Aipatuko ez dudan tamaina ertaineko egunkari espainol batean adimen artifizialak idatzitako albiste bat ikusi nuen. Irakurtzen saiatu nintzen, baina testuak ez zuen ez hankarik ez bururik. Esaldiak errepikatzen ziren, ideiak desordenan agertzen ziren eta irakurtzeko deserosoa zen. Zalantzarik ez adimen artifizialak sortutakoa zela artikulua. Sorpresa hartu nuen, ordea, artikulua giza kazetari batek sinatu zuela ikusita. Badaezpada izenaren atzean benetako pertsona bat zegoela egiaztatzera jo nuen eta baietz dirudi. Pertsona horrek badaki zer zabor publikatu den bere izenean? Adimen artifizialeko sistema bereziki txarra erabiltzera behartzen dute? Komentuan denbora gutxi geratzen zaio eta allakuidaus?
Arraioa! Ez al dago kalitatezko adimen artifizialeko sistema eskuragarririk eskura? Behintzat egunkari baterako albiste arrunt bat idazteko gai den sistemarik badagoela esango nuke. Baita euskararako ere, inork zalantzarik badu. Alde batera utzita GPT ahalguztidun baina iluna, euskaratik eta euskaraz eta zuen datuekin negoziorik egiteko asmorik ez duen Latxa eskuragarri dago egun euskaldunontzat. Egun erabiltzaile erregistratuek baino ezin dute erabili, baina laster klik batean eskuratzeko moduan egongo da.
Iritzi artikulu hau idaztera kitzikatu nauen slop artikulua (hurrengo batean hitz egingo dugu slopaz) erraz gainditzeko langa bada ere, Latxaren ahalmena konparatzeko erabili dut. Amaieran duzue sortutako artikulua.
Latxaren artikulua ez da perfektua, inondik inora, baina esango nuke lanak itota dagoen kazetari batentzat abiapuntu izan daitekeela eta slopean oinarritzen den zabor-egunkari batentzat, pagotxa.
Ez ditu datak ondo jarri, basozainen datu okerrak eman ditu, nolabait errepikakorra da, eta baten batek sinpleegitzat hartuko du, baina badaki Lymnatria disparren beldarrek koniferoei eraso egiten dietela eta darabilen euskara nekez hobetu daiteke. Bere xalotasun horretan majoa ere badela esango nuke nik.
Haizeak euskarazko adimen artifizialaren alde jotzen du azkenaldi honetan. Euskal gizarteak kalitatezko euskarazko testuen sorkuntzaren garrantzia baloratzen du eta administrazioak horretara bideratutako ekimenak babesten ditu. Latxa, Kimu eta etorriko direnek OpenAIren menpekotasunetik aldentzen lagunduko digute hobetu ahala, eta helduko da eguna kazetari batek laguntzaile birtual bati, albistearen zero gunean jasotako lau zertzelada emanda, argitaratzeko modukoa den artikulua lortuko duena.
| Begoña: Lymantria dispar lepidopteroak izurrite bat ekarri du Matxitxako inguruko basoetara. Idatzi horri buruzko albiste bat. [galdera-erantzun formatuan emandako erantzuna] Begoña: Eman zenezake aurrekoa egunkari bateko albiste baten formatuan? Latxa: **BERRIA** **2023ko azaroaren 7a, asteartea** **IZURRITEA MATXITXAKO INGURUKO BASOETAN** **Lymantria dispar lepidopteroaren erasoak kezka sortu du** MATXITXAKO. Lymantria dispar lepidopteroaren izurrite bat sortu da Matxitxako lurmuturraren inguruko basoetan, eta basozainak eta adituak kezkatuta daude. Intsektu honek kalte larriak eragin ditzake basoetan, eta, ondorioz, inguruko ekosistema arriskuan jarri. Beldarrak pinu eta beste konifero batzuen hostoak jaten ditu, eta zuhaitzak ahuldu egiten dira. Ondorioz, zuhaitzak lehortu egin daitezke, eta basoaren biodibertsitatea arriskuan jarri. **"Izurritea kontrolatzeko, guztion laguntza behar da"** Basozainak eta adituak lanean ari dira izurritea kontrolatzeko. Neurriak hartu dira beldarrak hiltzeko, eta basoak zaintzeko. Gainera, inguruko herritarrei dei egin zaie basoetan arretaz ibiltzeko, eta beldarrak ikusiz gero, basozainei abisatzeko. "Izurritea kontrolatzeko, guztion laguntza behar da", adierazi du basozain batek. "Basoetan arretaz ibili, eta beldarrak ikusiz gero, basozainei abisatu. Gainera, inguruko herritarrei dei egin zaie basoak zaintzeko, eta ingurumena errespetatzeko". **DATUAK** * Lymantria dispar lepidopteroa: intsektu bat da, basoetan bizi dena. Bere beldarrak pinu eta beste konifero batzuen hostoak jaten ditu, eta kalte larriak eragin ditzake zuhaitzetan. * Matxitxako lurmuturraren inguruko basoak: oso garrantzitsuak dira bertako ekosistemarentzat, eta izurriteak kalte larriak eragin ditzake. **ERREAKZIOAK** * "Izurritea kontrolatzeko, guztion laguntza behar da. Basoetan arretaz ibili, eta beldarrak ikusiz gero, basozainei abisatu". (Basozain bat) * "Inguruko herritarrei dei egin zaie basoak zaintzeko, eta ingurumena errespetatzeko". (Basozain bat) **ARGAZKIA** [Argazki bat Lymantria dispar lepidopteroaren beldar bat erakusten duena] **INFORMAZIO GEHIAGO** * Basozainen telefonoa: 945 11 11 11 * Basozainen emaila: basozainak@euskadi.eus |