Interes-tasak beste 75 puntu igo ditu Europako Banku Zentralak, %2ra iritsi arte

2009tik mailarik altuenean kokatzen da. Inflazioari aurre egiteko neurri gisa hartu dute erabakia

Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea | Argazkia: Europa Press Christine Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentea | Argazkia: Europa Press

Aurreikuspenak betez, Europako Banku Zentralak beste 75 puntu igo ditu interes-tasak, %2ra iritsi arte. Ondorioz, diruaren prezioa 2009tik egon den mailarik altuenean dago. Azken igoerarekin, hirugarren aldiz jarraian igo ditu interes tipoak: uztailean 50 puntu igo baitzituen, eta irailean beste 75.

Europako Banku Zentraleko Gobernu Kontseiluak jakitera eman duenez, badirudi “moneta politika lehengora itzultzen” ari dela, baina, oraindik ez dute baztertzen interes-tasak beste koxka bat igotzea, harik eta inflazioa %2ra jaitsi arte, gaur gaurkoz “altuegia” delako. Azken igoerarekin Eurogunean inflazioari aurre egitea da helburua.

Christine Lagarde EBZko presidenteak ezkortasunez hitz egin du, litekeena delako 2022ko laugarren hiruhilekoan “ekonomiaren bilakaera are okerragoa izatea”. Energiaren prezioen igoeraren ondorioak direla azaldu du.

EBZren hurrengo batzarra abenduaren 15erako deitu du Gobernu Kontseiluak, eta ezusterik ezean, are gehiago igoko dituzte interes-tasak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK