Banku Zentralaren kontseilua, eta deliberatu dute, espero zen moduan, interes tasak puntu laurden igotzea, %2,5eraino. Iran eta AEBetako gerraren bilakaerak eta horrek eragindako Ormuzko itsasartearean blokeoak energiaren prezioa hauspotzen jarraitzen du, eta azken honek inflazioa igoarazi du %3,3raino eurogunean, abuztuan.
Gauzak horrela, EBZk behartuta ikusi du bere burua interes tasak igotzera, eta litekeena da abenduko bileran ere tasak berriro igotzea. Izan ere, inflazioaren egungo maila bankuaren helburu den %2tik oso urrun da, eta udaran nabarmen egin du gora –lau hamarren handitu da KPIa uztailetik abuztura–.
Inflazioak, halaber, martxoan hasi zuen goranzko joera, baina EBZk ekainera arte itxaron zuen interes tasak igotzeko. Orduko hartan finantza erakundeak espero zuen Ekialde Ertaineko gatazka ez zela denboran hainbeste luzatuko, baina AEB eta Iranen arteko negoziazioek huts egin dute, eta bi potentziek elkar erasotzen jarraitu dute azken asteetan. Horrek eragin du, era berea, brent upelaren prezioak ehun euroko langa gainditzea aste honetan bertan.
EBZk, hortaz, %2,5eraino igo du gordailuen tasa, %2,65era birfinantzaketa-eragiketa nagusien tasa eta %2,9ra kreditu erraztasunarena.
Christine Lagarde buru duen erakundeak aitortu du inflazioak denbora luzez eutsiko diola maila altuan. Horren adierazle, gorantz berrikusi ditu 2027rako eta 2028rako aurreikuspenak. Hurrengo bileran, urriaren 29an, tasak bere horretan mantentzea espero dute merkatuek, baina urtea amaitu aurretik beste igoera bat ziurtzat jotzen da.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta