Ia 4.000 milioi euro irabazi ditu BBVAk urte erdian

Iazko epe berean baino % 31 gehiago irabazi du finantza-erakundeak. Caixabankek ere 2.100 milioi euroko etekinak izan ditu

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

EBZk bultzatutako interes-tasen igoera eragin nabarmena izaten ari da bankuen irabazietan eta finantza-erakunde gehienak inoizko mozkin altuenak eskuratzen ari dira. Atzo Kutxabankek eta Laboral Kutxak iragarri zituzten euren emaitzak, gaur, aldiz, BBVAren txanda izan da. Finantza-erakundeak 3.878 milioi euroko mozkin garbia erdietsi du 2023ko lehen seihilekoan eta iazko emaitza %31n handitu du. Halaber, bankuaren-diru-sarrerak 14.148 milioi eurokoak izan dira eta iazko epe berarekin alderatuz %23,5 egin dute gora.

BBVAk jakinarazi duenez, 1.000 milioi euroren truke akzioak berrerosteko programa bat jarriko du martxan.

Sektoreko erakunde gehienen gisan, interesen marjinengatik handitu du BBVAk mozkin garbien emaitza. Aurtengo lehen erdian 11.410 milioi euroko erdietsi ditu interesen marjinen bidez, iaz baino %33,6 gehiago. Gainera, komisioen bidez, 2.909 milioi euro lortu dituzte, iaz baino %10 gehiago.

Espainian, soilik, 1.231 milioi euroko etekinak lortu ditu BBVAk, iaz baino %53,6 gehiago, aitzitik, Mexiko, Hego Amerika eta Turkiako merkatuei esker lortu dute irabaziak areagotzea finantza-erakundearen arabera.

Caixabankek ere 2.000 milioi euro baino gehiago

Caixabankek ere etekinak nabarmen handitzea lortu du aurtengo lehen seihilekoan, 2.137 milioi euro irabazi ditu, hain zuzen, iazko epe berean baino %35,8 gehiago. Interesen marjinetan 4.624 milioi euro erdietsi ditu, 2022ko zifra %55,2 areagotuz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK