
Sabadell bankuko administrazio kontseiluak BBVAren eskaintza ez dela nahikoa uste du, eta aho batez baztertu du Erosketa Eskaintza Publikoa. Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak (CNMV) orain astebete onartu zuen eragiketa, baina Banc Sabadellek gogoratu du operazioa “oldarkorra” dela eta ez duela "bankuaren akzioen berezko balioa behar bezala jasotzen".
Josepo Oliu buru duen kontseiluak CNMV erakundeari bidali dio gaur goizean dokumentu bat zeinetan Sabadelleko akziodunei gomendatzen dien eragiketa ez onartzea, eskaintza ez delako nahikoa. Akziodunentzat “balioa suntsitzen” duela dio oharrak, eta entitate independente gisa akziodunek diru gehiago irabaziko luketela.
Kontseiluak "konfiantza osoa du Banc Sabadellen hazkunde estrategian eta finantza helburuak betetzeko gaitasunean”, dio oharrak. BBVAren eskaintzak "nabarmen gutxiesten ditu erakundearen proiektua, plan estrategikoa eta entitate bakar gisa hazteko aukerak". Sabadellek 2020ko azaroan eta 2024ko maiatzean BBVAk bat egiteko egin zituen proposamenei uko egin ziela ere gogorarazten du oharrak, eta ordutik, "lehiakideak baino askoz ere burtsa-errebalorizazio handiagoa” izan duela.