Finantzek badute balio (eskolatik ikasten badira)

Bizitzan zehar beharrezkoak ditugun finantza gaiak ikasle garaitik ezagutzearen garrantziaz ohartuta, ‘Bizitzarako finantzak’ programa pedagogikoa du martxan Kutxabankek hainbat eskolekin batera. 13 eta 17 urte bitarteko ikasleek finantzen munduko oinarrizko kontzeptuak ulertzea du helburu

Mikel Manterola eta Mikel Arregi, 'Bizitzarako finantzak' programaren azken saioan Ekintza Ikastolako ikasleekin | Argazkia: Jon Urbe/Foku Mikel Manterola eta Mikel Arregi, 'Bizitzarako finantzak' programaren azken saioan Ekintza Ikastolako ikasleekin | Argazkia: Jon Urbe/Foku

Finantza hezkuntzan euskaldun batek lortuko duen batez besteko emaitza 4,33 da 10etik. Hala dio Europako Finantza Plangintza Elkartearen (EFPA) azken txostenak, 2022ko urrian egin zenak. Badirudi, urteek aurrera egin ahala, finantzen inguruko ezagutza zertxobait handitu dela, baina ez da nahikoa: kalifikazioek erakutsi bezala, azken emaitzak ez baitira ikasgaia gainditzera iristen.

Egoera hori aldatu nahian sortu zuen Kutxabankek duela zazpi urte ‘Bizitzarako Finantzak’ programa, gazteek finantzen munduko oinarrizko kontzeptuak ulertzea helburu duen simulazio-jokoa, helduarorako trantsizioan ezinbestekoak izango zaizkien gaitasun eta ezagutzak lortzen lagunduko diena. Programa pedagogikoa sortu zutenetik, 13 eta 17 urte bitarteko 13.800 ikasle euskaldun murgildu dira finantzen munduan. ‘Bizitzarako Finantzak’ programaren klase batean izan da EnpresaBIDEA.

Aurrekontu, baliabide, zerga

Asteazkena, goizeko 11:00k. Donostiako Ekintza Ikastolako DBH4ko 24 ikaslek ekonomia klasea dute. Gelaz aldatu eta norbere lekuan eseri ostean, fitxa batzuk atera dituzte. ‘Bizitzarako Finantzak’ programako orri idatziak dira. Edurne Larraza ekonomia irakaslea sartu da gelan, beste bi lagunekin batera. Mikel Arregi Kutxa Fundazioko kidea eta ‘Bizitzarako Finantzak’ programaren dinamizatzailea, eta Mikel Manterola Kutxabankeko bulegoetako zuzendariordea dira gelan sartu diren beste biak. Izan ere, gaur dute ‘Bizitzarako Finantzak’ programaren amaierako saioa, eta programan ikasitakoak azaleratzeko unea iritsi da. Klasea hastera doa.   

 DSF2380
Enpresa txiki bat ireki berri duen enpresariarena edo botika ugari ordaindu behar dituen pentsiodun baten egoera aztertu behar dute ikasleek | Argazkia: Jon Urbe/Foku

Mikel Arregik hartu du hitza, eta bikote bakoitzari euren kasu praktikoa azaltzeko eskatu die. Talde bakoitzak pertsona baten rola hartu du bere gain, eta kasu errealetan oinarritutako proiektu bat aurrera atera behar izan dute. “Proiektua kuantifikatu eta aurrekontua egin behar izan dute lehenbizi. Ondoren, programaren txartelak banatu dizkiet ikasleei, klase bakoitzeko bana. Txartel horiek aldeko zein aurkako aldagaiak dituzte: aldekoetan diru-sarrerak gastuak baino handiagoak dira, eta aurkakoetan, zerga handiagoak dituzte edo baliabideak garestitu zaizkie. Hasieran ezarritako helburua lortzeko, oztopoak gainditu eta unean uneko egoerara moldatu behar izan dute, zenbaki gorrietara iritsi gabe”, azaldu du Larrazak. “Egiaz bizitzan gertatzen diren kasuak izanik, inplikazio eta interes handia erakutsi dituzte ikasleek, eta gogotsu aritu dira beharrean. Finantzen inguruan asko ikasi dutela esango nuke”, gaineratu du.

Edurne Larraza: “Egiaz bizitzan gertatzen diren kasuak izanik, inplikazio eta interes handia erakutsi dituzte ikasleek eta gogotsu aritu dira beharrean. Finantzen inguruan asko ikasi dutela esango nuke”

Ikasleek aipatutako kasu praktikoen artean daude, esaterako, enpresa txiki bat ireki berri duen enpresariarena, botika ugari ordaindu behar dituen pentsiodun baten egoera, edota zenbaki gorrietan egotetik loteria irabaztera igaro den pertsona batena. Eskuartean dituzten fitxetan, programan zehar hartu dituzten erabaki eta mugimendu guztiak dituzte idatzita, eta garatutako estrategia nola gauzatu duten azaldu diete gaurko saioan ikaskideei. “Zailtasunak izan dituzte egoera batzuetan, baina kasu bakoitzean, erabiltzeko zein tresna edo aukera dituzten ikasi dute, etorkizunera begira ere balioko dieten tresnak”, azaldu du irakasleak.

Etorkizunerako finantza aholkuak

Kasu bakoitzari begira, aholkulari lanak egin dituzte Arregik eta Manterolak, ikasleek izandako zalantzak argituz eta, norbere helburuen arabera, dituzten finantza aukeren berri emanez. “Aurreztearen garrantziaz ohartu naiz gehienbat. Garrantzitsua iruditzen zait 18 urte betetzen ditugunerako diru aurreztua izatea eta ongi gordea izatea”, dio Alexek, programan parte hartu duen ikasleetako batek.

bizitzarako finantzak 3
Txarteletan aldeko zein kontrako aldagaiak topatu ohi dituzte ikasleek | Argazkia: Jon Urbe/Foku

Horixe izan da, hain zuzen ere, Arregik eta Manterolak nabarmendu nahi izan duten kontuetako bat: aurreztearen garrantzia. Horri lotuta, aurrezki kontuen funtzionamendua azaldu du Manterolak, eta zordunketa eta kreditu txartelek duten funtzioaren berri ere eman du. “Umetatik itxulapikoan izandako diru horrekin zer egin dezaketen irakatsi egin behar zaie. Dirua banku batean nola sartu edota zer baldintza bete behar dituzten jakin beharra dute. Horretarako adinean daude”, adierazi du Manterolak.

Mikel Manterola: “%20 aurreztu egin behar izaten da etxea erosteko mailegu bat eskatu ahal izateko. Normalean bizitzako erosketarik garrantzitsuena izan ohi da etxearena, eta erosteko unera arte datu horiek ezezagunak izaten dira askorentzat. Hortik, ikasle garaitik halakoak garbi izatearen garrantzia”

Aurreztearen garrantziari lotuta, finantzazio motak ere azaldu dituzte. Manterolaren azalpenen arabera, “pertsonalak eta hipotekarioak daude. Lehenengoan zenbateko txikiagoak izaten dira eta epe laburrekoak. Hipotekarioak etxeak erosteko izaten dira, epe luzeagokoak eta kopuru handikoak”. Eta mailegu bat eskatzeko kontuan izan beharrekoak ere aipatu ditu: “Norbere diru-sarrerak, aurrezteko gaitasuna edota arrisku maila neurtzen ditugu hipoteka bat ematerako garaian. Baina %20 aurreztu egin behar izaten da etxea erosteko mailegu bat eskatu ahal izateko. Normalean bizitzako erosketarik garrantzitsuena izan ohi da etxearena, eta erosteko unera arte datu horiek ezezagunak izaten dira askorentzat. Hortik, ikasle garaitik halakoak garbi izatearen garrantzia”.

bizitzarako finantzak 4
Bukatzerakoan, irakasleak ikasleen fitxa guztiak bildu ditu | Argazkia: Jon Urbe/Foku

Eta zer gertatzen da Interneteko erosketekin? “Askotan egiten ditut erosketak sarean eta orain badakit iruzur egiteko aukera ere handia dela. Badakit zer izan behar dudan kontuan dirurik lapur ez diezadaten”, dio Darak, programan parte hartu duen beste ikasleetako batek. Horri lotuta, txartel birtuala egitearen aukeraz mintzatu da Manterola, eta webgune bat segurua den ala ez jakiteko kontuan izan beharreko gakoak azaldu dizkie Arregik.

Mikel Arregi: “Garrantzitsua iruditzen zait finantzen inguruko arlorik garrantzitsuenak ikasle garaitik ezagutzea, etorkizunean beharrezkoak direlako. Horregatik derrigorrezko ikasgai ezarriko nituzke ikastetxe guztietan”

Halaber, zergak zertarako izaten diren eta horiek ordaintzearen garrantzia azpimarratu nahi izan dute bi adituek. Arregik argi dio: “Helduarora iritsi arte askorentzat ezezagunak diren gaiak dira, egiaz bizitzea tokatzen zaigun arte oharkabean igarotzen direnak. Garrantzitsua iruditzen zait finantzen inguruko arlorik garrantzitsuenak ikasle garaitik ezagutzea, etorkizunean beharrezkoak direlako. Horregatik derrigorrezko ikasgai ezarriko nituzke ikastetxe guztietan. Zerbaitengatik dira bizitzarako finantzak”.

Informazio gehiago
Autoaren kolorea
Finantza-hezkuntzaz
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK