Bihar hasiko da, otsailaren 3an, Emakumeak Zientzian ekimenaren edizio berria. "Marea bizia gara” lelopean, 34 euskal erakundek elkarlanean antolatu dute aurtengo programa. Otsailaren 3tik 11ra bitartean, 70 jarduera baino gehiago egingo dira EAE osoan, zientzia bidezkoago eta irekiago baten aldeko mezua zabaltzeko. Ekimenaren amaiera otsailaren 11n izango da, Donostiako Aquariumean egingo den jai-ekitaldi batekin, non etorkizunerako ildoak jasoko dituen manifestu edo ekintza-plan bat aurkeztuko duten.
Egitarauko ekitaldi nagusietako bat Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak topaketa izango da. Bertan, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ikerketa-zentroetan lanean ari diren bost emakume zientzialarik parte hartuko dute, beren ibilbidea eta eguneroko lana modu ulergarrian azaltzeko. Horrez gain, bakoitzak iraganeko emakume zientzialari bati omenaldia egingo dio, urte luzez itzalpean egon diren ekarpenak gogora ekarrita.
Ekimenak hamar urte bete ditu aurten, eta urteurren berezi honetan, egindako bidea ospatzeaz gain, etorkizunari begirako gogoeta ere sustatu nahi du. Antolatzaileen ustez, aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ere badira desberdintasunak zientziaren esparruan, eta horiek aztertzea ezinbestekoa da.