Izarkom Eskolako Nortasun digitala eta zibersergurtasuna atalean hitz egiteko gonbita jaso berritan hasi naiz igarle lanetan, mintzagai izango ditugun gaiak aurreikusi nahian. Berehala irudikatu dut galderetako bat, egiteke dagoenari eta egin beharko genukeenari buruzko galdera: zer dago egiteke, eta zein urrats eman beharko genituzke? Nola ez da, bada, galdera pertinentea izango, euskal ingurune digitalean dena badago egiteko!
Galdera horrek badu zerbait euskaldunok munduari begiratzeko dugun modutik. Badira, ostera, kultura bezainbeste teknika errealitatea marrazteko. Badira egindako apurra handiki eta dir-dir egiten duen bilgarriz saltzen dutenak, edota pentsatu barik ekiten diotenak. Guk, berriz, badugu joera hori, kezkak plazaratzekoa.
Eta, bai, datorren saio honetan ere, halabeharrez, hitz egingo dugu euskal ingurune digitalaren hutsuneez, erreferenteen faltak, ezinbestean, eragiten baitio nortasunari. Dakigunez, azken lau urteetan euskal azpiegitura digitalek aktore gakoak galdu dituzte, eta azpiegitura eta zerbitzu garrantzitsuak deslokalizatu egin dira: Euskaltelen salerosketa, Internet-zerbitzuen hornitzaileen alorrean; eta ADW, Hostinet eta Guebsen salerosketa zerbitzari eta domeinuen sektorean, esate baterako.
Halere, ez gara hutsetik abiatzen. Nolakoa litzateke, adibidez, euskal ingurune digitala .EUS domeinurik gabe? .EUS da euskaldunon espresio digitala, marka eta nortasuna, bereizten gaituena. Baina izenak beste, edo gehiago, bereizten du izanak; irabazi asmorik gabeko egitasmo komunitarioa da, gizarte digital hobea eraikitzeko lan egiten duena: euskaratik kohesionatuz, segurtasuna bermatuz eta inklusioa sustatuz.
Enpresa baten ardura, hizkuntza, jasangarritasuna, tokiko ekonomian duen eragina, erabiltzaileenganako errespetua, segurtasuna edota zerbitzua, azken batean, ez dira luxu osagarriak; gure identitate digitala eraikitzen duten oinarrizko ezaugarriak dira. Nortasun digitala eta segurtasuna ez dira pasahitz eta erabiltzaile-izen sorta bat: gure balioak, gure praktika teknologikoak eta gure komunitate digitalarekin dugun konfiantza-sarea dira.
Hala, azken urteotan, zorionez, azpiegitura eta tresna digitalen arloan ere loratu dira zerbitzu publikoa eman asmo duten komunitate-proiektuak; gertu eta guretik eraikitako egitasmoak, datuen kontrola, pribatutasuna eta burujabetza digitala gorpuzten duten urrats txiki bezain handiak, pertsonen alde, eta korrontearen kontra.
Korrontearen indarraz, Julen Orbegozok —Izarkom Eskolako aurreko gonbidatuak— atari honetan bertan azaldu zuen nola Big Techek gure portaerak moldatzeko eta interpretatzeko gaitasuna duten. Lehenengo gonbidatu Usuek Morik, gainera, ohartarazi zigun azken urteetan adimen artifizialaren inguruan sortu diren negozio izugarri askoren atzean normalean ez dagoela lehentasunik jendarte osoaren onurarako. Deskribatutako testuinguru hori aintzat hartuta, egiteke eta egiteko izugarri dagoen honetan, euskal komunitate digitalak egindakoa ez da gutxi; eta ematen dugun urrats oro da urre.
Artikulu honek Izarkom Eskolan jorratuko den hurrengo gaia du oinarri, eta eskola hori emango duen Lorea Arakistain PuntuEUSeko Komunikazio arduradunak idatzi du. EnpresaBIDEAren eta Izarkomen arteko lankidetzaren emaitza da.