Iaz Txinak ia 35 milioi auto merkaturatu zituen, eta horietatik %48 auto elektrikoak izan ziren. Europak eta AEBk saldutakoak, aldiz, ez ziren 30 milioi unitatera iritsi. “Txina ez da soilik lehen merkatua, bigarren eta hirugarren merkatuaren salmentak ere nabarmen gainditzen ditu”. Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Industria kontseilariak Mubil Mobility Expo azokan emandako datu eta hitzak dira horiek. “Merkatu indartsuenak bultzatzen du aldaketa, eta merkatu hori Txina da. Honekin esan nahi dudana da mugikortasun elektrikoranzko aldaketa geldiezina dela”, gehitu zuen.
Mubil Mobility Expo Irungo Ficoban abiatu zen atzo eta gaur amaituko da. Mubilek eta Ficobak antolatuta, mugikortasun elektriko eta adimendunari loturiko enpresa, erakunde, eragile eta aditu ugari elkartu ditu bertan. Irujo izan da horietako bat, zeinak Nafarroak mugikortasun elektrikoaren alde egin duen apustua nabarmendu zuen azokako solasaldi batean: “Gure lurraldeetan hainbat enpresek egin dute elektrikoaren aldeko apustua. Nafarroan, Volkswagenen kasua dugu. Aurten bi auto elektrikoren modeloak hasiko da ekoizten”.
Halaber, Irujok gogoratu zuen Nafarroa aitzindaria izan dela auto elektrikoa erosteko laguntzak eskaintzen, 2018an hasi baitziren kenkari fiskalak ematen ibilgailu elektrikoa erosterakoan. “Ez dago formula magikorik. Laguntzak, fiskalitatea eta arintasuna besterik ez dira behar”.
Ibilgailu eta azpiegitura elektrikoak "eskutik"
Industria mugitzen duen energia: azpiegitura eta mugikortasun elektrikoaren aro berria izeneko mahai inguruan parte hartu zuen Irujok, eta berarekin izan ziren mugikortasun elektrikoan diharduten hainbat enpresetako ordezkariak. Ibilgailuez harago, mugikortasun elektriko eta adimendunerako bidean, karga puntuen eta azpiegituren garrantzia nabarmendu zuten.
Eduardo Segura Jema Energy konpainiako kontu kudeatzaileak azaldu zuen merkatuek energia biltegiratzeko azpiegituretan geroz eta potentzia gehiago eskatzen dutela. Jema Energyk potentzia altuko energia biltegiratzen duen sistemak egiten ditu, eta besteak beste, ibilgailu elektrikoen kargadoreak eta bestelako azpiegiturak diseinatzen ditu.
Iaz Txinak ia 35 milioi auto merkaturatu zituen, eta horietatik %48 auto elektrikoak izan ziren. Europak eta AEBk saldutakoak, aldiz, ez ziren 30 milioi unitatera iritsi
Joel Martin Chargecloud España SLko kudeatzaileak uste du ibilgailu elektrikoak eta azpiegiturak "eskutik" joan behar dutela. Hein horretan, Espainiako Gobernuak abiatu asmo duen Auto+ laguntza programak soilik ibilgailuei bideratutako laguntzak jasotzen dituela ohartarazi du. “Despiste bat izan dela pentsatu nahi dugu eta azpiegiturei bideratutako laguntzak ere gehitzea espero dugu”, esan zuen David Garcia-Pardo Veltiumeko zuzendariak.
Veltiumek ibilgailu elektrikoen bateriak kargatzeko soluzioak eskaintzen ditu, eta Garcia-pardoren hitzetan, ibilgailuak kargatzeko azpiegiturek “onura gehigarriak” ekartzen dizkiote sektoreari, sareei eta energiari dagokionez.
Ibilgailu handien zama
Kamioiek, autobusek eta tamaina handiko bestelako ibilgailuek ere badute zeresana mugikortasun adimendun eta elektrikoaren munduan. Oscar Iparragirre Iparbus taldeko Operazio eta Zerbitzuetako buruak nabarmendu zuen gaur-gaurkoz autobus elektrikoak hiriguneetan erabiltzen direla eta etorkizunera begirako erronka hirien arteko bidaiak egiteko ibilgailuetan egongo dela. Egun, bidaia luzeak egiteko, 600 kilometrotik gorakoak, esaterako, erregai bidezko ibilgailuak erabiltzen dira oraindik. “Baterian iraupena handitzea lortu behar dugu bidai luzeagoak egin ahal izateko”, gogoratu zuen.
Iparbuseko ordezkariak, halaber, aitortu du hiriko autobusak elektrikoak izateak euren mantenu lana murriztea ekarri duela. Gauzak horrela, ziur da etorkizunean aldiriko ibilgailu guztiak elektrikoak izango direla, eta ahalegin handia egin beharko dutela hiriguneetatik kanpoko autobusak ere elektrikoak izateko.

Geroz eta flota korporatibo elektriko gehiago
Ba al dago egun merkatuan nahikoa ezagutza enpresen mugikortasun beharrei erantzuteko? Bada Mubil Mobility Expon parte hartu zuten adituen aburuz bai. Joel Martinek Marokoren adibidea jarri zuen. Izan ere, Afrika iparraldeko herrialdea oso merkatu garrantzitsua bilakatu da automozioaren munduan, eta besteak beste, Europatik jaso duen bultzadari esker lortu du posizio hori.
Martinek ere azpimarratu zuen Espainian automozio alorreko berrikuntza hub bat ere sortzen ari dela, eta Volkswagenez gain, Opel, Citroen eta bestelako auto enpresa handiek ere azpiegiturak jarri eta inbertsioak egin dituztela herrialdean.
David Garcia-Pardo (Veltium): “Hurrengo urteetan flota korporatibo guztiak elektrikoak izango dira”
Veltiumeko ordezkariak iritzi dio geroz eta enpresa gehiago ari direla elektrifikazioaren alde egiten, nahiz eta aitortu duen mugikortasun elektrikoa ez dela neurri berean txertatu konpainia guztietan. Etorkizunera begira, ordea, ziur da: “hurrengo urteetan flota korporatibo guztiak elektrikoak izango dira”.
Hemendik urtebetera zer?
Mugikortasun elektrikoaren merkatua ziztu bizian doa aurrera, Txinak ezarritako erritmo itolarrian. Merkatuak eskaera berriak egiten ditu etengabe, eta horietako bat da bateriak kargatzeko geroz eta azkarragoak diren azpiegiturak sortzea. David Alvarez Phoenix Contact konpainiako ordezkariak uste du hori izango dela hurrengo urteko erronka nagusia. “Deloitteren estudio batek dio ibilgailu elektrikoa erosterako garaian faktore garrantzitsuena ibilgailua kargatzeko azkartasuna dela”, gogoratu zuen.
Hein horretan, zera gehitu zuen Arturo Perez de Lucia Aedive ibilgailu elektrikoa garatzeko Espainiako elkarteko zuzendari nagusiak: “mugikortasun elektrikoari eskatzen diogu konbustiozko autoari eskatzen ez dioguna. Nik neurtu dut eta gasolina botatzen zortzi bat minutu behar ditu pertsona batek batez beste”.
Bukatzeko, zera gehitu zuen Martinek: “auto elektrikoa ez dago Ormuzeko itsasartearen menpe. Teilatu bat izatearekin nahikoa du”.