Etxeko asteko garbiketaren gure partea egin bitartean Doctor Deseo jarri, eta gogoz geniharduen seme gaztea eta biok garrasika kantuan, lanbasa hara eta hona, La chica del batzoki. Kantua bukatutakoan, semeak, 23, galdetzen du: ama, zer da pololos de encaje?. Tak, pentsatu nuen, musika transmititu da, baina hitzak ez dira zeharo ulertzen, belaunaldien arteko transmisioaren arrakala; pololos de encaje ulertzen da gure belaunaldian, semearenean, ez.
Anekdota etorri zitzaidan gogora egunkari honetan bertan gerora gehien irakurritako albisteen artean sartu ziren bi albiste ikusterakoan, biak girlanda batean bezala, lotuta datozenak, eta belaunaldien arteko arrakalaren erakusgarri direnak. Lehena, bi abokatu emakume gazteri egindako elkarrizketa, non titularra zen “laguntzarik gabe, zaila ikusten dut gazteak abokatutzan hastea”. Bigarrena, Gipuzkoako Abokatuen Elkargoko idazkariaren hitzetatik abiatutako albistea, ezagutzen dudan errealitate profesional baten berri ematen zuena: abokatuak gero eta gutxiago eta helduagoak gara.
Zer transmititu die lanbide honek gazteei? Abokatu gazte biek elkarrizketan ziotenez, “graduko irakasleren batek esan zigun abokatutzan ez sartzeko. Eta masterrean ere, jakinda gainera abokatu izateko dela, entzun izan dugu hobe genuela lana beste nonbait bilatu”. “Abokatutzako masterra hamar kidek egin genuen. Autonomo moduan uste dut bi gaudela eta gainontzekoak enpresa, administrazio edo Big Four horietako batean”.
Transmititu dena honakoa da: oztopoak lana bilatzeko eta zailtasuna lehen urteetan bizimodua ateratzeko. Gehitu horri unibertsitatetik ateratzen den edozein ikaslek daukan lanerako ezjakintasun orokorra, abokatu autonomoen kasuan bere kabuz eta adorez gainditu behar dena.
Lehen mailan 900 ikasle matrikulatuta geunden unibertsitate masifikatuko kumeok, gaur egun gero eta helduagoak eta urriagoak garen abokatuok, izan genituen zailtasunak, bakoitzak berea eta norberak ahal moduan gainditu (edo ez) izan zuena, askotan neke handiz. 30 urte pasa dira harrezkero, ez alferrik, eta gizarteak, unibertsitateak eta abokatu elkargoek ez dugu asmatu gazteei leku duin bat egiten profesio honetara ilusioz gertura daitezen.
Ez da jakin izan transmititzen etengabeko formazioa ez dela oztopo-lasterketa bat, norbere lanaren jakintzarako lanabes itzel bat baizik. Autonomo izateak osasun ona eskatzen duela, baina mesede ere badela enpresa baten morrontzan ez egotea. Norberak bere lana garatu dezakeela, ez dagoela bi lan berdinik eta beraz lana errepikakorra bihurtzeko arriskurik. Pertsonak direla lanaren bitartekoak eta helburuak, eta ez produktuen salmenta, eta horrek, aje asko, baina baita ere poztasun asko ekartzen dituela.
Gizartean, baina, gehiago baloratzen dira administrazioko enplegu seguruak, ondo ordainduak eta lasaiagoak. Abokatutzako masterretan irakasleok gai izan beharko genuke lan honekiko atxikimendua eta, batez ere, ezagutza gutxienezko bat irakasteko (keinutxo bat hemen masterrean izan ditudan ikasle talde zoragarri horiei). Eta abokatuen elkargoetan, egiten diren formazio saio ugariez gain, mentoretza gutxieneko bat ere eskertuko lukete, ziur asko, abokatu gazteek.
Modu honetan gai ginateke abokatu gazteei profesioaren musika eta hitzak ondo transmititzeko. Gero beraiek egingo dute bidea euren gustuko musikarekin.