Euskal bizikleten rankinga edo tortilla patataren negozioa: 2023a goxatu dizuten 8 artikulu

Euskarazko lan-osteak, pailazogintza, arimen gaua edo padelak ere badute ekonomiarekin lotura zuzena

Muntaia: EnpresaBIDEA Muntaia: EnpresaBIDEA

Noizbait pentsatu duzu euskal bizikleta ekoizleetatik zein ote den gehien fakturatzen duena? Pentsatu duzu noizbait nolakoa izan daitekeen baserri baten ardura izatea? Ba al zenekien lan-ostea euskaraz egin dutela Iparralden? Inflazioak, euriborrak eta interes tasak ekonomia orriak hartzen dituzten bitartean, sarritan ahaztu ohi dugu gure aisialdiak ere sortzen duela jarduera ekonomikoa. Askorentzat atseden hartzeko eta gozatzeko izango diren egun hauetan, hementxe aisialdiari loturik EnpresaBIDEAko irakurleek gehien irakurri dituzuen 8 artikuluak.

1. Euskal bizikleta marken rankinga fakturazioaren arabera

Euskal Herrian txirrindularitzarekiko dugun tradizioa ez da soilik islatzen errepideak eta haien ertzak txirrindulari eta zaletuz betetzean. Garraiobidea bera sortzen ere aditu izateak erakusten du nolabait lurraldeak bizikletarekiko izan duen grina. Nazioartean aski ezagunak diren zenbait bizikleta marka Euskal Herrian sortuak dira, Orbea edo BH, esaterako. Gustuen eta beharren arabera, bakoitzak nahiago izango du marka bat edo beste. Zer diote, ordea, fakturazio zifrek? Zenbat fakturatzen dute bizikletak egiten dituzten euskal ekoizleek? Hona hemen Joanes Marquetek egindako rankinga.

2. Ongi etorri Zuzitza baserrira

Urtero-urtero Enba Euskal Nekazarien Batasunak Ongi etorri baserrira! izeneko egitasmoa antolatzen du, baserrietan egiten den lana ezagutarazteko eta gerturatzeko asmoz. Aurtengo edizioan parte hartu duen baserrietako bat izan da Zuzitza. Amezketa eta Alegia (Gipuzkoa) artean kokatua, abeltzaintza da euren jarduera. Artola anai-arrebak gurasoek egindako lanari eusten diote, eta baserriko hirugarren belaunaldia dira. "Edozein animalia leku itxi batean hazi edo kanpoan hazi sekulako diferentzia dago. Hemen jolasteko eta mugitzeko lekua dute, lokatzez zikintzen dira, basora joateko aukera dute eta pozik bizi dira", dio Ainhoa Artolak.

3. Aitor Albizua: “Ekimenak balio lezake Iparraldeko profesional euskaldunen harremanak sustatzeko"

Ipar Euskal Herrian afterwork delakoak ohikoak izanik ere, ez zen euskarazko lan-osterik existitzen. Bai Euskarari Elkarteak antolaturiko egitasmo baten elkartu ziren SEIGOS enpresako Isaak Elduaien, Mamia Kolektiboko Pierre Bastres eta Albizua ingeniaritzako Aitor Albizua, eta gabezia aukera bilakatu zuten, euskarazko lehen lan-ostekoa sortuz, lanetik lekora izenburupean. "Nire kasuan, behintzat, lortu dut euskaraz lan egitea Ipar Euskal Herrian. Sektorearen arabera, adibidez, errazagoa da. Gero kostaldera joanda, gauzak zaildu egiten dira", dio Albizuak.

4. Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx': "Sudur gorritik edozein gai landu daitekeela uste dugu"

Ekonomia akaso gai "helduagotzat" jotzen dugu, astunagoa edo sakonagoa suerta dakiguke eta. Aitzitik, gure egunerokoan etengabe azaltzen den gaia da, gizartean pisuzko garrantzia duena, eta zergatik ez, barre eta algara artean ere azaldu daitekeena. Hala erakutsi du Joxe Mari Agirretxe Porrotxek duela aste gutxi eginiko elkarrizketan. "Haurrei begira hitz egin beharko bagenu ekonomiaz, hasi beharko genuke modu xume batean hitz egiten gure arteko harremanez", aldarrikatu du. "Guk abestia badugu: eman eta jaso, jaso eta eman, elkartasuna da hori, eman eta jaso, jaso eta eman, ba al dago ederragorik?".

5. Patata-tortillaren negozioa sutan

Patata-tortillaren jatorriari buruzko hamaika teoria izanik ere, ezin daiteke uka egun inoiz baino gehiago kontsumitzen dela jakia, eta badira Euskal Herrian horretan espezializatu diren zenbait negozio. Benis Food Elaborados Naturales enpresa nafarrak, esaterako, egunean 220.000 patata-tortilla ekoizten ditu Funes herriko lantegian eta hamar urte baino gehiago dira Mercadona supermerkatuari saltzen dizkiola. Etxera eramateko sektorean aukera ikusi duenik ere bada, adibidez, Bilboko Amatxi Tortillas: "Bost minutuero tortilla bat egiteko ekoizpen gaitasuna dugu. Produktu bakarrean espezializatua egoteak abantaila konpetitibo bat ematen digu”.

6. Arimen gauaren zifra 'ikaragarriak' mundu mailan (eta Gau Beltzaren erronka)

Hildakoak oroitzeko egun zein gauek, tradizioz, indarra izan ohi dute. Baina Arimen Gauak eta Hildakoen Egunak milioika dolar eta peso mexikar mugitzen ditu urtero. Izan ere, kasu ezagunenak dira AEBko Halloweenena, edo Mexikoko Hildakoen Eguna: 2023an 11.300 milioiko gastua aurreikusten zen lehenengoan, eta 1.500 milioiko ekarpena bigarrenean. Euskal Herrian, berriz, tradizioari bueltan eman eta jasangarritasuna, tokikotasuna, bizikidetza, euskara eta halako beste zenbait balio dituen Gau Beltza sustatu nahian dabiltza, Halloweenek ere bere pisua badu ere.

7. Padela ere negozio bilakatu da

Urteak dira padela geurera iritsi zenetik, baina momentu oparoa bizi du kirolak: Global Padel Report txostenaren arabera, 2022an, 8.200 padel pista eraiki dira mundu osoan eta 1.914 elkarte berri sortu dira. Orain gutxi arte, Espainian eta Hego Amerikan jokatzen zen soilik, baina egun mundu osoan hedatzen ari da. 2026rako 6.000 milioi euroko negozio bolumena izango duela aurreikusten da, eta inbertsio funtsak ere sartu dira negozioan. “Arrakasta handia du kirolak, oso soziala baita, lau pertsonek jokatzen dute elkarrekin. Edozein maila eta adinarekin jokatu daiteke eta kirol segurua da", dio Jorge Peñin Euskal Padel Federazioko presidenteak.

8. Garestia al da bizikletan ibiltzea?

Ba al zenekien AMBE Espainiako Bizikleten eta Marken Elkartearen arabera, 2022an, Espainian, ia %14 igo zenbizikleten azken salmenta prezioa? Hori gutxi balitz, oso ohikoa izaten omen da 1.200 euroko bizikleta erosi eta sei hilabetera bizikleta hobe bat eskuratu nahi izatea. Baina zehazki, zenbat gastatzen du bizikleta kirol gisa izan nahi duen norbaitek? Eta hobetu nahi duen norbaitek? Bizikleta ez delako aintzat hartu beharreko osagai bakarra; ekipazioa ere horren baitan sartzen da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK