• FINANTZAK
  • Kutxabankek 163,2 milioi euro irabazi ditu urteko lehen erdian, iaz baino % 30 gehiago

Kutxabankek 163,2 milioi euro irabazi ditu urteko lehen erdian, iaz baino % 30 gehiago

Zerbitzuek, balantzetik kanpoko baliabideek eta aseguruek ohiko negozioak baino ekarpen handiagoa egiten diote bankuaren emaitzari.

Kutxabankeko egoitza nagusia Bilbon. Argazkia: EnpresaBIDEA
Kutxabankeko egoitza nagusia Bilbon. Argazkia: EnpresaBIDEA
2022ko uztailaren 28a - 18:30
Eg. 2022ko uztailaren 29a - 00:45

Anton Arriola durangarra bankuko presidentea izateko proposamena egin duen egun berean aurkeztu ditu Kutxabankek lehen seihilekoko emaitzak. Aurreko urtean baino % 30 gehiago irabazi du aurrezki kutxen bankuak, 163,2 milioi euro. Hazkundea, baina, ez da nahikoa izan pandemia aurreko zifretara heltzeko nahiz eta hurbiltzea lortu duen.

 

Kutxabankek bere emaitzen bilakaera banku-negozioaren oinarrizko sarreretan oinarritu du, hau da, zerbitzuek, kudeatutako aktiboek eta aseguruek sortutako sarreratan, % 9,7 hazi dira. Halere, zerbitzuek, balantzetik kanpoko baliabideek eta aseguruek sortutako diru-sarrerek emaitzen % 53 osatzen dute,  interes-marjinak egiten duen ekarpena baino handiagoa. Hurrengo hilabeteei begira Europako Banku Zentralak abiatutako moneta-politika berriak interes-marjina igoaraztea espero da. Izan ere, litekeena da interes tasek gora egin ahala -uztailean urtebeterako Euriborraren batezbestekoa % 0,99koa izan da-, bankuek etekin handiagoa ateratzea emandako kredituei.

Kutxabankek urteko lehen seihilekoan jarraitu du aseguruen alorretik mozkinak lortzen. Izan ere negozio ildo horrek  89,7 milioi euroko ekarpena egin dio emaitzen kontuari. Aseguru-jarduera guztietan ona izan da seihilekoa, hala nola bizi-aseguruetan % 10eko hazkundea izan du eta % 17koa enpresek kontratatutako arrisku anitzeko aseguruetan.

 

Bilbon egoitza duen bankuak bezeroen baliabideen kudeaketan gora egiten jarraitzen du. Hala, administratutako bezeroen baliabideak 73.248 milioi eurora iritsi dira ekainaren amaieran, eta horrek % 1,5eko aurrerapena esan nahi du aurreko urtearen aldean. Inbertsio funtsei dagokienez, harpidetza garbi gehien izan dituen hirugarren erakundea izaten jarraitu du 1.368 milioi eurorekin, hau da, merkatuan sartu diren harpidetza garbi guztien % 22,5ekin. Ekainean lehen erakundea izatera ere heldu da Kutxabank.

Kredituen alorrean ere hazkundea izan du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako aurrezki kutxek sortutako bankuak. Handizkako bankan ( Erakunde eta Enpresetarako alorrean) % 10,2 hazi da eta norbanakoen bankan ere bilakaera ona izan da, 2.189 milioi euroraino helduz.

Bankuaren emaitzen-kontuari dagokionez, negozioaren muina % 5,6 hazi egin da, 596 milioi euro, batez ere zerbitzuen eta aseguru-jardueraren diru-sarrerek bultzatuta, % 9,7 hazi baitira. Interes Marjina ere hazi egin da eta 280 milioi eurora hurbildu da, aurreko urtea baino % 1,4 gehiago. Horren ondorioz bankuaren marjina gordina 622 milioi eurotik gorakoa izan da, 2021eko lehen seihilekoan baino % 8,4 gehiago. Ustiapen gastuen atala % 2,3 hazi da eta ustiapen marjina 321 milioi eurokoa izan da, iaz baino % 14,9 handiagoa. Zalantzazko aktiboen balizko galerei aurre egiteko bankuak 113,2 milioi euroko hornidurak zuzkitu ditu. Horrela, zalantzazko aktiboen estaldura ratioa % 114,5era hazi da. Taldearen irabazi garbia 163,2 milioi eurokoa izan da, 2021eko garai berean baino % 30 handiagoa.

Kutxabankek kaudimen eta berankortasun ratio onei eutsi die 2022ko lehen seihilekoan. Kaudimena neurtzen duen CET1 ratioa % 17an kokatu da eta berankortasuna oinarrizko 48 puntu hobetu da, % 1,38an kokatuz, finantza-sektore osoko berankortasun-ratiorik onena.

Urteko lehen erdiko emaitzen aurkezpena bankuko administrazio kontseiluak presidente kargurako Anton Arriola durangarra proposatu duen egun berean egin du. Presidente berriak Espainiako Gobernuak finantza erakundeei ezarri nahi dien zerga berria kudeatu beharko du. Izan ere gaur aurkeztu dute bankuen mozkinak zergatzeko proposamen berria.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain