• JASANGARRITASUNA
  • Aritz Gartzia (Ekomodo): "Jasangarritasuna balio erantsia da, ez produktua aukeratzeko arrazoi bat"

Aritz Gartzia (Ekomodo): "Jasangarritasuna balio erantsia da, ez produktua aukeratzeko arrazoi bat"

Ekomodok material birziklatuak erabiltzen ditu ingurumen-inpaktua murrizten duten diseinuzko produktu jasangarriak sortzeko

Aritz Gartzia | Argazkia: utzitakoa
Aritz Gartzia | Argazkia: utzitakoa
Iraitz Urkulo (EnpresaBIDEA) ok(1)
Itzultzailea eta komunikazio-teknikaria
2026ko azaroaren 17a - 05:30

Ekomodo 2017an jaiotako enpresa gipuzkoarra da, jasangarritasuna helburu eta, aldi berean, negozioaren oinarria duena. Birziklatutako plastiko, oihal eta egurra erabiliz, diru-zorroak, motxilak, fundak eta diseinuzko beste osagarri batzuk ekoizten dituzte, baita enpresa handietarako merchandising produktu pertsonalizatuak ere. 

 

Haien filosofiak ekonomia zirkularra, tokiko ekoizpena eta gizarte inklusioa konbinatzen ditu eta, funtzionaltasunari eta estetikari uko egin gabe, ingurumen-inpaktua murriztu daitekeela erakusten du. Aritz Gartzia Segurola Ekomodoren CEO eta sortzaileetako bat da, eta haren berrikuntzaren eta ekodiseinuaren aldeko apustuak Enpresari Gaztearen Sari Nazionala irabaztera eraman zuen 2021ean, Jasangarritasunaren eta Gizarte Konpromisoaren kategorian.

Behar zaitugu!

Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.

Ekomodoren negozio-ereduak jasangarritasuna eta bideragarritasun ekonomikoa uztartzen ditu. Zein dira proiektuaren printzipio nagusiak?

 

Proiektua martxan jarri genuenean, bazkideon jasangarritasunarekiko konpromisoa, sinesmena eta grina izan ziren abiapuntu. Argi genuen materialak eta baliabideak finituak direla eta gizartean geroz eta hondakin gehiago sortzen ditugula. Horren aurrean, ekonomia zirkularra sustatu, produktu jasangarriak garatu eta kontsumitzeko zein ekoizteko beste modu bat posible zela erakutsi nahi genuen. Motibazio eta ilusio handiz ekin genion bide horri.

Material jasangarriez egindako motxilak, fundak, botilak eta merchandising korporatiboa ekoizten duzue. Zer negozio lerrok du hazkunde potentzial handiagoa?

Hasieran, kontsumitzaile partikularrei zuzendutako proiektu gisa sortu genuen Ekomodo. Denborarekin, ordea, B2C merkatua oso zaila zela konturatu ginen, eta aldi berean, enpresak gure produktuak beren logotipoekin pertsonalizatzeko eskatzen hasi ziren. Eskaera horiek balio erantsi handiagoa dute bezero horientzat, eta bolumen handiagoa ematen digute guri. Pixkanaka, merchandising korporatiboaren aldera bideratu genuen negozioa, eta gaur egun horixe da gure jarduera nagusia eta hazkunde potentzial handiena duen lerroa.

Birziklatutako materialak erabiltzen dituzue diseinuzko osagarriak sortzeko. Nola lortzen duzue, kalitate eta diseinuari dagokienez, produktu tradizionalekin lehiatzea?

Gure produktuak garatzerakoan hainbat irizpide hartzen ditugu kontuan: diseinua, materialen aukeraketa, produktuaren iraunkortasuna, estetika, pertsonalizazio aukerak, prezioa eta ekoizpen bolumena. Irizpide horien guztien arteko oreka bilatzea da gure erronka nagusia. Izan ere, produktu bat birziklatutako materialekin egina izateak ez du nahikoa izan behar; gainerako ezaugarrietan ere lehiakorra izan behar du. Gure helburua jasangarritasuna balio erantsi bat izatea da, eta ez produktua aukeratzeko arrazoi bakarra.

"Produktu bat birziklatutako materialez egina izatea ez da nahikoa; gainerako ezaugarrietan ere lehiakorra izan behar du"

Ezinbestekoa da, beraz, zuen produktuak errentagarriak eta lehiakorrak izatea, baina ingurumenarekiko eta gizartearekiko konpromisoari uko egin gabe.

Produktu bat diseinatzerakoan, hasieratik hartzen ditugu kontuan irizpide ekonomikoak, ingurumenekoak eta sozialak. Non eta nola ekoizten den, zer material erabiltzen diren eta merkatuan lehiakorra izango den aztertzen dugu. Izan ere, produktu bat ez bada saltzen, ez dugula asmatu esan nahi du, material jasangarriekin eginda egon arren. Oreka hori bilatzea ezinbestekoa da guretzat. Egia da merkatu batzuetan jasangarritasuna beste batzuetan baino gehiago baloratzen dela, eta hori gero eta argiago ikusten ari gara nazioarteko merkatuetan.

Ekomodon tokiko ekoizpen tailerren eta lan inklusioaren alde egiten duzue. Nola neurtzen dituzue zuen ingurumen-inpaktua eta inpaktu soziala?

Ez da erraza inpaktua neurtzea, batez ere jasangarritasuna gure eguneroko lanaren parte denean eta normaltzat hartzen dugunean. Hala ere, lankidetzan aritzen garen tailer sozialen kopurua, erabiltzen ditugun material birziklatuak, hornitzaile sarea eta merkaturatutako produktuak aztertzen ditugu. Gure erabakietan epe luzerako ikuspegia lehenesten dugu, produktu eta ekoizpen-eredu iraunkorrak bilatuz. Izan ere, uste dugu inpakturik handiena gure produktuek merkatuan benetako tokia lortzen dutenean sortzen dela, bai arlo sozialean, bai ingurumenean, baita ekonomian ere. Produktu bat gehiago produzitzen badugu, haren atzean dagoen katean eragina du.

Atzerriko salmentak zuen fakturazioaren %10 dira jada. Baduzue nazioarteko hedapenerako estrategia zehatzik?

Ekomodo markarentzat hazkunde potentzial handiagoa ikusten dugu nazioarteko merkatuetan, Estatuan bertan baino. Gure estrategia herrialde bakoitzean bi banatzaile estrategikorekin lankidetza sendoak ezartzea da, haiek izan daitezen gure produktuak merkaturatzeko kanal nagusiak. Dagoeneko baditugu hainbat lankidetza martxan, eta nazioarteko azoketan parte hartuz sarea zabaltzen jarraitu nahi dugu. Gure helburua epe luzerako harremanak eraikitzea eta merkatu bakoitzean pixkanaka sendotzea da.

"Prezioak pisu handia du oraindik erosketa-erabakietan, eta horrek zuzenean eragiten dio produktu jasangarrien lehiakortasunari"

Ekintzailetza programetan parte hartu duzue, baita produktu jasangarriak ekoizteko dirulaguntzak jaso ere. Bultzada hori funtsezkoa izan da?

Bai, zalantzarik gabe. Oso gazte hasi ginen bide honetan; nire kasuan, 22 urterekin. Hasierako urteetan laguntza horiek oxigenoa, konfiantza, babesa eta indarra eman dizkigute, batez ere merkatua eta bezeroak ezagutzeko, akatsak egiteko eta negozio-eredua egokitzeko denbora behar genuenean. Ezin dizkiet hitz gutxitan eskerrak eman bidean lagundu diguten erakunde guztiei. Gaur egun, gure jarduerak sortzen dituen baliabideekin finantzatzen dugu gure hazkundea.

Europako Ingurumen Saria jaso zenuten 2020an, eta Kutxa Fundazioa Saria 2023an, beste askoren artean. Zer eragin izan dute sariek zuen ikusgarritasunean eta negozio-aukeretan?

Sariek gure proiektuaren posizionamenduan eta sinesgarritasunean lagundu digute, kanpora begira aitortza eta konfiantza ematen duten zigilu garrantzitsuak izan baitira. Baina, egia esan, eraginik handiena barrura begira izan dute. Gure lanean eta egiten ari garen bidean sinesteko indarra eman digute, batez ere zalantzak sortzen diren momentuetan. Nolabait, bidea argitzen eta norabide egokian goazela sentitzen lagundu digute.

Ekonomia zirkularrak ekoizpen, kontsumo eta hondakinen kudeaketa mailako aldaketak eskatzen ditu. Zer baldintza dira beharrezkoak zuena bezalako proiektuek merkatuan pisu handiagoa izan dezaten?

Oraindik bide luzea dugu egiteko. Prezioak pisu handia du oraindik erosketa-erabakietan, eta horrek zuzenean eragiten dio produktu jasangarrien lehiakortasunari. Ekonomia zirkularraren aldeko apustu sendoagoa eta determinazio handiagoa behar ditugu, baina ez alde bakar batetik. Enpresek, kontsumitzaileek eta erakunde publikoek norabide berean egin behar dute aurrera. Guztion konpromisorik gabe, erdibidean jarraituko dugu.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain