Aitak bolada batean aulki elektriko bat ibili behar izan zuen. Askotan ateratzen ginen elkarrekin kalera pasieran eta halako egun batez etxerako bueltarakoan igogailua matxuratuta topatu genuen. Zer egingo, eta 500 metro ingurura zegoen senide baten garajean gorde genuen trastea. Hurrengo egunean, igogailua berriz martxan zenez, aulkia gurasoenera bueltatzea tokatu zitzaidan. Distantzia laburra ez zenez aulkian bertan eserita joatea iruditu zitzaidan aukerarik praktikoena.
Nire harridurarako, hamaika aldiz aitaren alboan ibiliagatik ere, gorputzak eta begiek zuzen-zuzenean jaso zuten oztopo-zerrendak jo eta ma utzi ninduen. A ze ginkana 500 metroan. Halako kolpeak bizi arte ez gara konturatzen gure ingurunea zein diseinatua dagoen gehiengoarentzat, eta ez besteentzat. Ikusezintasuna ez da kasualitatea, sistemak berez egiten du lan ohiko formara egokitzen direnentzat.
Horixe etortzen zait akordura otsailero, Zientziako Emakume eta Nesken Nazioarteko Eguna iritsi ahala. Bada zer ospatua, aurten Emakumeak Zientzian ekimenak 10 urte egina, besteak beste. Baina bada oraindik ere zer aldatua. Nahiz eta munduan emakumeek gizonezkoek baino gehiago parte hartu goi-hezkuntzan, UNESCOren 2025eko datuen arabera ikertzaileen %33 besterik ez dira emakumeak. STEM gradu bat dutenen artean ere %35a bakarrik da emakumea. Lupa gertura ekarririk datuek hobera egiten dute, Europar Batasun osoan zientzialari eta ingeniarien %41 dira emakumeak, eta EAEn I+Gn lanean ari diren pertsonen artean %38 dira emakume eta zientzia arlo batzuetan alde handiagoak daude, fisika kasu %27,9arekin (Eustaten 2020eko datuak).
Ez hartu datuok estatistika hotz modura, baizik errealitatearen ispilu bezala. Gutxiengoan zaudenean —aulki elektriko batean ibiltzeagatik, emakume izateagatik, gorputz desberdin bat izateagatik, beste errealitate batetik etortzeagatik— argi ikusten da sistemak nola funtzionatzen duen: gehiagotik eta gehiagorentzat. Eta sistema horrek ez du zertan gaizki asmoarekin jardun; baina inertzia, ohitura eta botere historikoek hala moldatu dute. Beraz, ezin dugu aldaketa emakumeon gain utzi, ezta gure gainkargen gainean eraiki ere. Ez gara ardura dugun bakarrak. Sistema osasuntsuago batek denoi egiten digu mesede.
Berdintasuna ez da soilik justizia‑kontu bat; baita estrategia ekonomiko bat ere. Sektore zientifiko‑teknologikoek —fisikan eta ezagutza aurreratuko industrietan oinarritutakoek— Europako esportazioen %44 ingurua ordezkatzen dute gaur egun. Etorkizuneko aberastasuna, berrikuntza eta lehiakortasuna ezin dira ziurtatu talentuaren erdia baztertuz. Talentua behar dugu; emakumeak behar ditugu, ez soilik berdintasunagatik, baizik eta maila ekonomiko eta teknologikoak mantendu eta hobetzeko.
Gainera, zientzia hobe batek ekonomia hobea eta ongizate handiagoa sortzen ditu. Eta hobea izateko ikuspegi gehiago jaso behar ditu, anitzagoa behar du izan eta baita bidezkoagoa ere. Erronka konplexuen aurrean begirada ezberdinetatik lortuko ditugu soluzio eraginkorrenak.
Ezin ahaztu zientzia bera ez dela neutroa. Historikoki, gizonen gorputza eta esperientzia hartu dira eredutzat, eta horrek ondorio larriak ditu oraindik ere: diagnostiko medikoak ez dira beti egokiak emakumeentzat; segurtasun neurri batzuk ez dira gure gorputzera moldatuak; ikerketa‑eredu askok ez dute kontuan hartzen gure fisiologia ezta gure jokamoldea ere. Ez da nahikoa emakume gehiago egotea zientzian; beharrezkoa da emakumearentzat ere egindako zientzia izatea.
Horregatik da garrantzitsua STEM arloetan egiten den lanaren inpaktu soziala argi azaltzea. Neskek, gazte guztien modura, ez dute nahi inork esan diezaien zer ikasi. Eta hala izan behar du. Baina aukera guztiak ikusgarri egin behar dira benetan askatasunez erabaki dezaten. Erreferenteak erakutsi, ibilbide posibleak azaldu, lan horien inpaktu sozial eta ekonomikoa bistaratu. Horrek lagunduko die askatasunez aukera egiten.
Aldaketa hau ez da indibidualki egingo. Egunero eta leku oro hitz egin behar dugu honetaz, eta komunitate gisa, ez norbanako modura. Berdintasunak ez duelako bakarrik emakumeen bizitza hobetzen; gizarte osoarena baizik. Zientzia gehiago izango da gizarte hobe baten oinarri: bidezkoagoa, jasangarriagoa eta berritzaileagoa.
Emakumeak zientzian, bai. Emakumearentzat zientzia, ezinbestean. Eta bion aldeko lana, denon kontua.