Errezeta berririk inflazioaren aurrean?

Fakultatean ikasten hasi nintzenean, 1980ko hamarkadaren erdialdean, inflazioa eta langabezia ziren herrialde garatuen ekonomiek pairatu behar zituzten mehatxu nagusiak. Aurreko hamarkadan sortutako krisiaren ondorioak luzeki nabarmentzen ziren oraindik, industriaren berregituratze politika krudel baten kolpeak jasaten ari zen herrialde batean.

Biei batera aurre egitea erronka gaindiezina zirudien, eta garaiko politika ekonomiaren zuzendariek bere konfiantza osoa jarrita zuten Chicagoko unibertsitatetik abiatutako teoria monetaristen gomendiotan: inflazioak zuen lehentasuna eta, beraz, interes tasak igo behar ziren, familia eta enpresei kreditua murriztuz. Inflazioa kontrolatzeko nahitaezkoa zen soldatak ez haztea, prezioak-soldatak-prezioak espiralak ez elikatzeko. Klase ertainei eta langileeisakrifizioak eskatzen zitzaizkien, derrigorrezko oreka makroekonomikoaren mesederako: enplegua sortuko zuen hazkunde ekonomiko osasuntsu baten oinarrientzat prezioen egonkortasuna derrigorrezkoa zen.

Ondoren, euroak prezioen egonkortasun garai bat ekarri zigun. Hori bai, euroaren trantsizioan emandako borobiltze tranpati haiek onartuta: kafe ebaki bat 100 pezeta balio izatetik euro bat kostatzea pasa zen, hilabete gutxi batzuetan. 2008ko krisi finantzarioak ahaztuta genuen deflazioaren mamua berpiztu zuen, eta Ukraniako gerrak berriro inflazio kontrolaezin baten bufadak zabaldu ditu Europan zehar.

Pandemiak irekitako zauriak oraindik irekiak daudelarik, bazirudien energia eta lehengaien prezioen igoerak zanpatuko zituela enpresen balantzeak, ekonomia berriro dardarka utziz. Baina errealitate ekonomikoak beste ezusteko bat opa zigun: Espainiako Bankuaren Balantzeen Zentralak iragarritako datuen arabera, 2022an espainiar enpresek bere emaitzak %91,3 hobetu zituzten, batik bat enpresa energetikoak bultzatuta.

Beraz, soldatak ez dira, aurrekoetan bezala, inflazioaren motorraren errekinak, enpresa marjinak baizik, Europako Banku Zentrala berak bere ikusmiran jarri dituelarik —inork ez luke esango erakunde hori zelula marxista-leninistek aspaldian infiltratutakoa denik—. Sektore batzuk, pandemia garaian pairatutako galerak konpentsatu nahi dituzte, diote EBZetik. Eta energiaren prezioaren igoeraren eraginaren zurrunbiloa aprobetxatu dute, ez bakarrik bere kostuen igoera islatzeko, bere mozkinen tarta zatia ere handitzeko. Beraz, prezio-soldatak-prezioak katea prezioak-mozkinak-prezioak sugean bihurtu da. Ikusi beharrekoak. EBZko zuzendari orokorrak “moderazioa” eskatzen zien eragile guztiei, enpresari zein sindikatuei. Soldatapekoen aldetik oraindik presio leunak izan dira, baina langileen eta bere ordezkarien pazientziak mugak dituzte, Frantzian ematen ari diren istiluak lekuko.

Horrelako egoera batean, moneta politika ortodoxoak ba al du zentzurik? Nola behartu ezohiko mozkin horiek murriztea? Nola gelditu prezioen hazkunde azeleratu hori? Gobernuen eskuhartzea eskatu da... eta praktikan jarri ere (energia prezioen “salbuespen” iberikoa, adibidez). Dirudienez, merkatu sakrosantuen esleipena ez da hain eraginkorra, ez sozialki , ez ekonomikoki. Ekonomia fakultateetan erakusten da merkatuak askotan inperfektuak direla, eta hainbat merkatuetan emandako kontzentrazio prozesuak (gobernuak onartuta) konpetentzia zeharo argaldu dute, enpresa handien kontuak loditu izan diren neurrian. Beste merkatu batzuetan, bitartekari gutxi batzuen kontrolak, lehiaren eraginkortasuna murriztu ere egin du. Beraz, interes tasei baino, agian konpetentziari jarri beharko litzaioke arreta gehiago. Kontsumitzaile eta enpresa txikien mesederako.

Informazio gehiago
Prezioen tximeleta hegan ari da
Inflazioa %3,3ra jaitsi da
Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK