• IRITZIA
  • ZaborrAA baino okerragoa izango da errealitateAA
Hizkuntzaren prozesamenduan doktoretza-ondoko ikertzailea HiTZ zentroan

ZaborrAA baino okerragoa izango da errealitateAA

2025eko abenduaren 10a
Sin título

Uste nuen kalitate baxuko Interneteko edukia arriskutsua izango zela, baina eduki artifizial errealegiak beldur handiagoa ematen dit.

 

Aurrekoan AI sloparen kontua aurrerago landuko genuela esan genuen. Itzulinguru gehiagorik eman gabe, heldu da unea. AI slop delakoa adimen artifizial bidez egindako eduki digitala da, gehien bat, kalitate baxukoa denean edo intentzio argirik gabe egin denean. Adimen artifizial bidez egindako zaborra da. ZaborrAA deituko diot. Ikusi duzue inoiz hiru oinetan Nike zapatila urdinak daramatzan marrazo bat? Adibide hoberik ezingo nuke aurkitu. Duela urtebete inguru sortu zen lehen zaborrAA eta gaur egun behar baino leku gehiagotatik zabaltzen da.

Nik ezin ditut jasan AAk sortutako albisteak, zaborrAAri ez diot inoiz graziarik antzeman eta ahots robotikoz narratutako bideoek buruko mina jartzen didate, baina badirudi jende batentzat aisialdirako edo informaziorako baleko produktuak direla. Niretzat oztopo dira, ekaitzaren ostean itsaso zikinean bainua hartzean hankan itsasten zaizun plastikozko poltsa bezala. Jendeak, nahita edo behartuta, kontsumitzen dituenez, ordea, ez dut uste desagertuko direnik.

 

Azken aste hauetan, ordea, zaborrAAri buruzko zutabean zaborrAAk Internet pikutara bidaliko zuela idazteko asmoa buruan egosten nuen bitartean, are arerio okerragoa agertu zaigula jakin dut. Googlen Nano Banana Pro AA bidezko irudi sortzaileak osoki argazki arrunt baten itxura duten irudiak sortzeko gai omen da. Ez dugu dagoeneko errealitatea eta fikzioa bereizteko aukerarik izango, horrelako irudiak era masiboan sortuko badira.

Argazki editore paregabeak izan dira beti, errealitatea ziruditen fikziozko istorioak idatzi izan dira, baina denbora eta lana behar zen engainatuko zuen artefaktua sortzeko. Egun, aldiz, ezer gutxi behar da errealitate faltsuak eraikitzeko. Nork bere buruari ezartzen dizkion traba etikoak baino ez ditugu izango errealitatearen eta engainuaren artean, eta ez dakit zenbateko traba etikoak dituen goizero autobusa nire geltokian hartzen duenak.

AEBtako gidoilariak arduratuta agertu dira Netflixek WarnerBros erosi duelako, baina kontua da laster edonork sortu ahal izango duela nahi duena. Fikzioari lekua hartuko diona bada, gaitz erdi. Nire aldetik, eskerrak ez naizela OnlyFansen ogibidea bilatzen saiatu, benetakotasuna baino ez nuen eskaintzeko eta hori ere gainbeheran doa dagoeneko.