• JASANGARRITASUNA
  • Denis Ugalde:"Helburua ez da ahalik eta elikagai gehien jasotzea, soberakin gutxiago sortzea baizik"

Denis Ugalde:"Helburua ez da ahalik eta elikagai gehien jasotzea, soberakin gutxiago sortzea baizik"

Denis Ugalde Orekaren sortzailea eta CEOa da, enpresen elikagai-soberakinak jaso eta tokiko gizarte-erakundeei dohaintzan eman arteko prozesu osoaz arduratzen den 'start-up' bizkaitarra

Denis Ugalde | Argazkia: utzitakoa
Denis Ugalde | Argazkia: utzitakoa
Iraitz Urkulo (EnpresaBIDEA) ok(1)
Itzultzailea eta komunikazio-teknikaria
2026ko uztailaren 26a - 05:30

Denis Ugaldek 2020an sortu zuen Oreka Circular Economy, pandemia garaian. Elikagai-soberakin kopuru handiak botatzen zituzten enpresei irtenbide bat eskaini zien: janari hori behar zuten gizarte-erakundeei dohaintzan ematea.

 

Harrezkero, janaria jasotzeaz gain, dohaintzarako hartzaile egokia aukeratzen, logistika koordinatzen eta elikagaien segurtasuna bermatzen dute. Enpresentzako abantailak, gainera, ez dira soilik legea betetzera eta gizarte-erantzukizuneko ekintza bat egitera mugatzen; Orekaren txostenei esker, enpresek janari kopuruak hobeto kudeatu, soberakinak eta haiei lotutako kostuak murriztu eta zerga gutxiago ordain ditzakete. 

Egitasmoaren arrakasta dela-eta, urte gutxian, Bilbo mailako proiektua zena Espainiako estatu osora hedatu da, hainbeste non prozesu osoa digitalizatzen duen plataforma teknologiko bat sortu baitute enpresen eskaera handiari erantzun bateratua emateko.

 

Oreka Circular Economyk irauli egin ditu elikagai soberakinen donazioak. Nola bururatu zitzaizun?

Oreka 2020an sortu genuen, oso ideia sinple batetik abiatuta. Alde batetik, egunero egoera onean zeuden elikagai asko botatzen ziren, eta, bestetik, elikagai horiek behar zituzten gizarte-erakundeak zeuden. Arazoa ez zen borondate falta, bien arteko koordinazioa baizik. Enpresek dohaintzan eman nahi zuten, baina ez zekiten nori deitu, bilketak nola antolatu edo elikagaien segurtasuna eta trazabilitatea nola bermatu. Oreka prozesu hori guztia errazteko sortu zen, teknologia, logistika eta kalitate-kontrola sistema bakar batean bateratuz.

Hain arazo larria da janari soberakinena? Baduzu gaur egungo estatistikarik?

Bai, arazoa oso handia da. Europar Batasunean urtean 58 milioi tona elikagai baino gehiago xahutzen dira; hau da, gutxi gorabehera 130 kilo biztanleko. Aldi berean, ia 42 milioi pertsonak ezin dute kalitatezko otordu bat ordaindu bi egunean behin. Espainian, 2024an, etxe barruan eta etxetik kanpo 1.125 milioi kilo edo litro elikagai eta edari baino gehiago xahutu ziren. Datuak hobera doaz, baina kopuruak izugarria izaten jarraitzen du. Gainera, ez dugu elikagaia bakarrik botatzen: hura ekoizteko erabilitako ura, energia, lurzorua, lana eta dirua ere alferrik galtzen ditugu.

"Elikagaia botatzean, hura ekoizteko erabilitako ura, energia, lurzorua, lana eta dirua ere alferrik galtzen ditugu"

Nola da posible enpresak ordaintzeko prest egotea janari soberakinak emateko?

Enpresek ez dute elikagaiak emateagatik ordaintzen; hori posible egiteko behar den zerbitzuagatik ordaintzen dute. Janaria jasotzeaz gain, gizarte-erakunde egokia bilatzen dugu, logistika koordinatzen dugu, elikagaien segurtasuna kontrolatzen dugu eta dohaintza bakoitzaren trazabilitatea eta dokumentazioa sortzen ditugu. Enpresentzat, gainera, ez da soilik gizarte-erantzukizuneko ekintza bat. Hondakinak eta horiei lotutako kostuak murrizten dituzte, legea betetzen dute, inpaktu soziala eta ingurumenekoa neurtzen dituzte eta zerga-abantailak lor ditzakete. Azkenean, kostu bat baino gehiago, balioa eta aurrezkia sortzen dituen zerbitzua da.

Zelako enpresak edo negozioak dira zuen bezero? Zein dira haien beharrak?

Batez ere, elikagai-soberakinak modu errepikarian sortzen dituzten enpresekin egiten dugu lan: supermerkatuak, kolektibitateetako jantokiak, ikastetxeak, ospitaleak, egoitzak, hotelak, enpresetako jantokiak eta ekitaldiak. Beharrak desberdinak dira. Supermerkatu batek ehunka dendatan dohaintzak modu homogeneoan kudeatu behar ditu. Jantoki edo egoitza batean, aldiz, prestatutako janaria segurtasunez hoztu, kontserbatu eta entregatu behar da. Gure lana kasu bakoitzerako sistema erraz eta eskalagarria sortzea da, zentro bakoitzak bere eguneroko jardunean konplikaziorik gabe aplikatu ahal izateko.

Argazkia: utzitakoa
Argazkia: utzitakoa

Nork jasotzen du janari hori guztia?

Elikagaiak tokiko gizarte-erakundeek jasotzen dituzte: jangela sozialek, elikagai-bankuek, familiei laguntzen dieten elkarteek eta egoera zaurgarrian dauden pertsonekin lan egiten duten fundazio eta GKE-ek. Estatu osoan 400 gizarte-erakunde baino gehiagoko sarea dugu. Baina ez dugu edozein erakunderekin lan egiten. Haien instalazioak, biltegiratze-gaitasuna, hotz-katea eta elikagaiak benetan banatzeko duten ahalmena egiaztatzen ditugu.

Nola sustatzen duzue zuen bezeroek elikagai soberakinak eta haiei lotutako gastuak murriztea?

Gure helburua ez da betiko ahalik eta elikagai gehien dohaintzan ematea; epe luzera soberakin gutxiago sortzea baizik. Horretarako, zentro bakoitzean zer elikagai, zer kantitate eta zergatik geratzen den soberan neurtzen dugu. Datu horiekin, erosketak, ekoizpena, menuak, anoak edo stockaren kudeaketa egokitu daitezke. Gainera, zentroen eta denboraldien arteko konparazioak egiten ditugu, arazoa non dagoen identifikatzeko. Horrela, dohaintza azken irtenbide gisa kudeatzeaz gain, soberakina jatorrian murrizteko erabakiak hartzen laguntzen dugu.

"Janari-dohaintza azken irtenbide gisa kudeatzeaz gain, enpresei arazoa non dagoen identifikatzen laguntzen diegu, soberakina jatorrian murrizteko erabakiak har ditzaten"

Zer bilakaera izan du Oreka Circular Economyk?

Oreka Bilbon sortu zen tokiko proiektu gisa, baina gaur egun Estatu osoan lan egiten dugu. 500 zentro emaile aktibo baino gehiago ditugu, hilero 5.000 zerbitzu baino gehiago koordinatzen ditugu eta 400 gizarte-erakunde baino gehiagoko sarearekin egiten dugu lan. Tokiko dohaintza batzuk antolatzen hasi ginen, eta, pixkanaka, prozesu osoa digitalizatzen duen plataforma teknologiko bat sortu dugu. Teknologiari esker, konponbidea eskalatu, ehunka zentro aldi berean koordinatu eta askoz inpaktu handiagoa sortu ahal izan dugu, betiere trazabilitatea, elikagaien segurtasuna eta tokiko erakundeekiko harremana mantenduz.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain