IN2destination: turismoa ahotan, jasangarritasuna helburu

IN2destinationek turismo eskaintza eta eskariaren birmoldaketa beharrezkoa dela uste du jasangarritasunaren aldeko apustua egiteko. Horretarako, filosofia argia dute proiektu turistikoak gauzatzeko unean

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Turismo jasangarri eta inklusiboa helburu, IN2destination enpresak aholkularitza zein ikerketa zerbitzuak eskaintzen ditu hainbat herrialdeetan. Erronka ugari dituen sektore batean murgilduta, biztanleria lokalaren ongizatea zein kasuan kasuko lurralde naturalak zaintzeko eta errespetatzeko filosofia duen egitasmoa da, mundu mailako izaera duena. Estatistika zein neurketa datuekin gauzatzen dituzte hainbat proiektu turistiko. Enpresaren CEO eta sortzailea den Nagore Uresandi doktoreak darama IN2destination.

Lau emakumek osatutako erakunde honek turismoaren inguruko datu mordoak aztertzeko, ulertzeko eta ezagutarazteko lana eskaintzen die hainbat bezeroei. “Mundu mailan ez daude aditu asko turismoaren inguruko neurketa profesionala egiten duenik, eta horixe bera gara gu, turismo neurketan adituak”, dio Uresandik. Berez, “nazioartean” jaio zirela dio, lehen proiektua Ekialdeko Timor herrialdean egin zutelako 2016an. “Turismoaren Mundu Erakundea gurekin kontaktuan jarri zen turismoaren neurketa arloan formatzeko herrialdea”.

Nagore Uresandi: "Mundu mailan ez daude aditu asko turismoaren inguruko neurketa profesionala egiten duenik, eta horixe bera gara gu, turismo neurketan adituak”

Turismo jasangarria ahotan, IN2destination egitasmoaren bezero gehienak administrazio publikoko entitateak izan ohi dira, analisi handiko neurketak eskatzen dituztenak. “Normalean, turismoaren eraginak aztertzeko jakinmina administrazio publikotik dator, horiek direlako herrialde bateko aldaketak aztertu nahi dituztenak”, nabarmendu du adituak. Entitate publikoek “inbertsio” hori egiten dutela azaldu du Uresandik, ostera esku pribatuei informazio guztia helarazteko. “Askotan, zonalde jakin bateko enpresa pribatuak enpresa txiki edo ertainak izaten dira, eta horiek ez dute ahalmenik halako ikerketak gauzatzeko”.

Bere “espazioa” lortu duen enpresa direla mahaigaineratu du, turismo jasangarriaren komunitatean neurketa zerbitzu horretan espezializatu direlako. Izatez, mundu mailako turismo komunitate jasangarri horen barnean, analisirako hainbat diziplina daudela dio, baina taldeak turismo datuen neurketa horretan bere bidea egitea lortu du. Proiektu turistikoetan lan egitean hiru helburu nagusi dituzte: “estrategiak lantzea, neurketak egitea eta aztertutako zonaldeko enpresak babestea”.

Datuen erabilera

Ikerketa zein aholkularitza zerbitzuak kontratatzeko unean, bezeroek haien lurraldeko turismo datuen azterketa bat eskatu ohi diote IN2destination enpresari. Esaterako, turisten kopurua zonaldeetan edota batez besteko egonaldiak. Aldiz, horiek aztertzeko arazoak izan ohi dituzte enpresariaren esanetan. Bezero batzuek turismo “behatoki” handiak dituztela dio, hau da, datu mordoa jasotzeko ahalmena dutela. Beste batzuetan, berriz, oso datu gutxi izaten dituzte, eta horiek handitzeko eta zabaltzeko eskatzen diote euskal enpresari.

Uresandi, hitzaldi baten | Argazkia: NECSTouR
Uresandi, hitzaldi baten | Argazkia: NECSTouR

Kasua gorabehera, zonalde bakoitzeko enpresen analisia egitea funtsezkoa dela uste dute, eta, analisi horretan, enpresen helburuak betearazteko aholkularitza eman nahi dute. Hori bai, betiere “orekarekin”, sektore turistikoak hainbat erronka dituelako. Enpresen errentagarritasuna zein osasun ona sustatzeaz gain, biztanleriaren ongizatea mantendu zein lurralde naturala errespetatu behar dute. Dikotomia konplexua, askotan.

Enpresen errentagarritasuna zein osasun ona sustatzeaz gain, biztanleriaren ongizatea mantendu zein lurralde naturala errespetatu behar dute. Dikotomia konplexua, askotan

Arazo korapilotsuei aurre egiten diote horrela IN2destinationen. Adituaren esanetan, krisi klimatikoaren aurkako erantzunak sortzen joatea da turismo jasangarri baten gidalerroa. “Krisiaren aurka egiteko, argi dago turismo arloko enplegua murriztu egiten dela, dakarren langabezia kostuekin”, argitu du. Egoera honetan, hainbat herrialde laguntzeko “aukera” dagoela ikusi dute. Bestela esanda, turismo jasangarri eta inklusibo baten aldeko apustua egiten dutenei lagundu nahi diete.

Filosofia argia

Krisi klimatikoaren aurkako borrokan murgildurik, IN2destinationek filosofia argi baten baitan jarduten du: “Ez da ohikoena, baina oraindik ezetz esaten diegu bezero potentzialei haien proiektuek ez dutelako errespetatzen euren zonaldeetako jasangarritasuna”. Sektore pribatua horretaz oso konbentzitua dagoela azpimarratu du, nahiz eta oraindik kasu bereziak egon. Hala ere, biztanleria beraren kontzientziazioari garrantzia eman nahi dio: “Askotan, lurralde naturalen erabilera gaiztoa egiten dituztenak bisitariak edota biztanleria lokala bera izaten da”.

Informazio gehiago Helmuga: opor jasangarriak! Aisialdiaren eta ongizatearen paradigma berri baterantz nabigatuz

Ildo horri jarraiki, etorkizunera begira turismoaren eskaria eta eskaintza birmoldatzea beharrezkoa dela uste du enpresariak, jada gertatzen ari den auzia dena haren aburuz. “Eskaintza aspalditik aldatzen ari da, enpresa turistikoek pertsonekin modu jasangarri batean konektatzeko beharra ikusi eta hortan inbertitu dutelako”. Enpresentzat jarduera jasangarriak izatea “errentagarria” dela dio, bai arlo ekonomikoan, bai sozialean. Ez da horrela gertatzen, hala ere, eskarian.

“Ez da ohikoena, baina oraindik ezetz esaten diegu bezero potentzialei haien proiektuek ez dituztelako errespetatzen lurralde naturalak”

“Egoera klimatikoaren aldeko saltoa ematen ari ez dena eskaria da”. Hau da, turistak zein, batzuetan, biztanleria lokala ere. “Errespetuzko jarrera izaten dugu etxeko inguruan gaudenean; zergatik ez kanpora goazenean?”, galdetu du Uresandik. Arlo horretan, "benetazko" turismo jasangarri baten aldeko aurrerapausoak ikusteko eskariaren aldaketa behar dela azpimarratu du, oso astiro ematen ari dena. “Turismo jasangarri eta inklusiboa lortzeko hainbat modu daude, baina bidea egiteko eskariaren eta eskaintzaren birmoldaketa behar dugu”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK